“Euskadi hobetzen jarraitzeko” botoa eskatu du EAJ-PNVk “amaiera zoriontsurik ez dakarten abenturen aurrean”, hala nola Lopezena Ajuria Enean, Marotorena Gasteizen edo Bildurena Gipuzkoan

Eibarren, Imanol Pradales Lehendakarigaiak, Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak eta EBBren presidente Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVren “boto baliagarriaren beharra” aldarrikatu dute “ zalantza, ziurgabetasun eta ezegonkortasunez betetako egoerei” aurre egiteko: “Igandean erabakiko da Euskadi zeinek gobernatuko duen: EAJ-PNVk gobernatzea nahi duenak, EAJ-PNV bozkatu behar du”, esan du Pradalesek

“Euskadi hobetzen jarraitzeko” botoa eskatu du EAJ-PNVk “amaiera zoriontsurik ez dakarten abenturen aurrean”, hala nola Lopezena Ajuria Enean, Marotorena Gasteizen edo Bildurena Gipuzkoan 15Apirilak
ApirilaK 15 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Gauza batzuk daude hobetu ahal direnak, eta hobetu egingo ditugu, baina Herri ona daukagu eta bizi-kalitate ona dugu gure alde. Azterketa soziologiko guztiek azpimarratzen dute hori. Baina, ematen du halako indar politiko bat dagoela hau dena auzitan jartzen duena ,inkestei kasu eginez gero. Ziurgabetasun hori desegiteko, onena da hautesle guztiei planteamendu argi bat egitea, bereziki zalantzan daudenei: daukazuna baloratzen baduzu, lortutakoa bermatu nahi baduzu, Euskadin beti egin dugun bezala aurrera egiten eta hobetzen jarraitu nahi baduzu, daukagun gobernu-formula ona iruditzen bazaizu, zein da hori lortzeko boto baliagarria? Erantzuna argia da: hori guztia bermatzen dizun botoa EAJren aldeko botoa da, Imanol Pradalesi emandakoa. EAJ-PNVk gobernatzea nahi baduzu, bozkatzera joan behar duzu... eta EAJ-PNV bozkatu behar duzu. Daukaguna eta EAJk agintzen duena ehuneko ehunean bermatzeko modu bakarra EAJ-PNV bozkatzea da. Beste edozein aukerak zalantza-, ziurgabetasun- eta ezegonkortasun-egoerak baino ez ditu irekitzen. Amaiera zoriontsurik gabeko abenturak. Gogoratzen al duzue Patxi Lopezen Gobernua? Gogoratzen duzue Bilduren gobernua, hemen Gipuzkoan edo Donostian? Gogoratzen duzue Marotoren gobernua Gasteizen?.... Abenturak ezagutu ditugu eta denak gaizki amaitu ziren .Jarrai dezagun bide honetatik, jarrai dezagun Herri gisa aurrera egiten. Jarrai dezagun hobetzen, bai, hobetu ahal delako.  Gauza batzuk daude hobetu ahal direnak eta hobetu egingo ditugu”. Hauxe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarren ahotik EAJ-PNVk euskal gizarte osoari luzatu dion mezua, baina bereziki oraindik botoa erabaki gabe dutenei edo bozkatzeko erabakia ere hartu gabe dutenei, talde jeltzaleak gaur arratsaldean Eibarko Untzaga Plazan egin duen mitinean.

Imanol Pradales EAJ-PNVren Lehendakarigaiak dei egin die hauteskunde hauetan botoa erabaki gabe duten herritarrei, adieraziz apirilaren 21ean “herri honen gobernagarritasuna dagoela jokoan. Igandera ahalik eta indar gehienarekin iritsi behar gara arazoak ekiditeko. Kontua ez da nork irabaziko dituen hauteskundeak, baizik eta nork kudeatuko dituen Ertzaintza, gure Osasun Sistema, Hezkuntza, etxebizitza politika edota ekonomia, enplegu eta industria politika”. Imanol Pradalesek baieztatu du “bi aukera daudela igande honetan:  herri honen aurrerabidearen alde lan egin duen EAJ-PNV, edo beti pankartaren atzean eta liskarrean ibili den EH Bildu; Euskadiren, gure Autogobernuaren eta gure erakundeen aldeko apustu sendoa egin dugunok edo etengabe gurpiletan makilak jartzen ibili direnak”.

Imanol Pradales Lehendakarigaiak konfiantza botoa eskatu die herritarrei, eta adierazi du “partida erabat irekia dagoela”. Ezin da ezer egintzat eman. Horren aurrean, galdera jaurti die oraindik zalantzan dauden boto-emaileei: “EAJrekin, Euskadik hobera edo okerrera egin du? EAJrekin, gure bizi-kalitateak hobera edo txarrera egin du? Zer ekarpen egin dio EH Bilduk euskal ekonomiari, gure segurtasunari, enplegua sortzeari edo ahulenen babesari? Zer ekarpen egin dio EH Bilduk Euskadiren autogobernuari eta ongizateari? Bi aukera baino ez daude... EH Bildu edo EAJ. Eta aukeratu behar dugu.”, baieztatu du. Imanol Pradalesek ziurtatu du Euskadiren bizi kalitate maila altua dela, eta EAJren jokabidea aldarrikatu du Euskadiren ongizate maila hori lortzeko, eta adierazi du “Euskadi Herri handia dela eta euskalduna izateaz harro” dagoela.

Gipuzkoako zerrendaburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak azpimarratu du hauteskunde hauetan “PNVren eredu abertzale, demokratiko eta justuarekin jarraitzea edo eredu inposatzailearen hautua egitearen artean” aukeratu behar dela. Legebiltzarreko presidente izaten jarraitzeko hautagaiaren ustez, "batzuen eta besteen politika egiteko moduaren arteko alde handia da: batzuok herriarekin erabakitzen dugu, besteek herriaren izenean erabakitzen duten bitartean". Horren ildotik, azpimarratu du "elkarrizketak eta akordioak lortzeko gaitasunak" definitzen dutela EAJren jarduna. Tejeriak EAJren politika egiteko modu hori beste alderdi batzuenarekin kontrajarri du. “Kanpainan, denek hitz egiten dute akordioez eta elkarlaneko gobernantzaz, baina errealitatea oso bestelakoa da: batzuek beti ezezkoan egon dira, beti kontra”, ohartarazi du, ezker abertzaleari erreferentzia eginez. “Garrantzitsua da datorren igandean PNVri bozkatzea, guztiontzat eta guztiekin gobernatzen jarrai dezagun, guztion onerako politika egiten, euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzen, herri honek politikoki eta sozialki aurrera jarrai dezan”, ondorioztatu du.

Andoni Ortuzar EEBren presidenteak Eibarko industriak eman dituen asmakizun ugariak parekatu ditu  (grapagailua, zorrozkailua, klipak, zulagailuak eta kortxo-kentzekoak, azken belaunaldiko bizikleta eta motozikletetaraino, josteko makinak barne) igandeko hauteskundeekin. "Hemengo asmakizun guzti-guztiak zerbaitek definitzen baditu, hori da beren erabilgarritasuna,  beren baliagarritasuna. Ez dira apaingarriak. Denak dira baliagarriak, zerbaitetarako balio dute, jendearen lanean edo bizitzan laguntzen dute. Izan ere, botoak  ere erabilgarria izan behar du, ez apaingarria: baliagarria. Botoak ere zerbaitetarako balio behar du, jendeari ere lagundu behar dio. Eta hemen, hilaren 21ean, gobernatzeko botorik baliagarriena EAJri emandako botoa da. Mezu hori helarazi behar diegu oraindik zalantzan daudenei. Benetako boto baliagarria Euskadiren etorkizunerako, Euskadin gobernu ona izan dezagun, EAJren aldeko botoa da”, ziurtatu du. “Oraindik zalantzan dauden euskal herritarrei eskatzen diegu botoa horretarako: hobetzeko, hazteko eta aurrera egiteko. Botoa eman edo ez, edo botoa nori eman erabaki gabe duenari mezu hau helarazten badiogu, ziur nago kasu egingo digula, ziur nago nahiago duela aurrera egin,  amaiera zoriontsurik ekarriko ez duen  abenturetan sartzen ibili barik.  Esperimentua baino, nahiago izango du boto baliagarria. Baietzaren botoa: Bai Euskadiri, Bai ongizatean  biziko garen etorkizunari, Bai lanpostu gehiago eta hobeak izateari, Bai osasun zerbitzurik onenari, Bai etxebizitza eta soldata duina izango duen gazteriari, Bai zainketa sistemarik onenari, Bai kale seguruei, Bai autogobernu sendoari”, amaitu du.

Interesatu Zaitez