EAJ-PNV eta PSE-EEren ordezkaritzak ordubetez batzartu dira gaur goizean Sabin Etxean
Iragan apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ondoren, EAJ-PNVren eta PSE-EEren ordezkariak Sabin Etxean batzartu dira gaur goizean, Eusko Jaurlaritza sendoa eratzera zuzendutako negoziaketak abiarazteko lehen saioan. Alderdi biek helburu hori bete nahi dute asmo handiko programa bat eginez, zeinak Legebiltzarrean lortu nahi den babes zabalarekin egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea ekarriko baititu Euskadi osoarentzat, herritarrok erabakimenez eta arrakastaz heldu diezaiegun datozen urteotan izango ditugun erronka guztiei. Zentzu horretan, EAJ-PNVk nabarmendu nahi du gaur egin den lehen saioan nagusitu den elkarlanezko giro ona, bai eta alderdi bietako ordezkariek erakutsi duten borondatea ere euskal erakundeak zentzuzko epe barruan eratzera begira, kontuan izanik helburu hori lortzera eramango gaituzten elkarrizketak, neurri handi batean, hauteskunde garaian egitea egokituko zaigula. Jeltzaleen aldetik, topaketan parte hartu dute EBBren Presidente Andoni Ortuzarrek, Imanol Pradales Lehendakarigaiak, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eta Antolakuntza gaietarako burukide arduradun Joseba Aurrekoetxeak. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, Begoña Gilek eta Miguel Ángel Moralesek osatu dute sozialisten ordezkaritza.
EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako ordezkariek Euskadiko eta inguruko lurraldeetako egoera politikoa aztertu dute. Analisi horrek alderdi biak eramaten gaitu zentzuzko epe barruan Eusko Jaurlaritza eta euskal erakunde sendoak eratu behar direla ulertzera, Euskadik hemendik aurrera izango dituen erronkei erabakimenez eta eraginkortasunez hel diezaiegun.
Lehen topaketa honetan, ordezkaritza bien ardura nagusia izan da prozesuaren lehen faseari erreparatzea, Eusko Legebiltzarraren barne organoak eratzeko lanei heldu behar zaiela, alegia. EAJ-PNV eta PSE-EEren borondatea da Mahaia eratzeko bilkura eta Bateraezintasunen osokoa Europako Parlamenturako hauteskunde kanpaina hasi baino lehen egitea, hau da, maiatzaren 23a baino lehen. Zentzu honetan, EAJ-PNVren asmoa da bere Taldeko legebiltzarkideen akreditazioak datorren astelehenean aurkeztea, maiatzaren 6an.
Gaur egin den lehen saio honetan ez zaio heldu negoziaketa prozesuaren bigarren aldiari. Bigarren fase honetan, lehenik eta behin, Gobernu programa jorratuko da eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren egituraketa bera. Alderdi bien helburua da elkarrizketa hauek garatu ahal izatea halako lanek behar duten diskrezioarekin.