Madrilen emakumeen ahotsa izango dela hitzeman du Vaquerok, berdintasuna defendatzeko eta atzera-egiteak saihesteko: "Gure eskubideak ez dira negoziatzen"

A25 honetan, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko asmoz emakume jeltzaleek egin duten ekitaldian, Gipuzkoako hautagaiak “Euskadi askea” defendatu du “Euskadi feminista, berdintasuna oinarri izango duena eta inor atzean utziko ez duena”

Madrilen emakumeen ahotsa izango dela hitzeman du Vaquerok, berdintasuna defendatzeko eta atzera-egiteak saihesteko: 25Azaroak
2026
2026 AzaroaK 25 |
Kongresua

“Emakumeen berdintasuna erakunde guztietan defendatzen dugu. Atzera egiteko arrisku argia dago, PP eta Vox-en garaipena antzeman daitekeelako. Eta, horregatik pentsatu behar da hauteskundeen osteko egunean eta Euskadiko emakumeen ahotsa nor izango ote den. EAJ-PNVn argi daukagu emakumeen eskubideak ez direla negoziatzen", adierazi du Maribel Vaquero Gipuzkoako hautagaiak EAJ-PNVko emakumeekin gaur egin den topaketan. “Gure artean. Filtrorik ez" podcasta egin dute gaur, azaroak 25, Donostian, emakumeen eskubideei buruz hausnartzeko.

Hauteskunde giroan erabat murgilduta gaudela eta oraindik botoa erabaki gabe dutenen multzoan emakumeak nagusitzen direla gogoan, botoa emateko orduan “Euskadi buruan” egin dezatela eskatu die Vaquerok, eta argi jakinda "EAJ-PNVk Euskadi defendatzen duela, baina ez edozein Euskadi: Euskadi askea, feminista, berdintasunean oinarritua eta inor atzean uzten ez duena".

Hautagai jeltzaleak podcast-ean parte hartu du, Bizkaiko Kongresurako hautagai Idoia Sagastizabalekin, Arabako Senaturako hautagai Saray Zaraterekin eta Euskadi Buru Batzarreko idazkari Maitane Ipiñazarrekin batera. Vaquerok EAJ-PNVk aurkeztu duen programa ekarri du solasaldira. Bertan jasota dago "emakumeen eskubideak ez direla negoziatzen" eta EAJ-PNVk “legeak osorik betetzeaz gain” exijituko dituela “behar besteko baliabideak eta emakumeak babestuko dituen justizia”. Hala hitzeman du A29tik aurrera talde jeltzaleak “emakumeen eskubideak defendatuko dituela, indarkeria matxistaren era indarkeria bikarioaren kontra agertuz eta emakumeen eskubide berdintasuna eragotziko duen edozein beste elementuren kontra agertuz”.

Ildo beretik adierazi du garrantzitsua dela emakumeek  dagokien ikusgarritasuna izatea eta erantzukizun-postuak betetzea: "Hemen gaude kontuan har gaitzaten,  gure iritzia emateko, eraikitzeko eta nora joan nahi dugun erabakitzeko. Eta guk, abertzale garen aldetik, Euskadi gurekin eta guretzat eraikitzen dela ikusarazteko erantzukizuna dugu. Euskadin emakumeok ahotsa dugu, eta ahotsa izaten jarraitu nahi dugu".

Sagastizabalek nabarmendu ditu arlo honetan egindako aurrerapausoak, besteak beste, berdintasuna eta emakumeen eskubideak defendatzen dituzten lege gehiago, baliabide gehiago, arreta-zerbitzu espezializatu hobeak eta berdintasunean eta indarkeria matxistaren arloan prestatutako profesionalak izateari esker. Hala ere, aitortu du aurrerapen horiek guztiak ez direla nahikoak emakume baten aurkako hilketa matxista berri bat gertatzen denean. Gainera, zaintzen banaketan oraindik ere desberdintasuna dagoela adierazi du, emakumeak direla zaintzeko eszedentziak hartzen dituztenak, eta zenbait jokabidetan ere desberdintasunak irauten duela. Azkenik, Voxen gorakadarekin gaur egun dagoen “atzera egiteko arriskuaz” ohartarazi du.

Saray Zarate Senaturako Arabako hautagaiak bere aldetik gogorarazi duenez, aurrerapauso handiak lortu dira, baina oraindik ere indarkeria "sotilago bat" dago, batez ere sare sozialetan, eta batzuetan "oharkabean pasatzen da, umorez, maitasunez, jeloskortasun normalizatuz, xantaiaz edo umiliazioz mozorrotzen delako". Hala salatu du indarkeria mota hori "ezin dela normalizatu" eta fokua hortxe jarri behar dela nabarmendu du: "ikusten ez den indarkeria delako, baina emakumeengan zauri oso sakonak sortzen dituelako: autoestimua kaltetzen du, harremanak izateko modua eta askatasuna mugatzen ditu".

Maitane Ipiñazar Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak bere aldetik azpimarratu du erabat bidegabea izan dela "emakumeek jarrera aldatzen ikasi behar izatea, tentsio, deserosotasun edo indarkeria uneak saihesteko". "Gure burua babesten ikasi dugu, aldatzeko betebeharra indarkeria hori erabiltzen dutenei dagokien arren", kritikatu du, eta politikan erantzuteko modu hori defendatzeko beharrarekin lotu du, "emakumeen askatasuna ezin delako paper batean aitortutako eskubide batean geratu; benetako askatasuna izan behar du: lasai ibili ahal izatea, beldurrik gabe bizitzea ".

Erakunde guztietan ordezkaritza duen alderdi gisa, baita Madrilen ere, alderdi jeltzaleak berdintasunean hezteko, prebenitzeko, biktimak babesteko eta "atzerapausorik ez emateko" "erantzukizun kolektiboa" duela defendatu du.

Interesatu Zaitez