Euskal Taldeak babes "kritikoa" emango dio pertsona zaurgarriak babesten dituen eta jabe txikien egoera hobetzen duen etxebizitzaren dekretuari, eta bigarrena ezeztatuko du

Alderdi jeltzalearen ustez, testua "adabaki puntuala da, gabezia askorekin", erreserba handiak ditu arauaren benetako eraginari dagokionez, eta Espainiako Gobernua zentsuratu du etxebizitza bezalako gai garrantzitsu batean legeak beroan egiteagatik.

Euskal Taldeak babes 01Urriak
UrriaK 01 |
Kongresua

PARTEKATU

Euskal Taldeak aldeko botoa emango dio Etxebizitzaren funtzio soziala babesteko premiazko neurriei buruzko Lege Dekretuari eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeari, ostiral honetan eztabaidatuko dena Kongresuan. Aldiz, kontratuak automatikoki berritzeari buruzko bigarren dekretuaren aurka bozkatuko du.

Testua sakon aztertu ondoren, alderdi jeltzaleak "gabezia handiak" aurkitu ditu testuan, eta uste du "adabaki" baten aurrean gaudela, "luzarotik datorren arazo bati konponbiderik emango ez diona". Horren harira, jeltzaleek salatu dutenez, "Espainiako Gobernuak ezin du bi egunetan konpondu 8 urtetan konpondu ez duena", eta "etxebizitza bezalako gai serio batean legeak beroan egitea" salatu dute.

Erreserba hauez gain, EAJ-PNVk uste du dekretu horrek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen alde egiten duela, eta, gainera, uste du hobekuntzak sartzen direla jabe txikientzat, haien esku baitago, neurri handi batean, alokairu-merkatua.

Azken hori izan da, hain zuzen ere, Euskal Taldearen aldarrikapen nagusietako bat; izan ere, Euskadin alokairuaren merkatuaren %90 baino gehiago jabe txikien esku dago, eta pertsona zaurgarriei arreta emateko eta bizitoki-alternatiba bat bermatzeko erantzukizuna Administrazio publikoari egokitu behar zaio, ez partikularrei. Hala ere, EAJ-PNVk konpromisoa hartzen du lanean jarraitzeko funts putreen edo beren jarduera mugatuta izan behar duten pertsona juridikoen definizioa hobetzeko, bai eta errenta ordaintzen ez den kasuetan bi etxebizitza edo gutxiagoko jabeen konpentsazioak hobetzeko ere.

Era berean, Euskal Taldeak legegintzaldi osoa darama Kongresuan maizter eta errentatzaileentzako segurtasun juridiko handiagoa defendatzen, ohiko alokairuak, sasoikoak eta turistikoak argi eta garbi bereizten dituen erregulazio baten bidez. Dekretu horrek hobetu egiten du sasoiko alokairua eragiten zuen lege-iruzurra saihesteko erregulazioa; izan ere, hutsune hortaz EAJ-PNVk ohartarazi zuen 2023ko Etxebizitza Legean; eta ezartzen du pisu turistikoak jarduera ekonomikotzat hartu behar direla, eta hala, BEZik ez ordaintzetik ostatu-zergaren pareko zerga batera igarotzen da ( %10).

Era berean, dekretuak jasotzen du, EAJ-PNVk eskatu bezala, ohiko etxebizitzaren alokairuaren luzapena errentariak azken 8 hilabeteetako errenta modu erregularrean ordaindu duenean bakarrik egin ahal izatea. Horrela, betetzen duenari babesa ematen zaio, eta alokatzen duenari segurtasuna.

EAJ-PNVk argi dauka gehiegikeriekin amaitu eta pertsona ahulak babestu behar direla, baina jabe txikia etsai bihurtu gabe. Alderdi jeltzalea ez da lubakian egongo hain gai delikatuan, baina "seriotasun eta zorroztasun handiagoa" eskatzen dio Jaurlaritzari, bai negoziazioetan, bai testuen erredakzioan. Eta azpimarratu du "neurri integralak" beharrezkoak direla, une honetan alokairua dutenei ez ezik, merkatura sartu nahi eta ezin dutenei ere eragiten dietenak, eta ez "inpaktu mugatuko eta ezezaguneko adabaki hutsa".

Alokairuak luzatzeko dekretuari ‘ez’

Ohiko etxebizitzaren alokairu-kontratuen egonkortasuna indartzeko premiazko neurriak hartzen dituen lege-dekretuari dagokionez (ardatz nagusia kontratuak automatikoki berritzea da), Euskal Taldeak uste du "kaltegarria" litzatekeela bilatzen duen helbururako. Are gehiago, jeltzaleen ustez, Espainiako Gobernuaren proposamen hori "eraso" bat da jabe txikiarentzat, eta alokairuko etxebizitzen eskaintza murriztuko luke merkatuan, eta, beraz, "kaltegarria" izango litzateke herritarrentzat.

Interesatu Zaitez