Beasainen, Euge Arrizabalaga, Eneko Goia eta Leire Artola hizlari izan diren ekitaldian, talde jeltzalea herritarren aurrean aurkeztu da “gure familiak, gure industria, gure enpleguak, gure merkatariak, gure pentsiodunak eta Euskadin bizi diren pertsona guztiak zaintzen dituen indar bakarra” dela aldarrikatuz
“Bozka ezazu Euskadi eta Euskadiko familiak defendatuko dituenaren alde: hemen EAJ-PNV”. Horixe izan da talde jeltzaleak gaur arratsaldean Beasainen egin duen kanpainako ekitaldian zabaldu duen mezu nagusia. Hitza hartu dute bertan Gipuzko Buru Batzarraren presidente Euge Arrizabalagak, Kongresurako Gipuzkoako hautagai Eneko Goiak eta Beasaingo alkate Leire Artolak.
Gipuzko Buru Batzarraren presidente Euge Arrizabalagak hitza hartu bezain pronto ziurtatu du EAJ-PNV dela Euskadik A-29ra begira duen aukerarik onena: “Zure beharrizanei, zure ilusioei eta zure eskubideei erantzuna emango dien botoa da (…). Euskadirentzako eta zure etxekoentzako onena nahi baduzu, bozka ezazu EAJ-PNV”, ezarri du. Hala mintzatu da “Euskadin jokoan dagoena delako datozen lau urteotan Madrilen zeinek defendatuko gaituen”. “EAJ-PNVk Euskadi, familiak eta euskal hiritargoa defendatzen du. Nola ez? Nork lortu zuen EAE eta Nafarroarentzako autonomia? PSOEk? PP? Ezker Abertzaleak? Ez. EAJk lortu zuen. Euskadiko erakundeak zeinek eraiki zituen? EAJk. Ezer Abertzaleak bere ahalegin guztia jarri zuen euskal erakundeak deslegitimatzeko. Zeinek defendatu ditu Osakidetzak eta Euskadiko babes sistema? EAJk. Euskal industria? EAJk. Abertzaleak garelako, inoren sukurtsal ez garelako, Euskadi eta euskal herritarrak maite ditugulako”, esan du.
Ildo beretik azaldu du talde jeltzalea dela “gure familiak, gure industria, gure enpleguak, gure merkatariak, gure pentsiodunak eta Euskadin bizi diren pertsona guztiak zaintzen dituen bakarra”. Gainera, Arrizabalagak jarraian nabarmendu du Pedro Sánchezen PSOE alderdiak printzipio nagusi bat duela: `espainiar guztien arteko berdintasuna´. “Historiak argi erakutsi du printzipio hori eskubide politikoen eta euskal herritarron gainerako beste eskubideen kontrakoa dela. Espainiako polarizazio giroan ito nahi gaituzte. Utikan!”.
Eneko Goiak, Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak gogora ekarri du Gipuzkoa dela Estatu osoan pertsona bakoitzeko bataz besteko errentarik handiena dagoen lurraldea. “Zerbaitengatik izango da. Industria potentea dugulako. Industria aberastasuna da. Ezinbestekoa da aberastasuna sortzea, ondoren banatu ahal izateko. Eta EAJ-PNVk betidanik egin du argi eta garbi industriaren alde. Bai eta Madrilen ere. Euskal Taldea izan da urte hauetan guztietan horretaz arduratu den bakarra”, esan du. Hori esanda, Goiak azaldu du berrikitan elkarrizketa batean hautagai sozialista bati eginiko elkarrizketa batean irakurri duela `hauteskundeetan PP-VOX ala gu´: ”Gezurra da. Albiste ona da ez dugula `guatemal eta guatepeorren´ artean aukeratu behar. Euskadi aukeratu ahal dugu, Euskadiren defentsa Madrilen. Hemen EAJ-PNV”.
Ekitaldiari amaiera emateko, hitza hartu du Leire Artola Beasaingo alkateak, eta etxebizitzaren erronkari aurre egiteko konpromisoa adierazi du: “Beasainen jaio eta hazi diren gazteek beren bizi proiektua hemen bertan egin ahal izatea nahi dugu”. Zentzu berean aipatu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, “aukera berriak irekiko dituela” gogoratuz: “Geltokiaren inguruan erabilgarri geratuko den trenbide-espazioan 600 etxebizitza eraikitzeko aukera emango du. Baina, kontuan izan behar da lur horiek ADIFenak direla. Madrilen negoziatu beharko dugu. Horretarako ere, elkarrizketa lagungarri bat beharko dugu, gure arteko zubi bat". "Euskal Talde indartsu bat behar dugu Madrilen", amaitu du.