Aitor Esteban: "Euskadirentzako une erabakigarri batean gaude, eta azaroaren 29an ez da ezer amaitzen, dena hasiko da"

Madrilgo Nueva Economía Fórumek eman duen gosarian, Kongresuan Euskal Taldeko diputatu eta bozeramaile izan zen garaiko hitzaldi nagusiak biltzen dituen liburu bat argitaratuko dela iragarri da. EBBren presidenteak Kongresuan "euskal ahots independente eta autonomoa" izatearen garrantzia azpimarratu du, euskal herritarrentzat "jokoan dagoen guztiagatik". "Asegurua gara Euskadirentzat, gure ibilbideagatik eta elkarrizketarako eta akordiorako dugun gaitasunagatik", ziurtatu du

Aitor Esteban: 19Azaroak
AzaroaK 19 |
Kongresua

PARTEKATU

Aitor Estebanek, EAJren EBBko presidenteak, egunotan bizitzen ari garen une politikoaren garrantzia azpimarratu du gaur, eta begirada azaroaren 29tik harago jarri du, Hauteskunde Orokorren egunetik harago, hain zuzen. "Une erabakigarri batean gaude Euskadirentzat, eta azaroaren 29an ez da ezer amaitzen, den-dena hasiko delako, Moncloan dagoena dagoela", esan du Nueva Economía  Fórumek  Madrilen antolatu duen gosarira joan diren politikari, enpresari eta gizarte zibileko publiko handi baten aurrean.

Fernando Garea kazetariak aurkezpena egin ondoren, Kongresuan "euskal talde bat" izatearen garrantzia azpimarratu du, "ahots independente eta autonomoa duena, Euskadiren interesentzat soilik lan egingo duena, inori kalterik egin gabe". Zentzu horretan, Estebanek EAJ-PNV "Euskadirentzako asegurua" dela esan du, "euskal interesak defendatzeko egin dugun ibilbideagatik eta elkarrizketarako eta akordiorako dugun gaitasunagatik". Gaineratu duenez, poliza horrek bi klausula ditu, autogobernuaren defentsa eta printzipio demokratikoa marra gorri gisa, eta bost estaldura: zure bizimodua, lana, zure ongizatea eta hurbiltasunetik erabakitzeko eskubidea.

Gareak, bere aldetik, Kongresuak argitaratu duen liburu baten berri eman du, Aitor Estebanek Kongresuko diputatu eta Euskal Taldearen bozeramaile gisa eman dituen 21 urteotan eman zituen diskurtsorik esanguratsuenekin. Liburu hau atera da  “Discursos parlamentarios de Aitor Esteban Bravo” izenburupean eta  hasierako lanak eta testuen aukeraketa Pablo Símon politologoaren ardurapean egon da. Azken ukituak Aitor Estebanek berak eman dizkio. Behe Ganberak argitaratzen duen bilduma baten barruan dago, eta, bertan, orain jeltzaleen presidentea dena izango da estatukoa ez den alderdi bateko lehen parlamentaria (Konstituzioaren sortzaileez gain).

Estatuko egoera politikoa "kezkagarri" eta “tentsionatuta” jo du jeltzaleen presidenteak, Estatuko alderdi nagusiek politika egiteko duten moduagatik eta "haustura" horrek gizartean ere eragiten dituen ondorioengatik. Horren aurrean, EAJ-PNVk ordezkatzen duen akordioaren kultura aldarrikatu du, eta Euskal Taldeak Espainiako Gobernuaren politikak "moderatzeko" duen zeregina azpimarratu du. Edonola ere, azken legegintzaldiari dagokionez, Estebanek kritikatu egin ditu alderdiek "agenda inposatzeko egindako ahaleginak", onartutako aurrekontu bakar bat ez izatearen anomalia edo Sanchezen Gobernuak " bere agendaren kontrola galdu izana". Testuinguru horretan ere, “EAJ-PNV inbestidura-akordioen %75 betearazteko gai izan da”, esan du, herritarrentzat hain garrantzitsuak diren pentsioekin, industriarako potentzia energetikoarekin, autogobernu handiagoarekin edo zaintza-politikekin, besteak beste. Zentzu honetan, akordioaren balioa azpimarratu du, eta EAJren politika egiteko era dela azpimarratu du ere.

"Erabateko polarizazioa nagusitu den une batean, beharrezkoa da irainaren lokatzetara erortzen ez den gurea bezalako talde bat, gure gizartea kezkatzen duten gaiak mahai gainean jartzeko. (...) Euskadirentzat lan egiten duen taldea, alfonbra gorri eta urdinik jarri gabe, euskal agendari lehentasuna emanez ", esan du. Era berean, euskal erakundeetan EAJk duen lidergoa azpimarratu du, Lehendakariaren buruzagitzapean. “Talde bat gara”, esan du.

Interesatu Zaitez