EAJ-PNVko eurodiputatua Renew Europe taldeko txostengilea izango da bidaia-erreserba multimodalaren inguruan prestatuko den txostenean; izan ere hori izango da Europatik egingo den proposamenetako bat,txartelen erosketa errazteko eta bidaiarien eskubideak indartzeko
02Irailak Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea Renew Europe taldeko txostengilea izango da Europako Parlamentuko garraio-batzordean, bidaia-erreserba multimodalari buruz egingo den txostenean. Txosten horren bidez, tren-txartelen salmentari buruzko erregelamendu-proposamena eta trenbideko bidaiarien eskubideei buruzko erregelamendua berrikusteko proposamena egitearekin batera, bidaiarien eskubideak indartzea bilatzen da, eta hainbat erronkari erantzun nahi zaie, hala nola gardentasunik ezari, legez kanpoko baldintza bidegabeei eta garraio-txartelak saltzeko merkatu digitaleko baldintzen desberdintasunari, aireko, trenbideko, errepideko eta bide nabigagarrietako garraioaren eremuan ari diren plataforma digitaletan.
Europako Batzordeak udako sasoia hasi aurretik aurkeztutako proposamenaren arabera, bidaiariek oztopo handiak izaten jarraitzen dute euren bidaia-aukerak bilatzeko, erosteko, konbinatzeko eta erreserbatzeko orduan, bereziki mugaz gaindiko bidaietan. EBn egin daitezkeen ehun ibilbide aztertuta ikusi ahal izan da aukera multimodalak daudela kasu guztien % 76an, baina errealitatea da zerbitzu digital oso gutxik erakusten dituztela aukerak garraiobide desberdinetan, eta oso gutxitan konbinatzen direla. Hori dela eta, pertsona gutxik erreserbatzen dute bidaia multimodal bat, eta bidaia hori egiten dutenek ere zailtasunak izaten dituzte konbinazio egokiak aurkitzeko, batez ere tren-txartelen kasuan.
“Europar Batasunaren baitan pertsonen zirkulazio askea lortzea lorpen handienetako bat da, eta are errazagoa eta bermatzaileagoa izatea lortu behar da. Gaur egun konpainia ezberdinetako bi tren konbinatzen dituen txartel bat erosten baduzu eta atzerapen batengatik lehenengoa galtzen baduzu, nasan bakarrik amaitu dezakezu, nork lagunduko dizun eta dirua nork itzuliko dizun jakin gabe. Europako Parlamentuan izapidetzen hasiko den bidaien erreserba multimodalaren proposamenarekin lortu nahi duguna da bermatzea bidaiatzen duten pertsona guztiek eskubide berberak izango dituztela ibilbidearen hasieratik amaierara. Hau da, laguntza, garraio alternatiboa, itzulketa eta kalte-ordaina. Hori guztia, bidaian zenbat konpainiak parte hartzen duten kontuan hartu gabe. EAJ-PNVtik lanean jarraituko dugu txartelak erosteko prozesua erraza eta gardena izan dadin eta edonork denbora laburrean garraiorik merkeena, azkarrena edo bidaiatzeko modurik garbiena aukeratu ahal izan dezan", azaldu du Agirregoitiak, gaur bertan Europako Batzordeak Europako Parlamentuko garraio eta turismo batzordean proposamen sorta bat aurkeztu ostean.