EAJ-PNVk sustatutako Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa onartu da, euskal administrazioaren euskalduntze-eredua sendotzeko

Lege-testu berria aurrerapauso bat da euskararentzat, eta segurtasun juridiko handiagoz aurrera egitea ahalbidetuko du, hizkuntza-plangintza proportzionatu, arrazoitu eta eraginkor baten garapenean

EAJ-PNVk sustatutako Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa onartu da, euskal administrazioaren euskalduntze-eredua sendotzeko 25Ekainak
EkainaK 25 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Eusko Legebiltzarrak gaur goizean onartu du EAJ-PNVk sustatutako lege-proposamena, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 11/2022 Legea aldatzeko. Arau-esparru berri honek euskal administrazioaren euskalduntze-eredua sendotzen du; azken hamarkadetan herritarren hizkuntza-eskubideen garapenean aurrerapen nabarmenak ahalbidetu dituen arrakasta-eredua, hain zuzen ere. Era berean, enplegu publikoaren eskaintzei segurtasun juridiko handiagoa emango die, eta Euskadiko administrazio publikoetan hizkuntza-plangintza modu proportzionatu, arrazoitu eta eraginkorrean garatzeko beharrezko tresnak eskainiko ditu.

Jeltzaleen talde parlamentarioak aurkeztutako proposamena gaur goizean Gasteizko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran onartu da, EAJ-PNVren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Ekimen hau bi alderdien artean lortutako akordio politikoaren emaitza da.

“Euskararentzat aurrerapauso bat da. Lege-testu berriak egonkortasuna eskaintzen du, euskara eztabaida politiko antzuetatik ateratzen du, eta, lortutako akordio politikoak erakusten duen bezala, egungo egoerari erantzuteko bide egokia eta teknikoki zuhurra da”, adierazi du bere hitzaldian Markel Olanok, Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNVren euskara-arduradunak eta Euzkadi Buru Batzarreko Euskara burukideak.

Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketak geroratutako derrigortasunaren figura txertatzen du enplegu publikoaren eskaintzetan. Horrela, administrazioek hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak deitu ahal izango dituzte, baina eskakizun horren derrigortasuna gerora ezarriz. Horri esker, hautagaiek lanpostura hasiera batean dagokion euskara-maila egiaztatu gabe sartu ahal izango dira, eta ondoren epe jakin bat izango dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko. Epe horretan, administrazioak berak beharrezko prestakuntza eskaini beharko du dagokion hizkuntza-eskakizuna eskuratzen laguntzeko. Nolanahi ere, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da hautaketa-prozesu horietan.

Erreformak, halaber, euskal administrazio publikoen autonomia indartzen du hizkuntza-normalizazioa planifikatzeko eta enplegu-eskaintza publikoak diseinatzeko orduan. Erakunde bakoitzak zorroztasun handienarekin zehaztu beharko du zein lanpostuk duten hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data ezarria eta zeinek ez, eta erabaki hori proportzionaltasun-irizpideetan oinarrituta arrazoitu beharko du, lanpostuaren eginkizunak, erakundeak berak onartutako hizkuntza-erabileraren irizpideak eta bere jardun-eremuko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Era berean, legeak ezabatu egiten du derrigortasun indize orokorren aplikazio automatikoa, eta administrazio bakoitzari aukera ematen dio bere derrigortasun-indize propioak ezartzeko, Eusko Jaurlaritzak garatuko duen erregelamendu-esparruaren barruan.

Interesatu Zaitez