Euskal Taldeko bozeramaileak berretsi egin du pertsona kalteberak babesten dituen eta jabe txikien egoera hobetzen duen dekretuari eman dion baietz “kritikoa”, baina deitoratu duenez “berandu iritsi da”. “Etxebizitzaren legegintzaldia izateko hasi zen eta gaur gaurkoz daukagun emaitza zero da”
02Urriak “Etxebizitzaren legegintzaldia izan behar zuen. Ministro andre hori, ez dut zalantzarik saiatu egin zarela, baina esan genuen, nire taldetik ohartarazi egin genuen Etxebizitza Legeak zulo beltzak zituela eta etxebizitza politika osorik landu behar zela, adabakirik gabe. Aurreikuspenak betetzen badira ondorioa laster ikusiko dugu: zero”.
Halaxe aurpegiratu dio Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak Espainiako Gobernuari bizitoki-krisi betean gaudela etxebizitza-arloko akordioak lortzeko ezintasuna, Kongresuan gaur bertan, ostirala, etxebizitzaren funtzio soziala babesteko eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko premiazko neurriei buruzko dekretuaren eztabaidan.
Vaquerok hala azaldu du talde jeltzaleak dekretu honi eman dion baietz “kritikoa”, eta defendatu du Euskal Taldeak egun hauetan elkarrizketarako eta negoziaziorako erakutsi duen borondatea, baina Espainiako Gobernuak galdu duen denboraz ere ohartarazi du: "legegintzaldiak zortzi urte egin ditu, hiru urte igaro dira zulo gehiegi dituen Etxebizitza Lege bat onartu zenetik, hilabete eta hilabete eman dira azkenean tiradera batean gordeta geratu diren ekimenekin, agerraldiak eta agerraldiak eta orain, bat-batean, 48 ordutan, ur bedeinkatua balitz bezala saldu den dekretu bat eztabaidatzen ari gara".
“Orain arte gauzak ondo ez egitearen ondorio. Etxebizitza Legean sasoiko alokairua arautu ez izanak eraman gaitu ohiko etxebizitza kopurua galtzera”, azaldu du, eta Euskadiko datuak eman ditu baieztapen hori azaltzeko: “2023tik 2025era bitartean ohiko alokairuetarako kontratuak %27,92 murriztu dira eta sasoiko alokairuak %52,30 igo dira. Alokairuak sasoiko multzora igaro dira nabarmen, ez da? Bada, horrek familia kalteberei eta ohiko etxebizitza bilatzen ari direnei eragiten die”.
Vaquerok planteatu du eztabaidaren oinarria izan behar dela “bizitegi-krisi baten aurrean gaudela dekretu horiek etxebizitzaren funtzio sozialean oinarrituta jabetza-eskubideari ezartzen dizkioten mugak proportzionalak ote diren”, eta adierazi du aztertu behar dela “zenbat denboran iraun dezaketen eta noraino irits daitezkeen”; izan ere, “pertsona kaltebera bat babesteko, jabetza mugatzen badugu, babes horrek kalte ekonomiko neurrigabea eragitea saihestu behar dugu, jabea ere kalteberatasun-egoeran ere jarriko baitu”. Horrela, gakoa da zer konpentsazio ematen den eta Administrazioa izan behar dela “etxebizitzarako eskubidearen bermatzailea, dagokion kostua bere gain hartuta”. Horixe defendatu du Euskal Taldeak dekretuen negoziazioan.
Baina "akordioa ez da posible izan batzuen itsukeriagatik eta intolerantziagatik, maximoetara eraman dutelako. Azkenean ezerezean geratuko gara. Azaldu iezaiezue hori kanpoan neurriak eskatzen ari direnei”, deitoratu die ezkerreko taldeei. Bide beretik adierazi duenez "postulatu maximalistek adostea eta arautzea eragozten digute eta bizitegi-krisi honek akordioak behar ditu".
Testuaren gabeziak eta talde jeltzalearen eragozpenak azaldu ditu Vaquerok, eta adierazi duenez gaur bozkatuko diren lege-dekretuak “bihar-etzi aztertuko dira zuzenbide fakultateetan, egin behar ez denaren adibide gisa”, eta gaineratu du dekretu bidez arautzea ez dela “botere legegile batek Estatu demokratiko batean funtzionatzeko modurik egokiena; bide hori aukeratu baduzu, zurea duzu erantzukizun politikoa”.
Gaur Kongresuan eztabaidatu den bigarren lege-dekretuari dagokionez, alokairuak automatikoki luzatzea proposatzen duena eta Euskal Taldeak ontzat emango ez duena, Vaquerok Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministro Pablo Bustinduyri esan dionez “alderantziz egin duzue dena, planteatzen duzuen neurri horrek eskaintza murrizten du, aldi baterako alokairua bultzatzen du eta hasierako errentak eta bermeen eta aseguruen kostuak handitzen ditu. Neurri horrek, berez, ez du ezer konpontzen".
Jeltzaleentzat, proposatutako ekimenak ez du laguntzen etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzen; izan ere, dekretuak “bereziki kaltetzen du alokatzen urte asko daramatzana”, ez baititu behar bezala bereizten edukitzaile handiak, ondare-sozietateak eta jabe txikiak. Ildo horretan, adierazi duenez, jabe txiki batentzat "hamabi, hogei edo hilabete gehiago ordaindu beharrak etxebizitza berreskuratzea eragotzi dezake, legea bete arren"; aldiz, planteatutako kalteberatasun-salbuespena "zehaztugabea da, eta auzitegietara jotzera behartu dezake".
"Ez dugu onartzen batzuk babesteak derrigorrez besteen aurka jartzea ekarri behar duenik", adierazi du Vaquerok, alderdi batean edo bestean kokatzeko orduan titular bat edo sare sozialetako mezu bat erabili ohi dutenei. “Konplexutasuna azaltzeak eta oreka bat lortzeak askoz gehiago eskatzen du”, amaitu du.