Europako Parlamentuaren irizpideak bataz besteko %10eko igoera aurreikusten du nekazaritza, arrantza, konektibitate, azpiegitura, berrikuntza, kohesio eta Erasmus+ programarako igoerekin
28Apirilak EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak Europako Parlamentuaren posizioa babestu du 2028-2034 aldirako EBko aurrekontuaren negoziaketari dagokionez, Europar Batzordearen hasierako proposamenarekin alderatuta gutxienez %10eko igoera eskatu baita ( Nazioko Errenta Gordinaren %1,27). Hala proposatu dira esleipen finantzario berezituak nekazaritza, arrantza eta kohesiorako, eta erregioetako eta tokian tokiko agintarien “erabateko inplikazioa” kohesio, erregioen arteko lankidetza, nekazal politika eta landa garapena, arrantza, segurtasuna, babes politika eta immigrazio gaietarako programei dagokienez.
“Erregioetako eta tokian tokiko agintariak dira herritarrengandik hurbilen daudenak eta, beraz, eurak dira beren beharrak ondoen ezagutzen dituztenak. Hori dela eta, aukera izan beharko lukete funtsen diseinuan parte hartzeko, bai eta jarraipenean eta erabilpenean ere, orain arte egin den bezala. Txosten bat lortu dugu Nekazal Politika Baturako eta Arrantza Politikarako, Kohesio politikarako, Europako Funts Sozialerako eta Barne gaietarako partidak aurreikusten dituena. Txosten horren bidez `ez´ esaten diogu aurrekontua berriz nazionalizatzeari. Batzordeak proposatutako eskualdeko eta nazioko elkartze-planek sistemaren konplexutasuna areagotzea, partidak desegitea eta eskualdeei nola eta zertan gastatu behar duten Estatuek erabakitzeko atea irekitzea saihestu behar dugu", adierazi du Agirregoitiak.
Gehiengo batez onetsi den agiriak, aldeko 370 boto, kontrako 201 boto eta 84 abstentzio jaso baititu, ildo beretik ohartarazten du Ursula von der Leyen Batzordeko presidentearen taldeak planteatu bezala Estatu bakoitzeko plan bakarra defendatzen duen planak EBren politikak ahuldu ahal dituela, gardentasuna murriztuz eta finantzaketaren banaketa zailago eginez. Hortik dator dotazio argiak ezartzeko eskaria, lurralde-dimentsio sendo batean oinarrituta. Era berean aldarrikatu da toki eta erregioetako agintariak inplikatzea mugarriak eta helburuak definitzeko orduan, programen betearazpen prozesuetan eta EBren finantzaketarako sarbide are zuzenagoa bermatzeko orduan. “Erregioetako eta tokietako agintariek bete-betean egon beharko lukete ekitaldi honetan”, azpimarratu du Agirregoitiak sinplifikazioak eta malgutasuna kontu ematearren , kontrol demokratikoaren eta gardentasunaren kontra joan behar ez direla ezartzen duen txostena gogoan.
Kontseiluarekin negoziaketak hastekotan dagoela, Euroganberaren asmoa da funts gehiago lortzea Europar Batasuna lehiakortasuna , berrikuntza, trantsizio berde eta digitala, azpiegiturak, Osasuna, hezkuntza eta kultura indartzeko, horietako asko funtsezkoak direlako EBren autonomia estrategikoa bultzatzeko. Horretarako proposatzen dute aurrekontua igotzea Lehiakortasunerako Europako Funtsa bezalako programetarako, Europako Zerumuga programarako, Europa Konektatu Mekanismorako, Erasmus+ proiekturako, AgoraEU izeneko proiekturako eta babes zibilerako mekanismorako, EHU4Health deiturikorako eta LIFE izeneko proiektuarekin zerikusia duten ekintzetarako eta Kanariar Uharteak bezalako erregio ultraperiferikoetarako. Azken hauek Batzordeak ezabatzea proposatu zuen eta Europako Parlamentuak zerrendan barne hartu ditu berriz ere.
“Nire ahotsa, nire aukera (My voice, my choice)” kanpainari dagokionez, testuak jasotzen du baliabide egokiak bideratu behar direla genero indarkeriaren kontrako borrokarako eta osasun eta sexu eta erreprodukzio zerbitzuak babesteko , emakumeen defentsarako erakundeei laguntzeko eta Europar Batasunean generoari, adinari, orientazio sexualari edo arrazari begiratu gabe pertsonen arteko benetako berdintasuna sustatzen duten ekimen eta organismoen alde egiteko.
Azkenik, txostenak argi uzten du baliabide propio berriak onartzea, nahiz eta Kontseiluaren prerrogatiba izan, ezinbesteko baldintza dela Europako Parlamentuak urte anitzeko finantza-esparru berria onartzeko baimena eman dezan. Helburua urtean 60.000 milioi inguru sortzea da. Alternatiben artean, honako hauek daude: zerbitzu digitalen gaineko karga, lineako jokoaren gaineko karga, Karbono bidezko Mugako Doikuntza Mekanismoaren (CBAM) hedapena edo kriptoaktiboen gainbalioen gaineko karga.