EAJ-PNVk Gipuzkoan aurkeztuko duen hautagaiak lasaitasunerako deia egin du sare sozialetan kaleetan gatazka sortzeko zabaldu diren deialdien aurrean, eta berriz esan du EAJ-PNVk segurtasuna defendatzen duela askatasunez bizitzeko berme gisa
31Urriak Maribel Vaquero EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaiak "erantzukizun eta lasaitasunerako" deia egin du larunbat honetan, euskal hiriburuetan manifestazioak eta ekintza bandalikoak egiteko, sare sozialetan zabaldu diren deialdien aurrean. Deialdi honek alerta egoeran jarri ditu hiri nagusietako saltokiak eta negozioak, erakusleihoak ixtea edo estaltzea erabaki baitute. Hala, Vaquerok herritarrak eta gainerako alderdiak gonbidatu ditu "kale borroka bihurtu beharrean, Gau Beltzak jai-gaua izaten jarrai dezan" defendatzera.
Donostian hedabideen aurrean eskaini dituen adierazpenetan, hautagaiak manifestaldi baketsuak defendatu ditu, baina berretsi du kausa baten zilegitasunak ez dituela formak legitimatzen, eta, beraz, kaleak indarkeria- eta kaos-egoera ez bihurtzeko eskatu du, joan den astelehenean Bilbon gertatu zen bezala: "Berriro diot, anbiguotasunik gabe gaitzesten dugula indarkeria adierazpen oro; errespetua, indarkeriarik eza eta elkarbizitza oinarri hartuta eraiki den gizartearen alde egiten dugulako".
"Kaleetan ez dugu indarkeriarik nahi, ezin da herri bat eraiki indarkeriaren gainean, ezin da atzerapausorik eman", berretsi du Vaquerok. Halaber, gogorarazi du aste honetan bertan segurtasunari buruzko monografiko bat egin dela Eusko Legebiltzarrean, "herritarrak kezkatzen dituen gaia delako" eta alderdi politikoen ardurakoa delako. Ez da soilik astelehenean Bilbon gertatutakoagatik edo Gau Beltz honetarako aurreikuspenengatik, baizik eta kaleetako lasaitasuna EAJ-PNVren helburua delako, “segurtasuna askatasunerako eta bizikidetzarako ezinbesteko baldintza" dela defendatzen duena: "Gai honi heldu behar zaio, populismorik eta demagogiarik gabe, segurtasuna bizikidetza baita, kaleetan askatasunez ibiltzea eta jaiez libreki gozatzea".
Era berean esan du protesta horien jatorria askotarikoa dela dirudiela, Bilbon ultra eskuineko agitatzaile bati aurre egiteko erantzun antifaszista gisa sortu ziren arren. "Faszismoa ezin da faszismo gehiagorekin borrokatu” adierazi du.
Testuinguru horretan, "hauteskunde polarizatuak" espero direla onartu du, baina azaroaren 29an dikotomia horretatik harago doala azaldu du, eta berretsi du hauteskundeen biharamunean eta legegintzaldiaren hurrengo lau urteetan hauteskunde-programan jasotzen diren gai zehatzei buruz hitz egin beharko dela: etxebizitzari buruz, klase ertainei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateaz, pertsona kalteberak babesteaz eta jabe txikiak defendatzeaz, sasoiko alokairua arautzeaz, kaleetako segurtasunaz, zaintzaz, gure industria enplegu hobeak izateko bultzatzeaz eta kudeatutako migrazioari ekiteko moduaz.
Horretarako guztirako doa EAJ-PNV Madrilera, "Euskadiren alde eta Euskadirentzat lan egitera" eta Kongresuko blokeen aurrean autogobernua defendatzera: "Zentralitatea eta akordioa defendatu behar ditugu". "Inboluzio demokratikoaren" aldeko apustua egiten duen PP-VOX alderdiarekin ez dela egongo berretsi du, eta "gure autogobernuaren eta erakundeen defentsa sutsua egingo du, Euskadiren defentsan aurkituko gaituzte, ez liskarrean".