Aitor Esteban: “Euskadi martxan mantentzen duen grabitate-zentroa gara”

Formatu berritzaile batean egitean “borobil” atera den Alderdi Egunean, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVren 130 urteko tradizio politiko “akats gabea” aldarrikatu du, eta iragarri du Aberri Estatutuak berritu egingo direla abenduaren 13an Gasteizen “militantzia indartzeko eta aktibatzeko” egingo den Batzar Nagusian. Imanol Pradales Lehendakariak bere aldetik defendatu du “`Euskal Etxea´ babestu eta defendatu behar dela, baita pertsonak eta beren osasun eta ongizate emozionala zaindu”

Aitor Esteban: “Euskadi martxan mantentzen duen grabitate-zentroa gara” 28Irailak
IrailaK 28 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Ez gara ekidistanteak: Euskadi martxan mantentzen duen grabitate-zentroa gara. Eraiki egiten dugu, ez ditugu suteak sortzen. Esana betetzen dugu, ez gara hitzetan geratzen. Bilduk esan digu eskuin muturretik hurbil gaudela eta PPk dio ezkerra garela. Beraz: erdi-erdian gaude. Orekan, sen onaren tokian, jendeari egia esateko, egin ahal direnak eta ezin direnak argi esateko. Hori da politika egiteko dugun era, horixe da gure konpromisoa, eta berdin jarraituko du”.

Horixe izan da Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, gaur eguerdian Forondara Alderdi Eguna ospatzera joan diren milaka alderdikide eta alderdizaleei luzatu nahi izan dien mezu nagusia. 49. edizio hau ´Batzen gaituzten hariak´ goiburupean egin da eta “borobil” atera da, formatu berritzailean egin delako, Forondako zelaien erdi-erdian jarri den  agertoki berri batean. EAJ-PNVk berriz erakutsi du alderdi dinamikoa dela, gizartearekin eboluzionatzen duela.

Urteroko ospakizunean egin ohi den diskurtsoan, EBBren buruak frantsesez hitz egin die Iparraldeko alderdikideei eta ingelesa erabili du Europari esateko “Euskadik nazio gisa dagokion tokia exijitzen duela”. Hala, EBBren presidenteak jarraian aldarrikatu ditu EAJ-PNVk taula politikoaren erdigunean duen tokia eta 130 urteren buruan egiazta dezakeen legatua, ibilbide politiko “akats gabea” egin duela esanez: “Gure tradizio politikoaren legatua da Herri fidagarria eraiki dugula: hamarkadetako konpromiso politikoa, erabaki ausartak, funtzionatzen duena zaintzea eta funtzionatzen ez duena zuzentzea. Gure Herria ez da perfektua, hori badakigu. Hala ere, esan dezakegu zarata egin gabe eraiki dugula, norabidea finkatuz, konponbideak bilatuz eta beti ausardiaz, lasaitasunez eta konpromisoz erantzunez. Gaur batzuek erantzukizun-itxurak egiten dituzte jakin dakitelako Herri honek konfiantza duela behar zen momentuan behar zen tokian egon zenarengan. Eta hori, gustuko izan edo ez, EAJ-PNV da”.

Estebanek bere diskurtsoan iragarri du abenduaren 13an, Gasteizen, Batzar Nagusia egingo dela martxoan Atano III an egin zen IX. Batzar Nagusiari jarraipena emateko eta alderdiaren Aberri Estatutuak berritzeko. Donostian jeltzaleen ordezkariek onetsi zuten `Erakunde Demokratikoa´ izenburuko txostenak militantzia indartzea eta aktibatzea proposatzen zuen, erakundearen barne funtzionamendua birformulatuz. Beraz, EAJ-PNVren barne arauak moldatuko dira, horien artean Aberri Estatutuak. “Zera eskatzera natorkizue: parte hartu, zuen ideiak azaldu, eztabaidatu. Zuen iritzia argi esan. Ez izan beldurrik orain arteko eredu eta bideak aldatzea proposatzen baduzue ere. Gauza bat argi dago, Alderdia betikoa izango da oinarrizko gauzetan, baina XXI. mendeak eskatzen digun horretara egokitu behar dugu. Hau ez da garai aldaketa hutsa, paradigma aldaketa bat da, politika egiteko erak aldatzea”, esan die alderdikideei.

“Zorionez, Euskadiko giro politikoak eta Espainiar Estatukoak ez dute elkarren antzik” esan ondoren, EBBren presidenteak adierazi du EAJ-PNVk estatus berriaren inguruko akordio bat nahi duela eta estatu berri horrek “benetako jauzi berri bat” izan beharko duela. “Akordioak nahi ditugu, baina ez dugu agertoki hutsik nahi. Estatus berri horrek nazio aitortzan, arbitraje-ahalmenean eta kanpoko presentzian benetako jauzi bat ematea ez badakar, EAJ-PNV ez da hor egongo”, ohartarazi du. “Eta, gertatzen dena gertatzen dela, ez dadila zalantzarik egon, Euskadi eraldatzen jarraituko dugu, autogobernua sendotzen, EAJ-PNVk betidanik egin izan duen moduan”, gaineratu du.

Amaitzeko, euskal herritarrei eskatu die lan honetan inplikatzea, eta dei hau bereziki luzatu die alderdikideei eta gazteei: “Zuek denok, gutako bakoitzak lan bat daukagu Herri honetako bazter guztiak elkarrekin lotzeko hariak ehuntzeko (…) Euskadik ez du salbatzailerik behar, konpromiso kolektiboa behar du. Eta bakoitzarengandik hasten da dena. Zuongandik”.

Imanol Pradales Lehendakariak defendatu duenez “`Euskal Etxea´ babestu eta defendatu behar da, pertsonak zaindu, beren osasuna eta ongizate emozionala. Helburu hau egongo da agenda politikoaren erdigunean, gizartearen kezka nagusi diren beste arazoak bezala, hala nola etxebizitza. Horretarako, esan du, Euskal Autogobernua indartzeko lana egin behar da, Madriletik iristen diren oztopoak gorabehera. “Eskuduntza bakoitza lortzea hagin bat ateratzea bezala da”, esan du, eta jarraian ohartarazi duenez “iruzurgile asko dauden arren, dagokigun eskuduntza bakoitza borrokatuko dugu”.

Hala egingo du Euskadik. Hala egin du aurrera, migrazioa kudeatzeko ahalmen politiko berriak lortzeko eta etorkizun hobe baten bila gurera datorrena egokiago hartzeko. Dena, gogoratu du, diskurtso “oso arriskutsuak” entzuten ari diren momentuan, euskara auzitan jartzen duten diskurtsoak, Autogobernua eta Ekonomia Ituna desagerraraztea planteatzen dutenak, hezkuntza, segurtasuna edo osasuna birzentralizatzea proposatzen dutenak. “Ez gaitzatela mezprezatu. Ez gaitzatela gutxietsi. Ez diegu halakorik onartuko. Aurrez aurre izango gaituzte”, ohartarazi du.

Ildo beretik esan du industriak, zientziak eta teknologiak sostengatutako euskal ekonomia indartsu baten alde lan egin behar dela, Herriaren segurtasun integrala maila guztietan bermatzeaz ahaztu gabe: energian, teknologian, kliman, elikaduran, osasun publikoan eta herritarren segurtasunean. Horren harira ohartarazi duenez, "ez dugu onartuko gure alabak eta aitaita-amamak Euskadiko herrietan lasaitasun osoz ezin ibiltzea", eta, jarraian, Ertzaintzari babesa adierazteko mezua igorri du. "Konfiantza eskatzen dizuet, Herri honetan dagokiguna egiten ari garelako", amaitu du azken mezu gisa.

Ekitaldi politikoari hasiera ematea egokitu zaio Iraia Pinedo Euzko Gaztegi-EGIko kideari. Bere hitzetan “GKS, Ernai eta eskuin muturreko mugimenduek edukirik gabeko diskurtsoekin betetzen dituzte plazak. Baina Euskadi ez da zarata hutsean eraikiko: kontu gutxiago eta proposamen gehiago. Aitzakia gutxiago eta konpromiso gehiago Euskadirekin!. Gazte jeltzaleok Herri honen etorkizuna gara”. Ildo beretik berretsi duenez “gure eskariak argi eta garbi daude”, eta etxebizitzaren gaian jarri du fokua: “Etxebizitza eskuragarriak nahi ditugu, eta EAJ lanean dago gazteentzako aukerak sortzeko, gure lehen etxea erosteko abalak eskainiz, etxebizitza berri gehiago eraikitzea sustatuz… Hor dago benetako konpromisoa”. Etxebizitzaz gain, enplegu duina, euskara, berdintasuna, euskal nazio nortasuna eta “gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea” aldarrikatu eta defendatu ditu EGIkideak.

Urtero bezala, Forondan izan dira beste nazioetako ordezkari politikoak: Katalunia, Kanariar Irlak, Galizia, Illes Balears, Valentzia, Alsazia, Okzitania, Alemania, Kurdistan, Angola, Bioko eta Annobón.

Interesatu Zaitez