Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Montero presidenteordearen aurrean kritikatu du Sektore Publikoko Kontratuen Legea "malguagoa" ez izatea, "gerora sortutako kostuak handitzen ari direla" ikusita
"Urteak daramatzagu gerora sortutako kostuak handitzen direla ikusten, eta hori ez da kontratazio publikora eramaten ari. Izan ere, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak galarazi egiten du indarrean dauden zerbitzu-kontratuak berrikustea. Horrek zerbitzu publikoen kalitateari kalte egiten dio eta eragozten du plantillen lan-baldintzak hobetzea". Hala azaldu dio Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Maria Jesus Montero lehen presidenteorde eta Ogasun ministroari sektore publikoko kontratuekin dagoen arazoa.
Sagastizabalen esanetan, zerbitzu-kontratu horiek "gehienbat emakumeek lan egiten duten merkataritza-enpresei, laneratze-enpresei eta gizarte-ekimeneko enplegu-zentroei eragiten diete; hau da, funtsezko zerbitzuei, hala nola garbiketa-kontratuei, lorezaintza-kontratuei, esku-hartze sozialari, segurtasunari edo etxeko arretari". "Erregulazio malgua behar dugu zerbitzu horien prezioak berrikusi ahal izateko", azpimarratu du.
Halaber, ugazaberia eta sindikatuak Euskadin 2.900 kontraturi eragiten dien berrikuspen hori eskatzen ari direla gogora ekarri ondoren, Sagastizabalek txarretsi du "%40tik gorako kostu igoera” onartu izana, Administrazioak ordaindu beharko duena, enpresek Mufaceko lizitazioan parte har dezaten, funtzionarioei osasun-zerbitzu pribatua emateko eta zerbitzu-kontratuetan prezioak berrikustea planteatu ez dezaten". "Hori dena bidegabekeria da batzuentzat, eta pribilegioa besteentzat", nabarmendu du. "Administrazioek kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko aukera izan behar dute, bai eta langileen lan-eskubideak hobetzen ere", azpimarratu du.