Igandeko Hauteskunde Orokorretarako kanpaina ixteko momentuan, Alderdi jeltzaleak minutu bateko isilunea egin du bart gauean Bilbon gertatu den erailketa matxistaren biktimaren omenez
27Azaroak EAJ-PNVk azaroaren 29ko Hauteskunde Orokorretako kanpainari amaiera eman dio euskal herritarrak botoa ematera deituz, Euskal Taldeak Euskadi defenda eta zain dezan, "faxismoa" Espainiaren gobernagarritasunera iristekotan dagoela. Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Imanol Pradales Lehendakariak, Maribel Vaquero Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, Idoia Sagastizabal Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak eta Gorka Urtaran Kongresurako Arabako zerrendaburuak hartu dute hitza kanpaina amaierako ekitaldian. Bertan, minutu bateko isilunea egin dute bart Bilbon gertatu zen hilketa matxistagatik, eta Estebanek, Vaquerok eta Lehendakariak gertaera tragiko hau izan dute hizpide: "Ezta bat gehiago ere!", eskatu du Pradalesek.
Estebanek 'Eusko Gudariak' abestu du Areatza gainezka jarri duten alderdikide eta alderdizaleekin batera, eta adierazi duenez, "Euskadik azaroaren 29an izango du jokoan bere etorkizuna. Zer Euskadi nahi dugun erabakiko dugu. Eta horregatik izan behar dugu Euskal Talde indartsu bat, Madrilen Euskal Taldea Euskadiren ahotsa delako". Hala, EBBren presidenteak euskal herritarrek igandean bozkatzeko dituzten aukerak errepasatu nahi izan ditu. "PPri botoa ematea Vox bozkatzea da", PSOEri botoa ematea, berriz, “orain artekoa ahaztea eta hutsetik hastea da", eta EH Bilduri botoa emateak "ez du balio PP eta Vox geldiarazteko", "kanpainaren erdigunean jarri duten helburu bakarra horixe izan arren". Estebanek azaldu duenez, "EH Bilduk eskubideetan eta askatasunetan emandako aurrerapauso `amaigabeez´” hitz egiten du. “Amaigabeak? Bada, esan dezatela zeintzuk diren horiek, esan ditzatela banan-banan. Zer negoziatu dute, zer lortu dute eta zer emaitza zehatz egiazta ditzakete Euskadirentzat? Nik esaten dizuet: bat ere ez". "EAJ bozkatzea da Madrilen Euskadiren ahots propio bat izatearen alde egitea”, ezarri du.
Imanol Pradalesek bart gauean Bilbon gertatu zen erailketa matxistaz hitz egin nahi izan du eta ohartarazi du Euskadi dela indarkeria matxista sekula onartuko ez duen Herria. “Ezta bat gehiago ere!”, erreklamatu du. Pradalesek PP-Vox bikotearentzako hitzak ere izan ditu: “Ez dizuegu onartuko gurea dena ukitzerik. Ez dugu onartuko guk eraiki duguna hondatzerik. Ez dugu onartuko herri hau zapaltzerik”. “Igandean, pentsa ezazu zure Etxea nola defendatu nahi duzun. Eta, pentsatu, zure Etxea zeinek defendatzea nahi duzun”, azpimarratu du. “Arzalluzek esaten zigun Euskal Etxea erasotzera etorri zirenen aurrean baserriko txakurrarena egitea tokatu zitzaiola berari. Arrotzen aurrean planto eginez”, esan du Lehendakariak, eta hala esan du EAJ “haginka” egiteko gauza ere badela Euskal Etxea erasotzera badatoz. “Ez daitezela konfunditu. Erasotzeko asmoarekin badatoz, guk Etxea zainduko dugu. Eta, haginka egin behar badugu, egingo dugu. Beti Herri honen alde, Herri honetako jendearen alde”, amaitu du.
Maribel Vaquero egungo bozeramaile eta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak genero indarkeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko alegatua egin du atzo Bilbon izandako hilketa matxistaren ostean. Emakumeak EAJ-PNVk defendatzen duen "Euskal Etxearen parte" direla aldarrikatu du. "Genero indarkeria ukatzen dutenei aurre egingo diegu", agindu du, Euskal Taldeak matxismoari aurre egingo diola ziurtatuz: "Hitza ematen dizuet". EAJ-PNVk ez du onartuko "emakumeoi lortzea hainbeste kostatu zaigun eskubideen inboluziorik", eta "berdintasunerako politika publiko guztiak" babestuko ditugu.
Gorka Urtaranek, Kongresurako Arabako zerrendaburuak, Madrilen ere Arabaren interesak defendatzeko Euskal Talde indartsu bat izatearen garrantzia aldarrikatu du, eta Gasteizko alkate gisa zortzi urtez izandako esperientzia aipatu du: "Gasteiz eta Araba Madrilen defendatuko dituen arabarra izan nahi dut, zuen kezkak Kongresura eraman eta konponbideekin itzuli nahi dut". "Behin gugan konfiantza izan zutenei, orain berriro izan dezaten" eskatu die zalantzati dauden pertsonei, "autoritarismoaren gorakadaren aurrean gure demokrazia defendatzeko modurik onena gure autogobernua gauzatzea eta EAJri botoa ematea delako".
Idoia Sagastizabal Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak alderdi jeltzalearen indarra aldarrikatu du Euskal Etxea eraikitzen eta Euskadiren interesak defendatzen jarraitzeko berme gisa. EAJ-PNVren sei letren bidez (Emakumeak, Aurrera, Jendea, Partido, Nación eta Vida), pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektu politiko bat nabarmendu du, "gure abiapuntua eta jomuga direlako", eta autogobernua "beren bizi-kalitatea hobetzeko" tresna gisa. Sagastizabalek gogora ekarri nahi izan ditu Euskal Taldeak Madrilen lortutako lorpen batzuk, hala nola pentsioen balioa handitzea, Estatuak mendekotasuna finantzatzea edo industria bultzatzea, eta Euskadiren defentsan erabakitzeko eta negoziatzeko "ahots propioa" izaten jarraitzeko beharra aldarrikatu du.