EH Bilduk Vox eta Orbánekin batera bozkatu du Europako segurtasun eta defentsa planaren kontra

EAJ-PNVko Oihane Agirregoitia eurodiputatuak planaren alde bozkatu du eta koalizioaren errealismo falta kritikatu du Europak aurrean duen errealitate politiko berriaren aurrean

EH Bilduk Vox eta Orbánekin batera bozkatu du Europako segurtasun eta defentsa planaren kontra  13Martxoak
MartxoaK 13 |
Berria

PARTEKATU

EH Bilduk gaur, asteazkenarekin, Vox eta Viktor Orbán Hungariako lehen  ministroaren Fidesz alderdiarekin batera bozkatu du, Sumar eta Podemosekoek egin duten bezala, Europako segurtasun eta defentsa planaren kontra. Europako Parlamentuak gehiengo nagusi batez onartu du gaur plan hori, aldeko 419 boto jaso baititu, 204 kontrako boto eta 46 abstentzio. Hala, babesa eman diote Europako Alderdi Popularrak, Sozialdemokratek, Berdeen taldeko gehienek eta Renew Europe taldeak, EAJ-PNV barne hartzen duenak.

“Zintzotasunez jokatu behar dugu gure buruarekin. Hemen ez gara gerrara joan beharraz ari. Burujabe izateaz ari gara, gaur egun ahultzen gaituzten mendekotasun asko baititugu. Argi eta garbi hitz egin behar dugu Europak ezinbesteko duela ondo prestatzea datorrenari aurre egiteko, eta beste alorretan bezala zibersegurtasunean ere sendotu beharra duela, bai eta azpiegitura kritikoen babesean, informazio eta komunikazio sistema adimendunetan  eta, jakina, Europako benetako defentsa handiagoan ere. Eta horrek esan nahi du gehiago eta hobeto inbertitu behar dela segurtasunean, era holistiko batean, eta ditugun eta izango ditugun erronka eta mehatxu guztiei aurre egiteko moduan, gainera”, esan du euskal eurodiputatuak.

Eurodiputatu jeltzaleak  era berean kritikatu du EH Bildu eta beste taldeek erakutsi duten errealismo eta pragmatismo falta, zibersegurtasunean eta azpiegitura kritikoei eman beharreko babesean bezalako esparruetan sendotuko gaituen segurtasun politikaren kontra bozkatuz. Politika horren finantzaketa da  orain jorratu behar dena, eta hainbat aukera daude mahai gainean.

Ebazpenak beharrezko jotzen du presaz jokatzea EBren segurtasuna bermatzeko, alde ditugun kideekiko loturak indartuz eta hirugarren herrialdeekiko mendekotasuna murriztuz. Ebazpen horren ondoren, datorren asteko zeregina izango da Europako Batzordeak  defentsarako liburu zuria aurkeztea, neurri zehatzak jaso beharko dituena.

Interesatu Zaitez