Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek era berean ospatu du EAJ-PNVri aitortzea eta itzultzea Parisko Marceau Etorbideko eraikinaren titularitatea, Memoria Demokratikoaren Legea betez: “Egin dena justizia garbia baino ez da”
“Ez litzateke akusazio popularraren izapiderik eman behar fiskaltzak edo kaltetuak izapide judizialarekin jarraitu nahi ez dutenean. Murriztu egin beharko litzateke hori, erabateko abusua eman delako alderdi horretan. Figura arraroa da Europako ordenamendu juridikoan, eta azken hamarkada hauetan erabilpen okerra egin da. Baina uste dut PSOEk aribidean dauden kasuak ixteko planteatu duen aldi baterako xedapena soberan dagoela, Lege Proposamenari indarrik eta sinesgarritasunik ez kentzeko”. Horixe izan da Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak Antena 3 telebista katean egin dioten elkarrizketan egin dituen adierazpenak, PSOEk akusazio popularrak mugatzeko aurkeztu duen ekimen legegilearen aurrean. Estebanek zentzu berean adierazi duenez “akusazio popularraren gehiegizko erabilpena eman da”, baita Euskadin ere: “Juan Mari Atutxaren kasua da, bai eta Manu Ayerdirena ere, Nafarroan, EAJko hainbat alkateena, auzitegietara eraman baitzituzten Bilduren eta haren inguruko entitateen ekimenez, ondoren kasuak auziperatuen alde artxibatu direlarik”.
Parisko Marceau etorbideko eraikinaren titulartasuna aitortu eta EAJri itzultzeko Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaz galdetuta, Euskal taldeko bozeramaileak zera esan du "egin dena justizia garbia baino ez da". "Hau da EAJk bere funtsekin erositako eraikina, Gestapok konfiskatu eta Francoren erregimenari eman ziona. Frantziako auzitegiek, Frantzia okupatuan, hori zuzena zela ebatzi zuten, eta Auzitegi Gorenak, Espainiako legedian atzerrian konfiskatutako ondasunak entregatu ahal izateko legeriaren akats bategatik, ez zigun itzuli. Hori Rajoy presidentearen konpromisoa ere izan zen, ondoren Gobernu honek bereganatu zuena. Eta hori guztia frogatu behar izan dugu. Izugarrizko espediente handia dago, eta ondorio batzuk atera dira, diru hori nondik atera den eta nola datorren.Eusko Jaurlaritza eratu eta Autonomia Estatutua baino lehenagokoa da. Une oro EAJko pertsonak izan ziren, eta ez Eusko Jaurlaritzakoak, eraikin hori kudeatu zutenak. Beraz, hori dena erabat frogatuta dago eta betidanik egin dugun aldarrikapena da. Alderdikide guztientzat da sentsibilitate handiko kontu bat", esan du.