Imanol Pradales: “Euskadi kohesionatua da aukerak eskaintzen dituena, bakoitzak erabaki ahal izan dezan bere bizi proiektua non garatu nahi duen”

Imanol Pradalesek, EAJ-PNVk Lehendakaritzarako proposatzen duen hautagaiak, Araian aldarrikatu du euskal lurralde guztien arteko berdintasuna, eta hitzeman du “Araban Araia eta Gasteiz artean eta Gasteiz eta Erribera Beitiako Manzanosen artean aldiriko zerbitzuak abian jartzeko aukerak” baloratuko direla

Imanol Pradales: “Euskadi kohesionatua da aukerak eskaintzen dituena, bakoitzak erabaki  ahal izan dezan bere bizi proiektua non garatu nahi duen” 07Apirilak
ApirilaK 07 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Lurraldeen arteko berdintasuna bermatu behar dugu. Ezin dugu onartu Euskadi bi abiaduratan eraikitzerik”, ohartarazi du Imanol Pradalesek gaur goizean Asparrenan, Arabako zerrendaburu Joseba Díez eta  eta  bederatzigarren tokian aurkezten den Ana Ruíz de Alegria ondoan izan dituela. EAJ-PNVren Lehendakarigaiak gogora ekarri nahi izan du apirilaren 21ean euskal gizarteak bere etorkizuna aukeratu beharko duela, eta zentzu horretan esan duenez “EAJ-PNVko emakume eta gizonon belaunaldi berri bat dago hemen, eta ilusioa, esperientzia eta kudeaketa kontrastatua eskaintzen ditugu Euskadi ongizate mailan hazi arazteko”.

EAJ-PNVk agenda hirukoitza dauka, 10 Herri konpromiso nagusi jasotzen dituena eta 575 neurri zehatz aurreikusten dituena. Asmo eta neurri zehatzak, errealistak eta kontrastatuak, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko. “Lurra lantzen duten emakume eta gizonek ondo baino hobeto dakite zein garrantzitsua den ereitea, uzta batu ahal izateko. Jakin dakite  patata, erremolatxa edo laborea bere sasoian erein ezean, ondoren ez dela ezer batuko, eta ez dela banatzeko ezer egongo. Eta, jakin dakite herri bat aurrera eramateko, esfortzua eta lana behar direla, egunero gogor lan egitea; horixe baita hobetzeko eta ongizate mailan hazteko modu bakarra. Eta Euskadi, hala eraikitzen da egunero”, azpimarratu du Pradalesek.

Pradalesek defendatu du lan egiten jarraitu beharra dagoela bi abiadurako Euskadi bat egon ez dadin “Euskadi kohesionatu bat da aukerak ematen dituena  gure bizi proiektua gure aukerako tokian garatu ahal izateko. Jarduera ekonomiko eta komertzial bizia izango duten herriak, tokian tokiko merkataritza eta etxe ondoko produktuak aukeratuko dituztenak. Etxebizitza promozio berriak egingo diren herriak, gazteak landa inguruko herrian geratu ahal izan daitezen eta beren herritik joan ez daitezen. Gure ingurune naturala eta lehen sektorea zaintzen duten herriak eta eskualdeak. Enplegu-aukerak eta dinamismo ekonomikoa eskaintzen dituzten enpresa-jarduerak, lurzorua eta industrialdeak dituzten herriak eta eskualdeak. Eta jakina, ondo konektatuta egongo diren herriak eta eskualdeak,  bertan bizi diren guztien mugikortasuna bermatuz", zehaztu du Pradalesek.

Hain zuzen ere, hautagai jeltzaleak mugikortasunaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta eman beharreko urrats gisa aipatu du aldiriko garraio zerbitzuak hobetzea.Urrats hori emango da EAJ-PNVren eta Espainiako gobernuaren artean adostutako akordioari esker gauzatu den transferentziari esker. “Aldiriko trenen zerbitzua Eusko Jaurlaritzari transferitzean aukera berriak zabaltzen zaizkigu hemen, Araban, eta Euskadi osoan. Aukera berriak, etorkizuneko Euskadira hurbiltzen lagunduko digutenak. Eta gaur, hemen, Araian, zuen aurrean hitzematen dut  aztertu egingo dugula aldiriko zerbitzu berriak jartzea Araban Araia eta Gasteiz artean eta Gasteiz eta Erribera Beitiako Manzanosen artean, eta hiriburuarekin konektatzeko zerbitzu arin eta kalitatezkoaren bidez. Eta ez bakarrik Araban. Euskadi osoan baizik, puntako orduetan, asteburuetan edo ekitaldi bereziak direla eta, aldiriko zerbitzuak hobetu ahal izango ditugu", iragarri du.

Halaber Pradalesek lehen sektorearen defentsa trinkoa egin du, bai eta berrikuntzaren eta teknologiaren bidez haren eraldaketa bultzatzearen garrantziarena ere, ez bakarrik lehiakorragoa eta iraunkorragoa izateko, baizik eta baita sektore horretan lan egiten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko ere. "Lehen sektorea da  Euskadi landatarraren eta itsasertzekoaren bihotza. Eta estrategikoa da elikatzen gaituelako, lurraldea kudeatzen laguntzen duelako, gure paisaiari itxura ematen diolako eta natura-ingurunea zaintzen duelako. Eta bere ondoan egon behar dugu, bere alde egin behar dugu. Horregatik, Elikadura Katearen Legea hobetuko dugu, administrazio publikoarekiko izapideak eta burokrazia sinplifikatuko ditugu, eta prestakuntzarekin eta espezializazioarekin lagunduko diegu. Ildo beretik, berritzen jarraituko dugu lehiakorragoak izateko. Izan ere, bizimodua lurra lantzetik, abeltzaintzatik edo arrantzatik atera nahi duenak  bizi-proiektu duina eraikitzeko eskubide osoa du. Lehen sektorea ere etorkizuneko ekonomia berriaren parte izan dadin eta Herri hau ongizate mailan hazi arazteko", amaitu du Pradalesek.

Hazten ikusi zuen herritik, Joseba Díez Antxustegik hitza eman dio, bere esanetan “Euskadiko hurrengo Lehendakariari”. “Hau ez da hitz egiteko modu soil bat”, esan du Arabako zerrenda jeltzaleko buruak. “Imanol Pradalesek aurkeztu duen programa ez da hauteskunde kanpaina baterako egin den proposamen polit bat: lau urteotan gobernatzeko hitzematen duen konpromisoa da. Proposamen errealistak egin ditugu. Ez ditugu ezinezkoak agindu, bete ditzakegunak besterik ez”, ziurtatu du Díez Antxustegik. “Egindakoak ematen duen eskarmentua dugu , bai eta etorkizunean nola hobetuko dugun esateko legitimitatea ere”.

Interesatu Zaitez