EAJ-PNVk harridura, desadostasuna eta kezka adierazi du EAEko Auzitegi Gorenak Irungo Udaltzaingoaren hizkuntza eskakizunen inguruan eman duen epaiaren aurrean

Euzkadi Buru Batzarrak uste du inola ere ezin dela “diskriminatzaile” jo herri administrazioko langile bati hizkuntza ofizial biak ezagutzea exijitzea, eta salatu du epaiak herritar euskaldunen eskubideak urratzen dituela

EAJ-PNVk harridura, desadostasuna eta kezka adierazi  du EAEko Auzitegi Gorenak Irungo Udaltzaingoaren hizkuntza eskakizunen inguruan eman duen epaiaren aurrean 18Maiatzak
2021
2021 MaiatzaK 18 |
EBB

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarrak publikoki adierazi nahi du bere harridura, desadostasuna eta kezka, EAEko Auzitegi Gorenak iragan maiatzaren 11n Irungo Udalari helarazi zion epaiaren aurrean, zeinetan “diskriminatzaile” jotzen baitu euskararen ezagutza exijitzea Udaltzaingoan plaza bat lortzeko aukera izateko. Esandako epaian baieztatzen da nahikoa dela patruila bakoitzeko udaltzain batek euskara ezagutzea hiritargoaren hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko. Atzo egin zuen bileran EBBk gai hau jorratu zuen, eta ondorengoa adierazi nahi du:

-Esandako epaiak eragin digun harridura, desadostasuna eta kezka adierazi nahi dugu, Herri honek bizi duen errealitatearen kontra baitago. rabaki honek erabat urratzen ditu herritargo euskaldunaren hizkuntza eskubideak, euskal erakundeen autogobernua ahultzen du eta udalen autonomia mugatzen du. Egoki eta beharrezko jotzen dugu Irungo Udalak aurkeztu duen errekurtsoa.

-EAEko administrazioek garatu eta aplikatu duten hizkuntza-politika oso malgua da, gaur egun ematen diren askotariko errealitate soziolinguistikoetara egokituta dago eta indarrean jarraitu behar du malgutasun eta malgutasun-ezaugarri horiek zainduz.

-86/1997 dekretuak ezartzen du Udaltzaingoan euskararen ezagutza lehenetsi behar dela herritargoarekin harreman zuzena duten langileak direlako; beraz, beharrezkoa da hauek euskara ezagutzea hiritargo osoaren hizkuntza eskubideak bermatzeko. 2016an, EUSTATen datuen arabera, Irunen %60,32 zen euskalduna.

-Irungo Udaltzaingorako deialdiak indarrean dagoen legeria betetzen du eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza-Politikarako Sailburuordetzaren txostena du bere alde. Oniritzia ere jaso du Irunen Euskararen Erabilerarako egin den Planak.

-Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko legeak, 1982koak, eta ondoren egin zen garapenak erdigunean jartzen dituzte hiritargoaren hizkuntza eskubideak, EAEko Auzitegi Gorenaren epaiak Administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea gutxiesten eta baztertzen duen bitartean. Hiritargo euskaldunak eskubidea du eta izan behar du langile publiko guztiekin euskaraz mintzatzeko.

-Horregatik guztiagatik uste dugu EAEko Auzitegi Gorenak auzitan jartzen duela Euskadin azken 40 urteotan euskararen defentsan eta bere sustapenerako egin den hizkuntza-politika, euskal hiritargoaren gehiengo nagusi baten babesa jaso duena eta zeinaren ekimenek kontrol administratibo eta juridiko guztiak gainditu baitituzte, hauek indarrean jarri ahala. Auzitegiak, bere epaiarekin, ahuldu egiten ditu euskaldunok herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan finkatu ditugun oinarri sendoak.

Halaber, atzoko bileran, Euzkadi Buru Batzarreko burukideek adierazi zuten euskarak Nafarroako Foru Komunitatean bizi duen egoerak eragiten dien kezka, hainbat erabaki politikok gehi borondate politikorik ezak halako harresi bat eraikitzea eragin dutelako hizkuntza-normalizazioan aurrerapausoak eragozteko eta euskara ezagutzen eta erabiltzen duten herritarren eskubideak bermatzeko eta diskriminazioa saihesteko.

Interesatu Zaitez