Ortuzar: “Inork ur nahasitan arrantzan egin nahi badu eta Euskadira ezegonkortasuna ekarri nahian badabil, EAJkoak aurrez aurre izango gaitu”

EBBko presidenteak uste du lehenetsi beharrekoa dela Katalunian 155. artikuluaren aplikazioa ekiditea. “Puigdemont presidenteak deitutako hauteskundeek hori saihestuko balute, nik deitu egingo nituzke”

Ortuzar: “Inork ur nahasitan  arrantzan egin nahi badu eta Euskadira ezegonkortasuna ekarri nahian badabil, EAJkoak  aurrez aurre izango gaitu” 24Urriak
2017
2017 UrriaK 24 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak mezu argi bezain garbia bidali die beren asmo partidistek gidatuta inoren arazoak baliatu eta Kataluniako krisi politikoaren ondorioz Espainiar estatuan bizi den ezegonkortasuna Euskadira ekarri nahian dabiltzanei: “Hemen batzuk daude ur nahasitan arrantzan egin nahirik Euskadira ezegonkortasun politikoa ekarri nahi dutenak, eta guk hori ez dugu onartuko. Alderdi Egunean esan nuen: Euskadira ezegonkortasun politikoa,ekonomikoa eta soziala ekarri nahi duten guzti horiek aurrez aurre izango gaituzte”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, EAJ-PNVk PSE-EErekin Euskadiko erakunde nagusietan dituen akordioak sutsuki defendatu ditu, akordio horiek ez baitira kaltetuak izango alderdi biek Estatu ereduari buruz eta Euskadik Espainiako estatu barruan izan dezakeen egokitzapenari buruzko ikuskera ezberdinak izan arren eta Katalunian 155. artikuluaren aplikazioari buruz ezberdin pentsatu arren. Artikulu horri dagokionez eta bere aplikazioa “ zentzugabekeria demokratiko eta politikoa” dela esan ondoren, jeltzaleen buruak EAJren jarrera azaldu du: Generalitateko Presidenteak hauteskundeak deitzearekin 155. artikulu hori aplikatzea ekidingo balu, nik egin egingo nuke (hauteskundeak deitzea) eta uste dut Kataluniarentzat ona izango litzatekeela”.

Ortuzarrek baieztatu du PSE-EErekin daukaten akordioa sendoa dela, emaitza onak ekarri dituela eta ez dela ahulduko jeltzale eta sozialistek lurraldearen inguruan daukaten ezbaiagatik. Egoera horretan EAJk eta PSEk lankidetza “zintzoari” eutsi ahal dioten galdetuta, Ortuzarrek zera erantzun du: “Zintzoa da eta gobernu akordioa adosteko orduan lehenengo eta behin hitz egin genuen Estatua ulertzeko ditugun ikuskera ezberdinez eta autogobernuari buruz ditugun ezbaiaz. Baina hori logikoa da alderdi ezberdin biren artean.Alderdi Sozialistarekin zehatz mehatz egituratutako gobernu ituna daukagu eta itun hori sendoa dela eta egoera onean dagoela erakusten duen froga-harria ituna bera da: ezarritako helburuak eta konpromisoak bete daitezela. Bilduk, inorekin akordioetara iristeko gai ez den alderdiak, guri norekin eta zertaz hitzartu ahal dugun esatea….. Hemen batzuek ur nahasitan egin nahi dute arrantzan eta Euskadira ezegonkortasun politikoa ekarri nahi dute, baina guk ez dugu halakorik onartuko”. Eusko Jaurlaritzak gaur onartu dituen Aurrekontuez galdetuta, jeltzaleen buruak zera erantzun du “ ilusio handia daukagu Aurrekontu hauekin, krisiaren tunelaren amaierako argia erakusten digutelako. Uste dugu aukera bat egon baddagoela, Administraziotik, krisitik ateratzeko laguntzen joateko, eta ezin da aukera hori alferrik galtzen utzi. Elkarrizketa politikoa eskainiko diegu Eusko Legebiltzarreko aukera guztiei”.

Ortuzar Kataluniaz mintzatu da eta argi eta garbi azaldu du zein diren EAJren baldintzak: “lege barruan dauden erakunde horiek hartutako erabakiak errespetatzen ditugu eta errespetatuko ditu eta Kataluniako Govern eta Parlamentua zilegiak dira ”. Ortuzarrek lehenetsi beharreko jotzen du 155. artikuluaren aplikazioa ekiditea “dramatikoa izango litzateke, ez luke inolako konponbiderik eskainiko eta krispazio eta gatazka ekarriko lioke Kataluniako egoera politikoari, baina baita Espainiakori ere”. Puigdemontek hauteskundeak deitzearekin 155. artikuluaren mehatxua desagerraraztea lortuko ote duen galdetuta, Ortuzarrek zera baieztatu du “guztiz ezberdinak dira Kataluniako lege barruan eta Kataluniako erakundeek deitutako hauteskundeak, President jaunak deituak, alde batetik, eta 155. artikuluaren babespean Kataluniako autonomiaren kudeatzaile berriek deitutakoak,bestetik. Nik, aukeran, lehena dut nahiago. Eta uste dut geldiarazi beharko luketela (155. artikulua). Ni ez naiz inor Puigdemont jaunari zer egin behar duen esateko. Elkartasuna adierazi diot, baina ez bakarrik politikoki, pertsonalki ere bai, oso une konplikatua bizi duelako, oso erantzukizun handiarekin. Nire gomendio apala onartzen badu, Presidenteak hauteskundeak deitzearekin 155 artikuluaren aplikazioa ekidingo balu, nik egin egingo nuke, eta uste dut Kataluniarentzat ona izango litzatekeela”. Kazetariak galdetu dionean erabaki hori “amore ematea“ bezala hartuko ote litzatekeen, jeltzaleen buruak `ezetz´ borobila erantzun du. “Guztiz alderantziz. Betidanik esan dugu Kataluniako auzia eta euskal auzia, hautestontzietatik igaro behar direla. Kataluniako lege barruan eta President-ak berak deitutako hauteskundeek benetan erakutsiko lukete kataluniar herriak une honetan zer nahi duen. Hauteskundeek erakutsiko dute zenbat diren gauza baten alde eta bestearen alde dauden pertsonak. Hauteskunde horiek argitasuna emango lukete”.

Ortuzarri galdetu diote EAJk itxi ote duen Madrilen Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko atea. “Bospasei hilabete daramatzagu Madrilen egingo dugunari buruzko galderak erantzuten… eta Madriletik ez digute ezertarako deitu. Urriaren 1az geroztik egin ziren lehen errondetan ere ez ginen egon (Rajoyk ireki zituenak) …… eta logikoa iruditzen zait, Madrilek ondo baino hobeto dakielako gure jarrera politikoa zein den. Eta Madrilen gehiengo berri bat sortu delako, 155. artikuluaren gehiengoa,alegia: PP, PSOE eta Ciudadanos. Eta logikoa da 155 artikulu honen inguruan ados jartzeko gai izan direnak, hau da, LOAPA legeaz geroztik Estatuan hartu den erabaki politiko handienarekin, logikoa da gainerako kontu politikoak ere kudeatzea denak koherentzia bat izan dezan. Guk ez dugu aterik ixten, denekin hitz egiten jarraituko dugu, baina logika politiko batzuk daude. Logikoena litzateke PSOEk eta Ciudadanostek PPri horren gai garrantzitsu batean babesa eman badiote, Gobernu horren jarraipena ere ahalbidetzea. Inork 155 artikulu hau, aplikatzekotan, egun bateko kontua izango dela pentsatzen badu, guztiz erratuta dago. Honek, zoritxarrez, denbora bat iraungo du. Eta Madrilen gai hori kudeatuko duen gobernu bat beharko da, Eta, jakina, Gobernu bat behar bada, Gobernu horrek Aurrekontu batzuk izan beharko ditu, gainerako legeak atera beharko ditu. Nik uste dut PSOEk kalkulu hori egina duela operazio honetan sartu orduko”.

 

Interesatu Zaitez