Ortuzar: “Madrilen ez gara inorekin ezkonduko, gure lehentasuna Euskadin hasten eta amaitzen delako”

EBBko presidenteak Pedro Sánchez gonbidatu du nazio aniztasunaz duen ideia argitzera. “Euskadi nazio gisa aitortzeak ez badu alde biko harremana finkatzeko balio, bidai horretarako ez da horren zakuto handirik behar”

Ortuzar: “Madrilen ez gara inorekin ezkonduko, gure lehentasuna Euskadin hasten eta amaitzen delako” 26Ekainak
2017
2017 EkainaK 26 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJk eskuak libre ditu edozein talde politikorekin adosteko, dela gai bati edo besteri buruz, Diputatuen Kongresuan zein Senatuan. 2017ko Estatuko Aurrekontu Nagusien inguruan Espainiako Gobernuarekin adostutako akordioak ez du inola ere talde jeltzalea baldintzatzen, akordioaren arabera dagokiona bete egin duelako Estatuko Kontuak onartzea ahalbidetu duenean. Orain, Espainiako Gobernuari dagokio berari dagokiona betetzea. Horrela gertatzen dela egiaztatzeko behatzen ari den bitartean, EAJ-PNVk orain artekoa egiten jarraituko du: Euskadiko interesak defendatzea. Eta gai bakoitzerako, izapide bakoitzean, bidelagunik egokiena bilatuko du defentsa hori ondoen egin ahal izateko. “Ez gara inorekin ezkonduko. Inork ezin du espero guk txeke zuria ematea, eta ez guru gure gain hartuko Espainian egonkortasuna zaintzeko ardura” esan du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek onartu du Diputatuen Kongresuan Euzko Abertzaleak Taldeko bost diputatuen botoak garrantzitsu bihurtu direla,baina aldi berean esan du bost boto horiek funtzio bat dutela: Euskadiko interesak defendatzea. “Inork ez digu ezarri Espainiako gobernagarritasuna zaintzeko ardura. Euskal alderdi abertzalea gara, ezaugarri hori izenean daramagu eta guretzat lehentasun nagusiena Euskadin hasi eta amaitzen da. Espainiako egonkortasuna zaintzea Espainian gobernu ardurak dituztenei dagokie. Beraiek jakingo dute nola kudeatzen duten eta gehiengoak nola lortzen dituzten. Gu hitz egiteko prest gaude eta, baldintzak onak badira, adosteko ere bai. Estatu mailako alderdi guztiekin ditugun harremanei begiratzerako orduan neurri berbera ezarriko dugu: Euskadiren interesa eta Euskadirentzako ona dena. Eta erabakiak horren arabera hartuko ditugu” baieztatu du Ortuzarrek.

Jeltzaleen buruak PSOEri eta alderdi honen idazkari nagusi Pedro Sánchezi eskatu die beren nazio aniztasun ideia argitzea. “Euskadi nazioa dela aitortuta, eta hori da guk pentsatzen duguna, nazio horrek eskubide politikoak dituela aitortu beharko da,hau da, subjektu politikoa dela, bere eskubideak aitortu behar zaizkiola eta, batez ere, eskubide horiek balia ditzakeela. Nazio garela aitortuta ere, horrek ezer suposatzen ez badu, bidai horretarako ez dugu horren zakuto handirik behar”, ohartarazi du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruarentzat, gai horren abiapuntu nagusia da Euskadi nazioa dela aitortzea eta, beraz, Estatuarekin harreman alde biko harremana izateko eskubide osoa duela: “Ekonomia Itunaren esparruan egin daitekeena, Estatuarekiko finantza harremanen esparruan egin daitekeena, hau da, harreman bilaterala, zergatik ezin da gai politikoetara eraman? Bide erdia ibilia dugu jada. Zergatik ez arakatu bidearen bigarren zatian geratzen zaiguna?” galdetu du.

Ortuzarri galdetu diote Gernikako Estatutuaren betepen osoa ote den EAJk Madrilen oraingo legealdirako duen helburuetako bat  eta betepen horren arabera babesa emango ote zaien 2018ko Estatuko Aurrekontuei. “Estatutuaren betepena ez dagokio EAJri, baizik eta Euskadiko eta Espainiako gobernuei. Baina gu, alderdi gisa, oso adi egongo gara Administrazio zentralaren aldetik Estatutuaren betepenaren inguruan dagoen konpromisoa ikusteko, guretzat gai hori oso garrantzitsua izango delako Espainiako Gobernuaren borondate politikoa neurtzeko orduan. Borondate politikoa badago, guretzat errazagoa izango da Aurrekontuak negoziatzeko prozesuan sartzea. Borondate politikorik ez badago, gure babesa nahi edo behar ez dutela ulertuko dugu” erantzun du. Ortuzarrek Estatutuaren betepen osoan ikusten du Estatus Berrirako abiapuntu ona, Eusko Legebiltzarra Estatutu Berri hori idazteko prozesuan ari delarik. “Jakin dakigu egon badaudela Gernikako Estatutua osatzeko kontu konplikatu eta konplexuak, baina horretarako denbora badago. Estatutua baldintzarik onenetan betetzea,bere izpirituaren arabera eta Estatutuan esandakoa betez, Estatus Berrirako bidea behar bezala hastea litzateke, hori delako guk Gernikako Estatutua ordezkatzea nahi dugun izate juridiko-politiko berria, iraganeko zamarik gabe. Oinarrizko legeen bidez, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen bidez gure autogobernua indargabetu eta narriatu duten eta gure burujabetza eta autogobernua berreskuratzeko lana kaltetu duten kontu batzuk konpontzeko aukera emango liguke. Hori da guk espero duguna: aldi honetan Administrazioen arteko negoziaketa mahaia irekitzea, gai horietan guztietan aurrera egiten jarrai dezan”.

Interesatu Zaitez