Opinión
12Junio
2005
12 |
Opinión

ZATIEZINA ZATIGARRI

Opinión
Junio 12 | 2005 |
Opinión

ZATIEZINA ez daiteke zatigarri izan. Hala ere, zatiezina zatituko ote den beldur da Bono ministroa. Ala armada loxintxatzeko bakarrik errepikatzen ote du? Beste estaturen batek Espainiaren zatiren bat bereganatu nahi duenean egin beharko lioke bere armadari gerrarako deia Bonok. Edo Zapaterok, bakearen truke, Espainiaren zati bat salduko ote duen beldur ote? Herritarrek demokratikoki erabaki dezaketenaren kontra armadari gerrarako deia egingo ote lioke, bada, ministro demokrata batek?

Dena ardaila hutsa ote den, dirudi, batzuetan. Su festak, alegia. Dena eztanda eta danbada, dena ñirñirra eta distira. Beste batzuetan, berriz, norbait badabilela zerbaitetan, dirudi. Izan ere, inor ezertan ez badabil, norbait espetxeratzen dutenean edo bonba bat lehertzen denean zergatik esaten da «bakearen atea ostikoz jo da»? Ala, bakearen nahia hainbestekoa denez, zapuztu izanaren erantzule inork agertu nahi ez duelako itxurak egiten gabiltza?

Bakea egiten ariko bagina urratsen batzuk ere ikusiko genituzke. Poliziek eta epaileek beren lanari ezin egingo diote uko, noski, Arnaldo Otegik eta enparauek nahiko luketen bezala. Besterik da nola-halako atxiloketak, espetxeratzeak, epaiketak, tratu txarrak eta gehiegikeriak salatzea. Eta zerk eragozten du presoak Euskal Herrira hurbiltzea? Gizabideak ezezik legebideak ere ez al du hori eskatzen? Ezinbestekoa da Estatuaren gehiegikeriak salatzea eta besteak egin behar dituen urratsak egiteko eskatzea. Baina Otegik eta osterantzekoek ez al liokete beste inori baino lehenago ETAri eskatu beharko? Armak uzteko benetako gogoa duenik ez du erakutsi orain arteko historian. Historian oinarriturik, gehienok haren borondatea zalantzan badugu, beste askok, haren idatzietan oinarriturik, borroka armatua uzteko asmorik baduenik ere ukatu egiten du.

Euskal erakundeak lorrean jartzeko eta abertzaletasun demokratikoa itoarazteko batzuen eta besteen joko maltzur eta makurra besterik ez ote den guztia, dirudi, askotan.

COMPARTE