Dena ardaila hutsa ote den, dirudi, batzuetan. Su festak, alegia. Dena eztanda eta danbada, dena ñirñirra eta distira. Beste batzuetan, berriz, norbait badabilela zerbaitetan, dirudi. Izan ere, inor ezertan ez badabil, norbait espetxeratzen dutenean edo bonba bat lehertzen denean zergatik esaten da «bakearen atea ostikoz jo da»? Ala, bakearen nahia hainbestekoa denez, zapuztu izanaren erantzule inork agertu nahi ez duelako itxurak egiten gabiltza?
Bakea egiten ariko bagina urratsen batzuk ere ikusiko genituzke. Poliziek eta epaileek beren lanari ezin egingo diote uko, noski, Arnaldo Otegik eta enparauek nahiko luketen bezala. Besterik da nola-halako atxiloketak, espetxeratzeak, epaiketak, tratu txarrak eta gehiegikeriak salatzea. Eta zerk eragozten du presoak Euskal Herrira hurbiltzea? Gizabideak ezezik legebideak ere ez al du hori eskatzen? Ezinbestekoa da Estatuaren gehiegikeriak salatzea eta besteak egin behar dituen urratsak egiteko eskatzea. Baina Otegik eta osterantzekoek ez al liokete beste inori baino lehenago ETAri eskatu beharko? Armak uzteko benetako gogoa duenik ez du erakutsi orain arteko historian. Historian oinarriturik, gehienok haren borondatea zalantzan badugu, beste askok, haren idatzietan oinarriturik, borroka armatua uzteko asmorik baduenik ere ukatu egiten du.
Euskal erakundeak lorrean jartzeko eta abertzaletasun demokratikoa itoarazteko batzuen eta besteen joko maltzur eta makurra besterik ez ote den guztia, dirudi, askotan.