Opinión
30Enero
2005
30 |
Opinión

ESPEZIE BABESTUAK

Opinión
Enero 30 | 2005 |
Opinión

Mikel Atxaga

Opinión

Deia


EREIN DUTEN haziaren fruituak ari gara jasotzen: harrotu zuten hautsa lohi bihurtu da. Biktimen manifestaldietan lehendakaria eta EAJko agintariak iraintzen eta astintzen zituztenean, «biktimek arrazoi dute beti» esanaz zuritzen zituzten jarrera erasokor horiek PPK eta PSOEk. Eusko Legebiltzarreko buruari, Euskadiko gehiengoaren ordezkariari, Joan Mari Atutxari, kongresuko sarreran egindako itxuskeriak ere ez ziren salagarriak. Ezta Getxoko alkateari egindakoak ere. Jose Bonori, Jordi Sevillari eta abarri egin zaizkienean eta Zapatero eta Peces-Barba non diren galdetu zaienean asaldatu egin dira sozialistak. «Eta biktimen minagatik bost axola zaielako alderdikeriarako erabiltzen dituzte», salatu dute. Eusko Jaurlaritzak eta alderdi abertzaleek horrelako zerbait esaten zutenean «borreroen alde eta biktimen kontra» jokatzea egozten zitzaien.

Aspaldi hasi zen Aznar buru zuen PP mendeku eske. Eta neurri, lege eta zigor mendikatiak onartzeko garaian lagun leial izan du Zapateroren PSOE. Bat-batean burutzen den heriotz-zigorra Konstituzioak eragotzia duenez, «espetxean usteltzea» erabaki dute, preso bakoitzak bergizarteratzeko duen eskubidea ukatuz. Espainiaren izenean eta Euskadiren izenean egindako hilketak, torturak eta erasoak ere ez dira berdin epaitzen eta zigortzen. Laster atera zituzten kartzelatik Barrionuevo eta Vera. Galindok ere ez ditu urte asko egin. Espezie babestu gehiegi da frankismoarekin eten ez zuen demokrazia honetan. Eta azken urteotan, galgatu ordez, harrotu eta laineztu egin dira, gainera.

Terrorismoaren eta abertzaleen kontra edozer zilegi balitz bezala jokatu dute Espainiako agintariek, kazetari, iritzi-emaile, berriketari eta politiko askoren oniritziz. Harritu egiten al gara zenbait jenderen jokabidearekin? Heriotz-zigorra eskatzearekin? Elkarrizketa entzun orduko asaldatzearekin? Abertzaletasunaren kontra ereindako hazia PPren eta PSOEren arteko burruka bide bihurtu da.

COMPARTE