Aspaldi hasi zen Aznar buru zuen PP mendeku eske. Eta neurri, lege eta zigor mendikatiak onartzeko garaian lagun leial izan du Zapateroren PSOE. Bat-batean burutzen den heriotz-zigorra Konstituzioak eragotzia duenez, «espetxean usteltzea» erabaki dute, preso bakoitzak bergizarteratzeko duen eskubidea ukatuz. Espainiaren izenean eta Euskadiren izenean egindako hilketak, torturak eta erasoak ere ez dira berdin epaitzen eta zigortzen. Laster atera zituzten kartzelatik Barrionuevo eta Vera. Galindok ere ez ditu urte asko egin. Espezie babestu gehiegi da frankismoarekin eten ez zuen demokrazia honetan. Eta azken urteotan, galgatu ordez, harrotu eta laineztu egin dira, gainera.
Terrorismoaren eta abertzaleen kontra edozer zilegi balitz bezala jokatu dute Espainiako agintariek, kazetari, iritzi-emaile, berriketari eta politiko askoren oniritziz. Harritu egiten al gara zenbait jenderen jokabidearekin? Heriotz-zigorra eskatzearekin? Elkarrizketa entzun orduko asaldatzearekin? Abertzaletasunaren kontra ereindako hazia PPren eta PSOEren arteko burruka bide bihurtu da.