Iñigo Ansola Kareaga 1974ko abuztuan jaio zen Markina-Xemeinen, sustrai jeltzale eta abertzale sendo eta sakonak dituen familian, betiko abertzaleak baitira Teresa amaren aldetik zein José Antonio aitaren familiaren partetik. “Familia abertzale batean hazi nintzen, Alderdia eta herrigintza eguneroko ogi eta bizimodu baikenituen. Hiru anaiok, arreba eta bostok printzipio horietatik ikasi dugu eta uste sendo horiekin hazi izan gara”, dio Bizkai Buru Batzarraren presidente aukeratu berriak. Aita zinegotzi izan zen Trantsizio garaian eta 2000ko lehen hamarkadan. Osaba, Ángel Kareaga, Markina-Xemeingo alkate izan zen 1999-2003 legealdian. Ansolak bere aurrekoen lekukoa hartu eta luzatu zuen 2003an zinegotzi aukeratua izan zenean; 2015 urtera arte egon zen karguan.
Ezagutzean, distantzia laburrean, argi ikusten da Iñigo Ansola gizon “adeitsu, gogoetatsu eta hurbila dela, oso hezibide onekoa”. Baina, “bost minutu eskas baino ez dira behar, esandakoaz gain, oso pertsona umoretsua dela ikusteko; horrez gain, konpromisoak hartu ohi ditu sinisten dituen gauzekin, eta beti dago entzuten eta ikasten jarraitzeko prest”, esan dute lagunek eta ezagunek BBBren presidentearen izaera deskribatzeko. Ezaugarri horiei beste hiru gehitu behar zaizkie “etxean ikasitakoak”, eta bere bizitza erabat baldintzatu dutenak. Arestian esandakoaz gain, Ansola baita abertzale, euskaltzale eta humanista petoa.
Bizimodu ia osoa egin du Markina-Xemeinen “ez daukat hemendik alde egiteko asmorik, neure babeslekua delako”, dio harrotasun puntu batez bere jaioterriaz hitz egiten duenean. Bertan egin zituen lehen ikasketak. Sasoi hartan OHO egin zuen Berakruz Ikastolan, eta oroimen eta ikasbide ederrak gordetzen ditu garai hartatik. Gogoan darama oraindik Karmen Troconiz andereñoa “Matematika irakasle aparta izateaz gain, pertsonak baloratzen irakatsi ziguna, itxurari erreparatu gabe”. Halaber, gogoan du berrikitan zendu den “Luis Baraiazarra handia, bertsotan irakatsi ziguna”; eta Pilar Elustondo “bihotz handiko pertsona”. “Oraingo lagunartean ere orduko ikaskideak ditut”, dio irribarretsu. Ondarroako institutuan jarraitu zituen BBB eta UBI ikasketak, eta ondoren Ingeniaritza Teknikoa egin zuen EHUko Gasteizko campusean. Arazo pertsonalengatik, karrera amaitu aurretik lan-munduan sartu behar izan zuen. Euskara da bere ama-hizkuntza, eta gaztelaniaz gain ingelesez aritzeko gaitasuna du.
Gazte denboran, EAJ-PNVren EGI gazte erakundeko militante izanik, Alderdiarekin harreman estua izan ondoren, 1994an, Iñigo Ansola EAJ-PNVn alderdikidetu zen Markinako Uri Erakundean. Orduz geroztik hainbat barne erantzukizun hartu ditu bere gain. Markina-Xemeingo Uri Buru Batzarraren presidente izateaz gain, Bizkaiko ordezkari izan da Aberri Batzarrean (EAJ-PNVren organo gorena) eta Bizkaiko Herrialde Batzarraren Mahaiburu izan da (Bizkaiko jeltzaleen organo gorena).
Ibilbide profesional osoan jarri du praktikan EAJ-PNVrekiko konpromisoa, bai enpresa pribatuan, bai erakunde publikoetan. Horrela, zortzi urtez aluminioa eta zamak injekzioz galdatzeko teknikari lanetan aritu zen sektoreko hainbat enpresatan, harik eta 2003ko urrian Lea-Artibaiko Mankomunitateko buru aukeratu zuten arte. Orduan hasi zuen zerbitzu publikoari lotutako ibilbidea. Lau urte geroago, 2007an, Bizkaiko Foru Aldundiko Uren zuzendari izendatu zuten. Erakunde horretan eta sasoi berean Imanol Pradales egungo Lehendakaria aritu zen. Belaunaldi berekoak izanik, gauza asko partekatzen dituzte, horien artean abertzaletasuna eta Alderdia. 2011ko irailean, Ansola foru erakundeko Ingurumen Azpiegituren zuzendari izendatu zuten. Zerbitzu publikoan egin duen ibilbidean hurrengo helmuga Eusko Jaurlaritza izan zen, lehenik eta behin URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari gisa (2013-2016) eta, ondoren, EEE-Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari gisa (2016-2024). Ibilbide profesionaleko eta konpromiso politikoko urte hauetan guztietan, Iñigo Ansolak erakutsi du berezko gaitasuna duela lantaldeak gidatzeko, bereziki gaur egun gizarte gisa eta erakundeen aldetik esku artean izan beharko genukeen eta EAJ-PNVrentzat atzeratu ezin den erronkarik handienetakoari heltzeko orduan: trantsizio energetikoa. Iñigo Ansolarentzat ere bada arreta eta konpromisoa exijitzen duen gaia.
Zaletasunei dagokienez eta kultur adierazpenen alorrean bereziki, Ansola jakinmin handiko gizona da. Etxean eta lagun artean ‘Txanbo’ esaten diote, Markina-Xemeinen eta inguruetan Ansola familia osoari eman dioten ‘Txanbolin’ ezizenetik datorren (txanbolindar hitzetik datorrena). “Gure aita dator 250 urtetik gorako musikari eta txistularien leinu luze batetik; hortik datorkigu ezizena, eta ni ‘Txanbo’-rekin geratu nintzen”. Amaren aldetik ere euskal kulturak garrantzi handia izan du familia osoan. Osaba, Ángel Kareaga, dantza solteko Bizkaiko eta Euskal Herriko txapeldun izatera iritsi zen Garbiñe Arrate dantza-bikotekidearekin. Kareagak eta Arratek lan handia egin zuten Markina-Xemeingo dozenaka neska-mutilei euskal dantzak irakasten. Nolako zura, halako ezpala, eta Ansola bertsolaritza munduan sartu zen eta euskararekiko maitasun eta konpromisoak gidatu izan du beti. “Euskaltzale” hitzarekin definitzen du bere burua, eta bizkaieraren defendatzaile sutsua da.
Gogo horrek berorrek eraman du kirola maitatzera eta bere bizitzan zehar askotariko diziplina praktikatzera. Markinarra izanik, pilotan aritu zen eta futbola probatu zuen. “Baina izatez, mendizale eta korrikalaria naiz, praktika horiek naturaz gozatzeko aukera ematen didatelako, nire pasiorik handienetakoa. Bertan lortzen duzun bake eta askatasun sentsazioak ez du parerik”. Dagoeneko igo dituen mendiak zenbatzeari utzi dio, euskal tontorrak batzuk eta Pirinioetan edo Alpeetan beste batzuk, baina ilusioz gogoratzen du 2023an, Annapurnan (Himalaia mendilerroan) Alex Txikon lagun handiarekin egin zuen hamar eguneko trekking hura. Aukera daukanean, bidaiatzen saiatzen da “leku, pertsona eta kultura berriak ezagutzeko. Asko ikasten dugu inguruan ditugun pertsona guztiengandik, guztiz aberasgarria da”, ziurtatu du Bizkai Buru Batzarraren presidente berriak.