1970an jaio
Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendaria
Soziologian Lizentziatua
Nerea Melgosa Vegak, EAJ-PNVko Euzkadi Buru Batzarreko kideak, erabateko dedikazioa eskaintzen dio bere inguruari, inguratzen duen guztiari. Ezagutzen dutenek, dela adiskidetasunagatik, dela hainbat erakunde-eremutan esperientzia handia duelako, dela Gasteiz eta Arabako gizarte-esparruan ibilbide luzea egin duelako, gauzak ondo egiteko grina aitortzen diote. Erabateko dedikazioa, erresilientzia, konpromisoa eta pertsonen ongizatearekiko grina dira 1970ean jaio zen “goitik beherako gazteiztar” honen bizitzaren gidalerro nagusiak. Bere jaioterriaren izena harrotasun handiz darama joaten den leku guztietara, eta bere inguruko pertsonengan saiatzen da Gasteizekiko eta Herrialde Historiko osoarekiko grina finkatzen. Halaber, ahal duen guztietan ahalegintzen da “gazteiztarra naiz” aldarrikatzen. Aita eta ama, aiton-amonak dira, neurri handi batean, Nerearengan Arabarekiko eta Euskadirekiko maitasunaren hazia erein zutenak, eta familiaren ondare hori herriaren konpromiso bihurtu du berak.
Melgosak Olabide Ikastolan ikasi zuen, Gasteizen euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eta alde egiteko sortu zen lehen ikastoletako batean, nahiz eta garai hartan bere ofizialtasuna ukatu zitzaion.Horrela, aitak eta amak gure hizkuntzaren eta Olabideren alde egin zuten apustua aintzat harturik, Nereak berak ez zuen zalantzarik izan bere lau seme-alabentzat hezkuntza eredu bikaina aukeratu beharra egokitu zitzaionean. Nerearen bizitzaren zutabe nagusiak dira lau seme-alabak, familiako gainerako kideak, kulturarekiko eta kirolarekiko pasioa eta talde-lana. "Nire seme-alabek, haien hezkuntzak eta haien bizi-ibilbideak bultzatzen naute egunero irribarre batekin esnatzen jarraitzera". Eta irribarrearena bere lan-ibilbide luzean harekin bat egin duten pertsona guztiek berresten dute.
28 urteko ibilbide profesionalean bere balioa eta ezagutza erakutsi ahal izan ditu. Liburu-denda bat – Literatura da bere beste atsegin handienetako bat –, Jendearentzako Arreta Zerbitzua, Osakidetza, Gasteizko Udala edo Arabako Foru Aldundia dira lan egin duen eremuetako batzuk, betiere gogoan izanik lanak, lantaldearen konpromisoarekin berretsi ezik, balioa galtzen duela. Bere ibilbide profesionala ez da inoiz oztopo izan proiektu sozialetan parte hartzeko. Gasteizko pertsona askok, gaur egun ere, kalean ezagutzen dute, ibilbide politikoagatik baino gehiago, gizarte-arloan duen inplikazioagatik. "Zorionekoa naiz hainbat esparrutan aritu naizelako eta denetan asko ikasi ahal izan dudalako. Bidean aurkitu ditudan pertsonen oroitzapen atsegina gordetzen dut, eta horietako batzuk benetako lagun bihurtu dira".
Gainerako pertsonekiko dedikazio horrek, jendearen ongizatearen eta oparotasunaren alde lan egiteko grinak, Gasteizekiko, Arabarekiko eta Euskadirekiko maitasunak eta konpromisoak bultzatu zuten alderdikidetzeko erabakia hartzera, eta Lakuako Uri Erakundean alderdikidetu zen 1999an, ia 30 urterekin. "Helburu argi baino argiagoa daukat: talde-lanean sinesten dut; justizia sozialarekin hitzemanda dagoen abertzaletasunean sinesten dut, nazionalismo kultu, ilustratu eta euskaltzale batean. Abertzaletasun bizia, dinamikoa eta konprometitua, dimentsio kultural eta euskaltzale sendoa duena. Eta hori guztia aurkitu dut alderdiko emakume eta gizonekin batera lan eginez".
Bere hitzek erakutsi ohi dituzte beti inguruko arlo bakoitzari eskaintzen dion grina, ilusioa eta dedikazioa. Beti aurkitzen du tarte bat bere lau seme-alabentzat, bere senarrarentzat, bere aita-amarentzat eta amonarentzat. Familia du ihes-balbula, baina Ipar Euskal Herriko kostaldera egindako ihesaldiek, txokolate beltzak edo Arabako Mendialdeko kafe italiar luzeek ere laguntzen diote egunero atseden hartzen. Bere oroimenean gordetzen ditu Gasteizko Alde Zaharreko gaztaroko oroitzapenak; amonaren barraskiloak saltsan paregabeak dira eta oraindik gai da Arabak bere geografian, kulturan eta gastronomian gordetzen dituen altxorrak miresteko. Goitik beherako arabarra da, eguneroko lanean zaildutako emakumea, langile nekaezin eta konprometitua.