Kepa Aldama Albisua

GURE BURUKIDEAK

Euzkadi Buru Batzarra Kepa Aldama Albisua IKUSI BIDEOA

Kepa Aldama Albisua

Amurrioko Uri Erakundean 1983an alderdikidetua

1959an jaioa

Industria ingeniaria da lanbidez

ABBren burukide ohia

PARTEKATU

PROFILA

Kepa Aldama Albisua Bilbon jaio zen 1959ko urtarrilaren 29an, baina Larrinben bizi izan da betidanik (Amurrion). Euzkadi Buru Batzarrean Ekonomia eta Berrikuntza gaiak daramatza. Mariasun lekitxarrarekin ezkonduta dago eta unibertsitatean ikasten ari diren seme bi ditu, Gotzon eta Unai.

Aldama Industria Ingeniaria da lanbidez. Ingeniaritza ikasketak 22 urterekin amaituta, adin horrekin hasi zen lanean Amurrion sortu berria zen Lanbide Heziketa Zentroan. Hiru urtetan Teknologia Mekanikako eskolak eman ondoren, Lanbide Heziketako irakasle plaza atera zuen eta Eusko Jaurlaritzaren Arkaute akademian hasi zen lanean 1984ko abuztuaren 1ean. “Une hartatik aurrera, Segurtasun Sailak egin dituen azpiegitura teknologiko guztietan parte hartu izan dut, garai hartan,dena baitzegoen egiteko. Hainbat gauzen artean, 112 zerbitzuaren lehen esperientzia jarri genuen martxan, alderdi teknologikoari zegokiona, jakina” gogoratu du.

Kepak Amurrioko Uri Erakundearen idazkaritzaz arduratu zen Alderdiaren eszisioa gertatu zen urtean, 1986an. Handik aurrera Arabako Herrialde Batzarrean izan zen lehenago eta geroago Aberri Batzarrean. Ondoren, 16 urtetan, Larrinbeko Batzorde Administratiboko presidentea izan zen (Larrinbeko Kontzejuan). 2011-2015 legealdian Arabako Batzar Nagusietako foru ahaldun izan zen. 2013an Araba Buru Batzarrean sartu zen eta 2016ko otsailetik aurrera Euzkadi Buru Batzarreko burukidea da.

Maria Aspitxueta amama izan zen Kepari abertzaletasunaren garra zainetan sartu ziona: “Amama itsu geratu zen eta posta bidezko botoa izapidetzeko orduan notarioari deitu behar zitzaion. Bere kezkarik handiena zen notarioa ´fascistón´ izan ez zedila, berak esaten zuen moduan `botoa jeltzaleei eman behar zaie beti, irabazi zein ez irabazi. Eta, gaur irabazten ez badute, egunen batean bai irabaziko dutela´. Bera izan zen nire erreferentea: itsututa eta ohetik mugitu ezinik, abertzaletasuna horren indartsu bizitzen zuela ikusita” gogoratu digu. “Horregatik da hain garrantzitsua EAJ-PNVko kide izatea, egitasmo honetan parte hartzea. Hemendik egiten dudan lanarekin herriaren alde egiten dudala sentitzen dut. Euskadirekin hartu dudan konpromisoa oso barruan daramat eta prest nago lan egiteko eta gogor ekiteko” baieztatu du.  

Aldamarentzat asteburu “ideala” da mendira igotzea. “Gehien liberatzen nauen gauza da Garraitz txakurrarekin mendira joatea, bereziki Sierra Salvadara, eta handik hiruzpalau orduko ibilbidea egitea, bakarrik, edo lagunekin, baina bakardadea ere batzuetan ona izan daiteke, aberasgarria. Hiru gune daude niretzat oso garrantzitsuak: Tologorri, Ungino eta Kobata: Txikitan, 8 edo 9 urte nituela, udako aste bat, iraileko lehen astea, Kobatan ematen nuen aitite Danielekin, eta garai hartako gogorapen itzelak ditut, `txaulan´, ardiekin. Irakurzalea da, baina “ia beti” gai teknologikoei buruz irakurtzen du, baina esku artean izan duen azken liburua izan da ‘Gernika: XX. Mendeko ikonoaren historia” Gijs Van Hensbergen-ena. Gustuko ditu Bruce Springsteen eta Mikel Laboa, eta gogorapen onenak utzi dizkion pelikula ‘Afrikako Oroitzapenak´ izenburukoa da. Athletic-en eta Amurrioko Kaskagorriren jarraitzailea da eta kirol arloan erreferentetzat ditu bi arabar: Juanito Oyarzabal alpinista eta Mikel Landa txirrindularia.

Aldamak profilak ditu Facebook-en, Twitter-en , Linkedin-en… baina aitortu digu ez dituela “gehiegi erabiltzen” . Hori bai, eskuko telefonoa “egunean 24 ordutan” erabiltzen du: WhatsApp, Telegram eta Googleren hainbat aplikazio erabiltzen ditu… “Horiek gabe ia ezin gara bizi” esan du erdi brometan.

BARNE
ERAKUNDEAK

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK