Gaur arratsaldean beste fronte hotz bat sartuko da Euskal Herrian

Goizean elur kota 300-400 metrora izango da, baina arratsaldean 100 metrora edo itsas mailan zuri dezake. Ertzaintzak eta Foru poliziak arretaz gidatzeko gomendatu dute errepideetan izotz guneak eta elurra izan daitezkeelakoan.

Gaur arratsaldean beste fronte hotz bat sartuko da Euskal Herrian 27Otsailak
2005
2005 OtsailaK 27 |
Berria

PARTEKATU

Aste honetan zehar eguraldi aldaketa nabarmena izan dugu. Asteko lehen egunetan elurra eta hotz handia. Azken egunotan, ostera, eguraldia hobetzen joan da eta horrekin batera tenperaturek gora egin dute eta leku askotan elurra urtzen joan da. Halere, adituen arabera, badirudi gaur arratsaldetik aurrera eguraldiak okerrera egingo duela eta, beraz, elurra etor daitekeela berriro Euskal Herrira.

Eguraldi aldaketa honen berri eman du dagoeneko Espainiako Meteorologia Institutu Nazionalak. Estatuko probintzia askotan tenperaturak jaitsi eta hotza eta haize bolada handiak izango dira.

Gaur arratsaldean egingo du okerrera eguraldiak eta giro aldrebesa asteazkenera arte izango da Euskal Herrian. Tenperaturek nabarmen egingo dute behera eta haize boladen eraginez, termometroak markatutakoa baino hotz handiago egiten duela irudituko zaie herritarrei.


Izotza errepideetan

Hala, Ertzaintzak eta Foruzaingoak arretaz gidatzeko gomendio eman dute, batez ere gaueko azken orduetan eta goizeko lehenengoetan, errepideetan izotz guneak egon daitezke eta. Denboralerako autoa prest izatea eta gidatzerako orduan sakelako telefonoa ondoan izatea aholkatu dute Ertzaintzak eta Foruzaingoak.

Leiak, eta zenbait tokitan elurrak, izan dira goizean herritarren buruhauste nagusi. Dena dela, euskal errepide sare nagusian trabarik gabe ibil daitezke ibilgailuak, ez, ordea, bigarren mailako bideetan.

Nafarroan, NA-137 errepidea, Burgi-Izaba artekoa, Izabarako noranzko erreia itxita dago (13. kilometroa) izotza jausi baita errepidera. Gauza bera jazo da NA-170 eta A-15an Doneztebe parean (22. kilometroa) eta Agoitz-Burguete/Auritz (0 kilometrotik 12ra). Beste errei bat paratu dute semaforo bidez araututakoa.

Izaba-Frantzia arteko errepidea (16. kilometrotik aurrera) zabalik dago baina ibilgailuek kateak behar dituzte. Bestalde, kontu handiz gidatu behar da A-68an, Altuben eta Deskargako Eizagako eta Barazarko mendateetan, gogotik ari baitu elurrak.

Dena dela, mendietan ez ezik Euskal Herriko herri askotan zuritzen ari da, hala Arrasaten, Otxandion eta Gasteizen elurra mara-mara ibili da goizean.

Eguraldiaren iragarpena

Goiz partean hodeiak eta ostarteak izango ditugu zeruan, eta nahiz eta giro hotza nagusitu, eguraldi nahiko argia izango dugu. Goizean izotza egingo du barnealdeko bazter gehienetan. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira, ipar-ekialdeko haizea zakartu egingo da eta prezipitazioa helduko zaigu bazter gehienetara. Hasieran elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da, baina arratsaldean 100 metrora edo itsas mailara jaitsiko da. Kostaldean eta mendi inguruetan haize-bolada oso indartsuak izango dira. Tenperaturek orokorrean berriro ere behera egingo dute, batez ere arratsalde partean.

Ipar-ekialdeko haizeak, berriro ere tenperatura jaitsarazi egingo du. Eguratseko erdi eta goi geruzetan sartuko den aire hotzak, ezegonkortasuna sortuko du eguratsean, elur moduan prezipitazioa egingo duelarik arratsalde-gau partean.

 

Interesatu Zaitez