Aitor Estebanen esanetan une honetan "inoiz baino zentzu handiagoa dauka Euskadi bozkatzeak" PP eta Vox Moncloara iritsiko direla "argi eta garbi" geratu delarik

Donostian, EBBren presidenteak PPri gaitzetsi dio Vox-en ultraeskuinari “bere lekua utzi izana” Gipuzkoan Senaturako hautagaitzarik ez aurkeztean, eta gogora ekarri du Ábalos eta Cerdánen auziek baldintzatu duten legegintzaldiaren ondoren, PSOEren babes bakarra dela ultraeskuinaren etorrerarekin beldurraraztea: “Benetan hutsetik hasteko asmotan daudela?”

Aitor Estebanen esanetan une honetan 23Azaroak
2026
2026 AzaroaK 23 |
Kongresua

“Euskadiren alde ahaleginduko gara, Moncloan dagoena dagoela. Baina, egia esan, ematen du argi dagoela Moncloako hurrengo maizterra nor izango den, inkesta guztiek utzi dituzten ondorioak ikusita. Eta, testuinguru horretan, inoiz baino zentzu handiagoa dauka Euskadi bozkatzeak, datorren igandean erabakiko delako Madrilen Euskadi zeinek ordezkatuko duen”. Hala hitz egin du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek inkestak ezagutzera eman ahal diren azken egunean argitaratu direnez: “Disgustua emango dizuegu. A29an, irribarre batez jantzita joan gaitezen bozkatzera, ilusioz beteta eta inoiz baino indar handiagoarekin, hautestontziak Euskadirentzako botoekin betetzera, EAJren botoekin. EAJ luzarorako dagoela esatera. Euskal Talde sendo bat izango baitute”, esan du EAJ-PNVren emaitza onik nahi ez dutenei erantzunez. Estebanen ondoan, Donostiako Bulebarrean jeltzaleek egin duten ekitaldian hartu dute hitza Imanol Pradales lehendakariak, Euge Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarraren presidenteak eta Kongresurako Gipuzkoako hautagai Eneko Goiak. Halaber, Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramailea mitinean ikusi ahal izan dute bertaratuek gaur gauean 22:00etan RTVEk antolatuta egingo den debaterako bidean grabatu den bideoan.

Ekitaldian hitza hartzean Estebanek berretsi duenez “guk ez dugu Sánchez eta Feijóoren arteko aukeraketarik egin behar. Hemen ez dugu bozkatuko ez bata ez bestea; ez dira gure boto orrietan agertzen. Gure botoetan daude Maribel, Idoia, Gorka edo Eneko. Lantalde oso bat, Herri oso batentzat. EAJ bozkatzea da Euskadiren alde bozkatzea”. “Madrilen 21 urte eman ditut,  eta argi eta ozen esango dizuet Euskadiko gaiak lantzeaz arduratzen diren bakarrak EAJ-PNVko diputatuak direla”, esan du EBBren presidenteak.

Estebanek Gipuzkoan Senaturako duten boto orri bat erakutsi du orduan, eta ziurtatu duenez PPk, Lurralde Historiko honetan ez aurkezteko Vox-ekin izenpetu duen itunarekin, “gure etxeko atea ireki dio ultraeskuinari”. “Alderdi galdua dira Euskadin”, adierazi du. “Bada, PPri, alderdi galduari, ezetz eta ezetz esango diogu. Ezetz Telladori, ezetz Ayusori eta esetz Vox-i”, esan du.

PSOEri dagokionez, Estebanek nabarmendu du alderdi hori  une honetan ez dagoela “gauza handitarako”. Gogora ekarri du Ábalos eta Sántos Cerdánen auziek, “eskandaluek” eta  aurrekontu berririk ezak  baldintzatutako legegintzalditik gatozela: “Ematen du den-dena bigarren mailara  igarotzen dela `eskuinekoak datoz´ oihua entzutean, esan du eta jarraian ezarri duenez “datorrenak eragin lezakeen beldurrak ezin du gertatutakoa ezabatu”: “ Benetan berriro hutsetik hasteko asmotan daudela? Jakina da bakoitzak bere botoa erabakiko duela. Baina komeni da argi izatea gure botoarekin zer babesten ari garen eta zer erantzukizun exijitzen jarraitzen den”, ezarri du.

Bestalde, Lehendakariak "eslogan gutxiago, Madril gutxiago eta Euskadi gehiago" eskatu die PSOEri, PPri eta EH Bilduri, eta gogorarazi du hauteskunde hauetan kontua ez dela "zerua konkistatzea, ezta agindutako paradisu sozialista (orain antifaxista) lortzea ere". "Hauteskunde hauetan kontua ez da zerua konkistatzea, ezta paradisu sozialista edo antifaxista lortzea ere. Ez horixe! Hemen jokoan dagoena zure etxebizitza, zure osasuna, zure enplegua, zure poltsikoa, zure garraioa eta zure segurtasuna dira! Euskadi dago jokoan. Eslogan antifaxistek ez dituztelako nominak eta hipotekak ordaintzen; 'antifaxismoak' ez dituelako etxebizitzak eraikitzen, ezta Topo berria Donostiara ekartzen ere", adierazi du Imanol Pradalesek. Horren harira, salatu egin ditu herritarrei erakundeak Olentzeroren antzeko zerbait direla sinetsarazten dieten mezuak, opariz betetako zaku agortezina izango balute bezala. Mezu horien aurrean, Lehendakariak gogorarazi du hauteskunde hauetan erabaki behar dela azaroaren 30etik aurrera ongizate-ereduarekin jarraitu nahi den ala "pulpitutik zerua aldarrikatzen dutenen bidea" hartu nahi den.

Hala, EH Bilduren kontraesanak nabarmendu ditu, esaten duenaren eta gero egiten duenaren artean dauden aldeak agerian utziz. Etxebizitzaren arloan, esaterako, etxebizitza publikoaren sustapena defendatzen dutela adierazi du, baina gobernatzen duten udalerrietako lurzoru publikoetan ez dutela etxebizitzarik eraikitzen. Horren aurrean, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako neurri zehatzak gogorarazi ditu, hala nola Etxebizitzaren Funts Soziala edo gazteei etxebizitza erosteko ematen zaizkien abalak. "Harresiak eraikitzen adituak diren horiek hobe lukete gobernatzen duten tokietan etxebizitzak eraikitzen hastea. Utz diezaiotela kontrako norabidean doazen Espainiako neurriak babesteari. Alde batera utz ditzatela erretorika antikapitalistak, jar dezatela beren alea eta ekin diezaiotela lanari beren udaletan", eskatu du.

Bestalde, PPko presidente Alberto Núñez Feijóori aurpegiratu dio Euskadirako proposamen bakarra "...Estatuaren presentzia handitzea" izatea, eta argitzeko eskatu dio ea euskal autogobernua eta haren eskumenak errespetatzeko edo murrizteko asmoa duen. "Estatu gehiago esatean trikornio, banderatxo eta korneta gehiago esan nahi badu, edo gure autogobernua birzentralizatu eta erasotzeko asmoa badu, aurrean izango gaitu. Euskal Etxeko atea erabat itxita izango du. Eta Euskal Herri osoa izango du aurrez aurre", ohartarazi du.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Euge Arrizabalagak azaldu du zergatik den EAJ-PNV “Euskadirentzat aukerarik onena”: “Benetako abertzaleak garelako; justizia sozialean sinesten dugulako; politika zentzudunak sustatzen ditugulako; gureak ez direlako lelo hutsak, lan gogorra baizik; eta euskal erakunde nagusietan dugun lidergoak beste inork ez duen posizioan kokatzen gaituelako”. “Horregatik guztiagatik, EAJ-PNV Euskadiren eta euskal herritarren bermea da, Pedro Sanchezek irabazten badu ere, eta, zer esanik ez, espainiar faxistek boterea eskuratzen badute ere”, gaineratu du.

Era berean, duela urte gutxira arte beste borroka mota batzuk ere onartzen zituztenei eta orain “eskubideak ez dira zerutik erortzen” aldarrikatzen dutenei gogorarazi die “EAJ-PNVk eta euskal herriak beti defendatu ditugula bide politiko eta demokratiko hutsak”. “Hamarkadetako atzerapenarekin politika demokratikoa aurkitu berri dutenek Trumpen bezala amaituko dute: Bakearen Nobel saria eskatzen”, gehitu du.

Arrizabalagak, azkenik, ziurtatu duenez, “EAJ-PNVren esku badago, PP-VOXen gobernua eragotziko du, duela lau urte egin zuen bezala, eta Rajoyren aurkako zentsura-mozioarekin egin zuen bezala”. “PP-VOXi aurre egiteko benetan balio duen botoa EAJ-PNVri emandakoa da; eta PP-VOXek irabazten badu ere, Euskadi defendatuko duen botoa ere bada”, amaitu du.

Azkenik, Eneko Goia Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak azaldu duenez, gaur Topoan heldu da ekitaldira, eta Donostiarentzat eta Gipuzkoarentzat "ospakizun asteburua" izan dela adierazi du. "Larunbatean eta igandean izan ditugun herritarren joan-etorria ikusi besterik ez zegoen". Zentzu horretan, proiektu honek bi irakaspen utzi dituela azaldu du: proiektuak autogobernuaren eskutik ateratzen direla aurrera eta "kontra zeudenek ere ez zutela arrazoi oraingoan. EH Bilduk ez du ezer esan egunotan". Era berean, Loiolako kuartelak erostea bezalako proiektuetarako Madrilen Euskal Talde indartsu bat izatearen garrantziaz hitz egin du, eta Jon Insausti Donostiako alkateak "gure hiriak behar duen guztian laguntzeko norbaitek telefonoa Madrilen hartu behar diola azaldu du.

Interesatu Zaitez