Sukarrietan, Sabino Aranaren heriotzaren 123. Urteurrenean kariaz, alderdi jeltzaleak gaur hitzeman du, Aitor Esteban, Imanol Pradales Lehendakaria eta Maribel Vaqueroren izenpearekin, autogobernua defendatuko duela eta Vox-i uko egingo diola, eta ekinean jardungo duela “zure bizitza, zure lana, zure lasaitasuna, zure zaintza eta zure erabakitzeko gaitasuna babesteko”
EBBren presidenteak adierazi duenez, azaroaren 29aren ostean "Euskal Taldea izango dugu" eta "inkestek gero eta argiago diote PPren gobernua izango dela Voxekin": "Garrantzitsua da Euskadi bozkatzea Madrilen euskal ahots bat egotea nahi badugu".
“Euskadi gure Etxea da. Belaunaldien artean eraiki dugun Etxea, zaindu eta hobetu nahi duguna. Horregatik aurkeztu dugu negoziatuko ez ditugun bi printzipio dituen aseguru poliza bat: bata da gure autogobernua defendatzea eta bestea Vox-ekin akordioetara ez iristea. Bost estaldura ditu, benetan axola duena babesteko: zure bizitza, zure lana, zure lasaitasuna, zure zaintza eta zure erabakitzeko gaitasuna babesteko. Euskadi defendatzeko poliza, Madrilgo gobernuan dagoena dagoela. Konpromiso argiekin, idatzita utzita, letra txikirik gabe eta kontu emateko derrigorrarekin”. Hala aurkeztu du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek 'Euskal Etxearen aseguru poliza´, Imanol Pradales Lehendakariarekin eta Madrilgo Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerorekin gaur bertan Sukarrietan izenpetu duena. Hala, EAJ-PNVk euskal gizartearen aurrean hitzeman du Euskadi defendatu eta zainduko duela “gobernatzen duena gobernatzen duela”: “Gure autogobernua defendatu behar dugu, eta “hortzez eta haginez” egingo dugu.
Talde jeltzaleak toki esanguratsua aukeratu du agiri hori izenpetzeko “gure etxea ez baitzen egun batetik bestera agertu. Historia bat du. Oinarriak ditu”. Sukarrietan egin dute, Sabino Arana EAJren sortzailearen heriotzaren 123. urteurrenaren kariaz egin den ekitaldian. Bertan izan dira ordezkari jeltzale ugari Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, Imanol Pradales Lehendakaria eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko herri karguak eta erakundeetako ordezkariak, ospakizunera hurreratu diren alderdikide eta alderdizale jeltzale ugarirekin batera.
`Euskal Etxearen Aseguru poliza´ izenpetutakoan, Estebanek ziurtatu du azaroaren 29an aukeratuko dugula “zer nolako Euskadi nahi dugun”: “Gure etorkizuna erabakiko dugu. Guk ez dugu jokoan Espainian nork gobernatuko duen. Jokoan dugu Estatuko politikari Euskadik nola aurre egingo dion. Euskadi zeinek defendatuko duen. Madrilen zer ahots izan nahi dugun. Eta erabaki hori gurea da. Euskadik jokoan dauka guri dagokiguna beste inork erabaki ez dezala. Inork ez diezagula esan zer bozkatu behar dugun, zer pentsatu behar dugun, zer sentitu behar dugun edo zer izan behar dugun. Euskadi gara. Eta garena defendatuko dugu”.
Estebanek inkestei buruz ere hitz egin du, eta "egoera gero eta argiagoa" irudikatzen dutela esan du: "PPren Gobernua Voxekin". "Horrek gogorarazten digu zergatik den hain garrantzitsua Euskadik Madrilen ahots propioa izatea. Gure polizak izen bat du: Euskal Taldea", berretsi du, "Euskal Taldea izango dugula” ziurtatu aurretik. Horretarako, "Euskadi bozkatu behar dugu": "Gure ahotsa entzun dadila. Pozarren. Ilusioz. Indar guztiarekin".
Maribel Vaquerok, Madrilgo Euskal Taldeko bozeramaile eta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, ekitaldian hitza hartzean defendatu duenez Sukarrieta da Euskadiren etorkizuna “eraikitzeko bultzada hartzeko tokia”. Botoa erabaki gabe dutenei eta politikari mesfidantzaz begiratzen diotenei hitz egin nahi izan die gaur. Guztiei ziurtatu die EAJ-PNVk egiten duen lanari buruz kontu ematen duela eta Madrilen jeltzaleek lortu dituzten akordio batzuk ekarri ditu gogora, besteak beste pentsioen errebalorizazioa eta baliabide ekonomiko gehiago lortu izana. Era berean aipatu du gure nagusiak eta mendeko senideak zaintzeko eskubideak zabaldu direla, Talgo-ren itxiera saihestea lortu dela eta hainbat enpresen sustraitzea finkatu duela. Amaitzeko gogoratu duenez, “Euskadiren nazio aitortza lortzeko bidea ireki dugu”. “Helburua lortu egin dugu” talde jeltzaleak aurreko legegintzaldiaren hasieran, esan du, eta hori guztia lortzen da, esan du “EAJk Madrilen Euskal Talde indartsua badu”. Ildo beretik defendatu du alderdi jeltzalearen ibilbideak argi erakusten duela Euskadiri ez diola “sekula huts egin”, ezta Kongresuan eta Senatuan momentu latzak bizi izan direnean ere. Horregatik berretsi duenez azaroaren 29an “EAJ bozkatzea da boto segurua”.