Maribel Vaquero: “Bozkatu EAJ-PNV autogobernua eta gure eskubideak defendatzeko, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko eta Euskal Etxea zaintzeko”

Jeltzaleek Eibarren egin duten ekitaldian, Aitor Estebanek nabarmendu du gogaituta dagoela Sánchez eta Feijóoren arteko “botere-borrokekin”, argi geratu baita euskal hiritarrentzako proposamenik ez dutela. Imanol Pradales Lehendakariak ohartarazi du “PPri eta PSOEri EAJ ahul eta Euskadi ahul bat interesatzen zaizkiela, Espainiako zapatan euskal harria izateari uzteko"

Maribel Vaquero: “Bozkatu EAJ-PNV autogobernua eta gure eskubideak defendatzeko, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko eta Euskal Etxea zaintzeko” 21Azaroak
2026
2026 AzaroaK 21 |
Kongresua

“Azaroaren 29an aukeratuko dugu Euskadi Madrilen zeinek ordezkatu eta defendatuko duen. Eta EAJ-PNVri emaniko boto bakoitzak balio handia du autogobernua eta gure eskubideak defendatzeko, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko eta Euskal Etxea zaintzeko”. Hitz horiekin laburbildu ditu Euskal Taldeko bozeramaile eta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquerok datorren igandean “Euskadi bozkatu behar dela” argi uzten duten arrazoiak. Eibarren egin du, beste hizlariak Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Esteban eta Imanol Pradales Lehendakaria izan dituen ekitaldian.

Vaquerok ildo beretik jarraitu duenez “Euskal Taldea, Madrilera, elastiko berdea jantzita doa Euskadiren interesak defendatzera, autogobernua indartzera eta Euskadin bizi eta lan egiten dutenen etorkizuna eraikitzera”. Esandakoa azaltzeko argibide guztiak emanez, adibide zehatzak eman ditu, esate baterako, ostiral honetan onartutako plangintza elektriko berriarekin erabaki den potentziaren igoera, Euskadin 70.000 enpleguri eustea ahalbidetuko duena, EAEko hitzarmenen nagusitasuna edo, EAJk beti babestu duenaren ildotik, pentsioen balioa handitzea lortu izana. "Ideiak argi ditugu. Jakin dakigu Euskadik zer behar duen, eta badakigu hori defendatzeak eskatzen digula lan egitea, negoziatzea eta sekula amore ez ematea. Gure konpromisoa ez delako aldatzen Madrilen batak edo besteak gobernatzen badu. Gure iparrorratza Euskadira begira dago beti. Eta hori da aldea. Ez goaz Madrilera inoren atzetik ibiltzera. Ez goaz Madrilera guztiari baietz esatera, ezta besterik gabe konfrontatzera ere. Euskadik behar duena defendatuko dugu. Arduraz, irmotasunez eta adosteko gaitasunarekin", aldarrikatu du.

Aitor Esteban EBBren presidenteak hitza hartu du Pedro Sánchez eta Alberto Nuñez Feijóoren arteko “botere-borrokekin” gogaituta dagoela adierazteko, eta haiei erreklamatu die "Madrilen nork agintzen duen” alde batera uzteko  eta “herritarren arazoei erantzunak emateko". Ildo beretik gogoratu du duela egun batzuk Feijóo  Eibarren izan zela “hasiera batean Gipuzkoara etortzeko asmorik ez zuen arren”. "Ez dezagun ahaztu  Vox babesteko, PPk uko egin diola Gipuzkoan Senaturako hautagaitza aurkezteari. (...) Eta Feijóok zer galdu zuen Eibarren? Ezer ez. Eurak dira galduta daudenak. PP: Alderdi Galdua, Partido Perdido. Madrilgo agenda besapean zuela etorri zen. Eta Euskadiri buruz, Sanchezekin aurrez aurre bezala, hitz erdirik ere ez: zero".

Sanchezi buruz esan duenez "berak ere azalpenak eman beharko ditu. Legealdi honetan Abalos Talde Mistora joan zen, Santos Cerdán behin -behineko espetxealdian sartu dute  eta legealdi osoan Gobernuak ez du aurrekonturik onartzea lortu izan. Feijóorekin egin zuen debatean  gaitzespen eta aitzakia asko entzun genituen, baina etorkizunari buruzko erantzun gutxi". PSOEko buruarekin jarraituz, Estebanek esan duenez "gobernatzea ez da eskandaluak bata bestearen atzetik amatatzen joatea. Gobernatzea da proiektu bat izatea, akordioak ahalbidetzea eta konponbideak ematea”. "Sanchez arduratuago egon da bizirik irauten gobernatzen baino”, azpimarratu du.

Amaitzeko, EBBren presidenteak nabarmendu duenez “azaroaren 29an Euskadik jokoan du bere etorkizuna .“Erabaki egingo dugu zer Euskadi nahi dugun. Ez dugu jokoan Espainia zeinek gobernatuko duen. Jokoan dugu Euskadik Estatuko politikari nola aurre egingo dion. Euskadi zeinek defendatuko duen. Madrilen zer ahots izan nahi dugun. Eta horregatik behar dugu Euskal Talde indartsu bat, Euskadiren ahotsa delako. Eta, erabaki hori, gurea da. Zuena. Ez beste inorena”, esan du. “Euskadi gara. Eta garena defendatuko dugu. Gobernatzen duena gobernatzen duela”, ezarri du.

Imanol Pradales Lehendakariak bere aldetik ohartarazi du PPri eta PSOEri EAJ ahul eta Euskadi ahul bat interesatzen zaizkiela, "Espainiako zapatan euskal harria izateari uzteko". Hala ohartarazi du azaroaren 29ko hauteskunde hauetan "boto erabilgarria" deitzen dutenek, ez popularrek ez sozialistek ez baitute proposamen zehatzik egiten euskal gizartearen ongizatea babesteko: "Boto erabilgarriaz berba egiten dute, eta ez dute neurri bakar bat ere, ezta proposamen zehatz bat ere Euskadirentzat. Madrilgo boterea bakarrik axola zaie. Egunero galdetzen dut: Eta Euskadikoa zer? Zer proposatzen duzue? Zer eskaintzen dute gure ongizaterako? Ezertxo ere ez. Hona etorri, botoa eskatu eta joan egiten dira", adierazi du. Halaber, galdetu du non egon diren "dilista platerekoak, ultraeskuina geldiaraziko dutela promestu egiten duten horiek", gogorarazteko "antifaxismoak eta antisanchismoak ez diotela hipotekarik edo soldatarik ordaintzen jendeari", eta ez antifaxismoak ez antisanchismoak ez dutela lanpostu bakar bat ere sortzen. "Beraz, irakaskets gutxiago. Pankarta gutxiago. Eta eslogan gutxiago”.

Imanol Pradalesek EAJ Euskadirentzako proiektuaren bermea dela defendatu du, industriaren eta ekonomia produktiboaren aldeko apustua, ondo bizitzeko; eta Herri gisa eta ongizatean hazten jarraitzeko anbizioa. "Hori da boto baliagarria! Eta ez Sanchezi edo Feijoori botoa ematea! ", azpimarratu du, eta nabarmendu du Euskadiren kasuan, gainera, ezinbestekoa dela Diputatuen Kongresuan talde propioa izatea euskal industria defendatzeko, Talgoren kasuan bezala, sare elektrikoaren potentzia handitzea edo deskarbonizazioa bultzatzea, besteak beste.

 

Interesatu Zaitez