Getxoko ekitaldian, EBBren presidenteak ziurtatu du PP dela “Euskadiko Alderdi galdua”, eta gaineratu duenez “bizkarra eman dizkio gure Herriaren eta gure demokraziaren funtsezko oinarriei”. Pradales Lehendakariak bere aldetik aldarrikatu du Euskal Talde indartsu baten beharra “hori delako gure lehen defentsa lerroa”
20Azaroak “Ez ezazu inoren kontra bozkatu. Ez ezazu bozkatu zu zeu ez zarenagatik. Egin ezazu zure uste sendoek bultzatuta. Zure ilusioengatik. Eraiki nahi duzun etorkizunagatik. Euskadi bozkatu”. Gaur, azaroak 20, Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 51. urteurrena bete dela, Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak euskal herritarrak deitu ditu “Euskadi bozkatzera azaroaren 29an gure ahotsa indar osoz entzuna izan dadin”. Getxotik egin du aldarria, José Antonio Agirre Lehendakaria alkate izan zuen udalerritik. Gaurko ekitaldian, Estebanekin batera, hitza hartu du Idoia Sagastizabal Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak eta Imanol Pradales Lehendakariak, hemendik aurrera EAJ-PNVren kanpainan parte hartuko duenak.
Estebanek gaur ospatu du Euskadin belaunaldi osoak bizi direla diktadurarik ezagutu ez dutenak, ikasketak euskaraz egin ahal izan dituztenak eta etxeko balkoian ikurrina jartzeko aukera izan dutenak, baina aldi berean azpimarratu duenez “demokrazia ez da soilik botoa ematera joatea. Ezberdina errespetatzea ere bada. (…) Herri batzuek beren nortasun propioa eta beren borondate politiko propioa dutela onartzea ere”. Zentzu honetan ohartarazi nahi izan duenez Vox-ek “autonomiak desegitea proposatzen du” eta PP alderdiak Euskadin Estatuaren presentzia indartu nahi du , alderdi biek elkarrekin gobernatzeko akordioak adostu dituztela gaineratuz. Zentzu beretik, jeltzaleen buruak gogora ekarri du Gipuzkoan, esate baterako, PP Vox-en baitan desegin dela bere boto orri propioa izateari uko eginez”. PPren azken aldiko dinamiketako batzuk azaldu ondoren, Estebanek esan du PP “alderdi galdua” dela Euskadin. “Gure autogobernuaz ari gara, gure hizkuntzaz, gure erakundeez eta gure memoriaz. Gure demokraziaren funtsezko oinarriak, zeintzuei PPk bizkarra eman baitie.
Atzo telebistetan egin ziren debateei dagokienez, ETB1en eginikoa bata eta Sánchez eta Feijóoren arteko buruz burukoa bestea, EBBren presidenteak deitoratu du Espainian egin zen debatean, ordu bete eta erdian, Euskadi eta bere arazoak ez zirela behin ere aipatu. “Oraindik espero al dute bataren edo bestearen artean aukeratzen ibiltzea? Demokrazia Moncloako giltzak eskuratzeko borroka baino askoz gehiago da”. Halaber, Maribel Vaquero zoriondu nahi izan du ETB1eko debatean Euskadiren ahotsa izan zelako gainerako solaskideek “Madrilgo debatea ekartzea” nahiago zuten bitartean.
Imanol Pradales Lehendakariak Madrilen Euskal Talde indartsua izateko beharra aldarrikatu du, Euskadiren interesak defendatzeko. "Azaroaren 29an gure herri-eredua dugu jokoan. Euskal Talde indartsua behar dugu, gure lehen defentsa-lerroa delako. Bermatu behar dugu hilaren 30ean Euskadik funtzionatzen jarraituko duela, gertatzen dena gertatzen dela. Egun horretan, damuek ez dute balio", amaitu du.
Pradalesek PSOEk eta PPk Euskadirako proposamenik ez izatea kritikatu du. Espainiako Gobernuko presidenteari bete gabe dauden konpromisoak betetzeko eskatu dio: "Gernikako Estatutua osatu gabe dago oraindik. Arma zurien kontrolari, migrazioari edo euskara Europan ofiziala izateari buruz dagoeneko itxitako akordioek bete gabe jarraitzen dute. Lortu dugun transferentzia berri bakoitza hagin bat ateratzea bezalakoa izan da. Sánchez jauna, ipuin gutxiago, iruzur politiko gutxiago. Lecturas gutxiago eta autogobernu gehiago. Bete ezazu sinatutakoa".
Feijóori dagokionez, Estatuak Euskadin duen presentzia indartzeko haren proposamena zalantzan jarri du: "Gure eskumenak kendu edo mugatuko dizkigu? Trikornio edo militar gehiago ekarriko ditu? Espainiako bandera gehiago jarriko ditu? Edo kupoa handitu nahi digu? Zehazki, zeri buruz ari da?". Eta ohartarazi du: "Birzentralizatzeko asmoa badu, Euskal Etxearen atea mila giltzarekin itxita egongo da".
Azkenik, Bizkaiko Kongresurako zerrendaburuak, Idoia Sagastizabalek, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak jarri ditu mahai gainean, eta honako galdera egin du: nork ez du ezagutzen “lana izan arren emantzipatu ezin duen gazteren bat”? Testuinguru horretan, Sagastizabalek kritikatu egin ditu “konpromiso sozialaren txartelak banatzen eta beren buruari ohorezko matrikula jartzen” aritzen direnak, baina gero, “diskurtsotik ekintzetara igarotzeko garaia iristen zaienean”, EAJ-PNVk etxebizitza eskuratzea errazteko aurkeztutako proposamenak baztertzen dituztenak, bai Euskadin, bai Madrilen. Horren aurrean, irtenbidea “arautzea, bai, baina eraikitzea ere bai” dela defendatu du, eta honako hau aldarrikatu du: “Hau ez da blokeen kontua, Euskadi zaintzea baizik”. Era berean, Euskadiko potentzia elektrikoaren handitzea ospatu du; izan ere, handitze horri esker, 117 enpresaren beharrei erantzun ahal izango zaie, eta Euskadin 70.000 lanpostu baino gehiago bermatuko dira.