Urtaranek harrera eredu hurbil eta pertsonalizatua aldarrikatu du Arana bezalako makro-zentroen aurrean, ez baitute migratzaileek beren giza garapenerako behar duten autonomia bermatzen
17Azaroak “Migrazio kudeatua defendatzen dugu, eskubide, betebehar eta aukerekin. Harrera, integrazioa, erantzukizuna eta elkarbizitzarako arauen errespetua uztartuko dituen eredua. Enplegu-beharrak aintzat hartuko dituen kudeaketa-eredua eta, horri lotuta, belaunaldien erreleboa eta gizarte kohesioa zainduko dituena”. Hala defendatu du Arabako zerrendaburu Gorka Urtaranek EAJ-PNVk migrazio gaietarako planteatzen duen proposamena.
“Erakundeen arteko are koordinazio handiagoa behar da. Eta, gaur egun, Espainiar estatuak ez du planifikatzen eta ezta besteoi planifikatzen uzten ere, Euskaditik egin dezagun beharko genituzkeen eskuduntzak gure esku jarriz”, esan du eta ziurtatu du talde jeltzaleak berarentzat eskatzen duela “migrazioaren kudeaketa integrala”, “immigrazio-gaiak guk eta bertatik kudeatu ahal izatea, prozesu osoan tresnak baliatu ahal izateko, ondorioak kudeatzera mugatuta egon gabe”.
Aurreko legegintzaldian Euskal Taldeak lortu zuen Euskadiren ardurapean jartzea atzerritarrentzako lan baimenen kudeaketa, baina EAJ-PNVk datozen lau urteotarako daukan planak gehiago nahi du eta Madrilen exijitu nahi dute atzerriko titulazioen homologazioa, integrazio prozesuei laguntzeko baliabide gehiago eta migrazio eta atzerritartasun gaietako eskuduntza gehiago, hau da, autogobernu eta kudeatzeko gaitasun handiagoak Euskadirentzat.
Halaber, talde jeltzaleak Estatuaren eta euskal erakundeen arteko akordioa bilatuko du bertatik euskal harrera eredua garatzeko, eredu hurbil eta pertsonalizatua, Urtaranek Aranakoa moduko Makro-zentroen ereduarekin alderatu nahi izan duena.
“Argi eta ozen esaten dugu: EAJren ardurapean badago, Aranako Makro-zentroa ez da irekiko. Erabat arbuiatzen dugu integratzeko proiektu zehatzik planteatzen ez duen Makro-zentroa. Ez dakigu artatze eredua zein izango den eta bermerik ere ez dago bertan artatuko diren pertsonen profilen inguruan”, kritikatu du Arabatik Kongresurako aurkezten den hautagaiak. Zentro handi horiek, deitoratu du Urtaranek, mesfidantza eta kontrolik eza besterik ez dute eragiten, eta ez dituzte bermatzen “handik ateratzean migratzaileek beharko dituzten autonomia eta integrazioa”.
Migrazioak aukerak eskaintzen ditu eta, horrekin batera, belaunaldien erreleboa ere bai hainbat sektore profesionaletan, baina koordinaziorik, baliabiderik eta arau argirik gabe, askoz zailagoa da pertsonen etorrera behar bezala kudeatzea eta horrez gain “elkarbizitza zailago egiten dute”, ziurtatu du Urtaranek. “Euskadik migrazioa erantzukizunez kudeatu behar du. Jokoan ditugu elkarbizitza, enplegua eta gizarte kohesioa. Koordinaziorik eta integraziorik gabe”.
“EAJren alde bozkatzea da migrazio kudeatu, ordenatu, arautu eta seguruaren alde bozkatzea. EAJren aldeko botoa da elkarbizitzarako aseguru poliza”, amaitu du.