Irunen, ekitaldiko kide Maribel Vaquero eta Eneko Goia izan dituen mitinean, EBBren presidenteak ikurrina bat erakutsi du PPri txarresteko sare sozialetan zabaldu duen bideo batean euskal ikurraren konposizioarekin nahastu izana, eta Sánchezi deitoratu dio Bilbon mitina eman izana euskal herritarron arazo propioez hitz egin gabe: “Euskadin mitina ematea eta Euskadiz hitz egitea ez dira gauza bera”
“Migrazio-politika kudeatua behar dugu: ordenatua, arautua eta segurua. Unean uneko premiei erantzutera mugatuko ez den politika, baizik eta epe ertain eta luzean ere pentsatuko duena. Eta, gaur, Espainiar Estatuak ez du planifikatzen ezta besteoi planifikatzen uzten ere, Euskaditik bertatik egin dezagun beharko genituzkeen eskuduntzak emanez. Migrazio alorrean lege batzuk daude eta legeak betetzeko daude: Europako legeak barne. Europako muga ordenatua behar dugu, babes eskubidea eta sartzeko bide arautuak bermatuko dituena. Hemen, Irunen, ondo baino hobeto ezagutzen ditugu frantziarrek mugan jartzen dituzten kontrolen ondorioak: eguneroko jardunean sortzen diren zailtasunak eta Bidasoan bizi izan ditugun giza-tragediak”. Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak hala hitz egin du migrazioa “kudeatzeko” moduaz. Irunen egon da gaur, Luis Mariano Plazan jeltzaleek eman duten mitinean. Beste hizlariak izan dira Gipuzkoatik Kongresurako zerrendaburu gisa aurkezten den Maribel Vaquero eta Kongresurako zerrendan doan Eneko Goia. “Gobernatzea ez da guztiei den-dena hitzematea. Gobernatzea da lehentasunak ezartzea, erabakiak hartzea eta erabaki horiek azaltzea. Elkartasunak antolaketa, planifikazioa era baliabideak ere behar dituelako, eraginkorra izatea nahi badugu. Kudeaketa. Kudeaketarik gabe, muturreko alderdiek migrazioa beren probetxurako erabiliko dute, Europa batuaren ametsa goitik behera eror liteke, eta kudeaketarik gabe ez dugu bermatuko ez gure hiritargoaren ongizatea ezta gure artean bizitzera datozen pertsonena ere. Migrazio kudeatua, eta ez inprobisatua. Ez onkeriarik ezta populismorik ere”, esan du Estebanek.
Estebanek ikurrina bat erakutsi du PPri txarresteko sare sozialetako bideo batean euskal ikurraren osaera nahastu izana: “Guk badakigu ikurrina nolakoa den, gure buruzagiek sortu zutelako, gure gudariak defendatu zutelako, gure amamek josi zutelako, diktaduran babestu genuelako, Trantsizioan berriro indarrez altxatu genuelako, eta gure erakundeen eta autogobernuaren bidez handiago egin dugulako”. EBBren presidenteak kritikatu du Pedro Sánchez aurreko astean bertan Bilbon egon zela eta Euskadiko arazo bakar bati buruz hitz egin gabe alde egin zuela. “Nahiago nukeen entzun izan bagenio Ekonomia Itunaz, etorkizuneko Kupoaz, osatu gabe dauden transferentziez, Abiadura Handiko trenaz edo Irungo trenbide zabalguneaz hitz egiten. Euskadin mitina ematea eta Euskadiri buruz hitz egitea ez dira gauza bera. Kokapena GPSak ezartzen zuen; diskurtsoan aipatzea falta zen. Eta Euskadik agenda propioa dauka, Moncloako atean hasten edo amaitzen ez dena. Euskal Agenda Euskadin bertan hasi eta amaitzen da”, esan du. Estebanek ildo beretik azaldu du kanpainan zehar honako mezu hau zabaltzen ari dela: “Gure Euskal Etxea aseguratzea. Urte hauetan guztietan eraiki duguna babestea, gure oraina bermatzea eta, batez ere, gure etorkizuna ziurtatzea”. Azpimarratu du EAJ-PNV dela azaroaren 29ko hauteskundeen ondoren euskal emakumeak eta gizonak hobekien defendatuko dituen alderdia.
Maribel Vaquerok, Gipuzkoako zerrendaburu eta Euskal Taldearen egungo bozeramaileak, bere aldetik berretsi du enplegua dela atzerritarrak integratzeko bermerik onena. “Gauzak argi eta garbi ditugu arlo honetan. Migrazio kudeatua behar dugu, ordenatua, arautua eta segurua izan dadin. Eta funtzionatu dezan. Euskadi gizarte irekia da, eta eskubide eta betebeharrak uztartuko dituen konpromisoan oinarritutako migrazioa nahi dugu. Ez dugu diskurtso xenofoborik babesten, ultraeskuinetik egiten direnak bezalakoak, baina besoak gurutzatuta ere ez gara geratzen erronkei heldu gabe, ezkerretik egiten duten bezala. Guk gauza zehatzei buruz hitz egiten dugu eta egin beharrekoa egiten dugu”, esan du eta jarraian gogoratu du Kongresuko diputatu jeltzaleek amaitu berri den legegintzaldian lortu zutela atzerritarrentzako lan baimenak emateko erantzukizuna Euskadira ekartzea. Eta gehiago lortzeko konpromisoa hitzeman du: atzerriko titulazioak homologatzeko prozesuak arintzea erreklamatzea, baliabide gehiago gizarteratzeko prozesuei laguntzeko eta Euskadirentzako eskuduntza gehiago migrazio eta atzerritartasun gaietan.
Euskadi iparraldeko muga gisa aitortzea berriz eskatuz, Vaquerok Euskadiko kaleetako segurtasunaren erronkari heldu nahi izan dio gaur, eta argi eta garbi adierazi du arazo bat egon dagoela aitortzeak berarekin dakarrela “albo batera begira ez geratzea” eta argi adieraztea horrek ez duela esan nahi “herritarrak nahastea eta beldurra eta gorrotoa elikatzea”, beste batzuek egiten duten moduan. Zentzu berean gaineratu duenez “migrazioa eta segurtasuna ezin dira eta ez dira nahastu behar. Guk ez dugu egingo”.
EAJ-PNVk emaitzen orri argia aurkez dezake arlo honetan: berrerortze anizkoitzari aurre egiteko lege berria, jeltzaleek gainerako taldeekin egin zituzten negoziaketei esker aurrera atera zena; Euskadirako lurralde-atxikipeneko epaileak bikoiztea, horrek epaiketak bizkortzea ahalbidetuko baitu; arma zurien erabilera mugatzea; eta delitu jakin batzuk epaiketa bizkorretan izapidetzea. EAJ-PNVk bere hauteskunde-programan jasota dauka arlo horietan neurri gehiago bultzatzen jarraitzeko konpromisoa.
“Hori da aldea, EAJren alde bozkatzeak dakarren berezitasuna: urteak daramatzagu Euskadiren interesak eta lehentasunak defendatzen. Eta egiten jarraituko dugu. Gu gara bermea, Euskadi defendatzeko aseguru-poliza, bere klausula biekin eta bost estaldurekin, balio bikoitza duena, Euskadin eta Madrilen gauza bera defendatzen duelako, Euskadin defendatzen duelako eta Euskal Etxea eraikitzen laguntzen digulako”, aldarrikatu du Vaquerok, eta ildo beretik gogoratu du segurtasuna, giza eskubideak eta migrazioa hirugarren estalduran jasota daudela, “zure lasaitasunaz, giza eskubideez eta denontzako arau argiez hitz egiten duena”.
Eneko Goiak bere aldetik gogoratu du EAJ-PNV izan dela Euskadi aurrera eraman duena, herri “lehiakor eta moderno” bihurtu duena, hainbat arlotan Estatuko bataz bestekoaren gainetik dauden indizeak ematen baititu. Eta hori, nabarmendu du, autogobernuari esker da. “Guk kudeatzen dugunak hobeto funtzionatzen du. Frogek erakusten dute hala dela. Topoa datorren larunbatean bertan jarriko da martxan. Irunek, trenbide-hiriak, topoa eta Renfe zerbitzua eskaintzen ditu. Azaldu beharko al dugu ondoen zeinek funtzionatzen duen? EAJ-PNV da autogobernua bermatzeko eta defendatzeko asegururik onena”, amaitu du.