Arabako hautagaiak esan du jeltzaleek bat egiten dutela euskal gizarteak hauteskunde hauetarako dituen bi lehentasunekin: "Madrilen Euskadi defendatzea eta ultraeskuina gobernatzera iritsi ez dadila”.
Gorka Urtaran Kongresurako Arabako hautagaiak igande honetan defendatu duenez, EAJ-PNVk "arrisku orotako poliza bat" eskaintzen du euskal herritarren kezka nagusietako bati heltzeko, etxebizitza eskuratzeko orduan, alegia. "Etxebizitza-politikak akordio handiak behar ditu. Konponbideak ezin dira gatazka giro batetik abiatu, edo nirekin edo nire aurka, edo zuria edo beltza. Beste aukerarik ez balego bezala. Administrazio guztien eta eragile guztien laguntza behar du. Irtenbideak zentraltasunetik planteatu behar dira, eta ez estremismotik eta polarizaziotik", esan du Urtaranek, EAJ-PNV arlo honetan "zeharkako ikuspegiarekin" ari den alderdi bakarra dela ziurtatu aurretik.
Adibidetzat jarri ditu Euskadin gai honetan lortutako akordioak, eta bermatu du EAJ-PNVk eskaintzen duen aseguruak etxebizitzaren arloan “estaldura bat eskaintzen duela arlo hau arautzeko, bai, baina baita gehiago eta azkarrago eraikitzeko ere. Pertsona kalteberak eta jabe txikiak defendatzeko; etxebizitza eskuragarria ahalbidetzeko, gazteen emantzipazioa eta familiei bizimodu hobea erraztuko diena".
“Printzipioak, proiektuak eta gure kezkak konpontzeko irtenbideak", defendatu du hautagai jeltzaleak Dulantzin, duela urte batzuk biztanleria bikoiztu zuen udalerrian, zeinak une honetan etxebizitza behar duen emantzipatu nahi duten gazteentzat. Bertan hitza hartu du baita ere udalerri honetako alkategai den Noemi Aguirrek.
Printzipio horien artean, elkarbizitzaren defentsa. Urtaranek ohartarazi duenez Euskadin indarkeriak ez duela lekurik eta onartezin jo ditu larunbatean Hernanin PPk Gipuzkoan aurkezten duen hautagaiaren kontra egin diren erasoak. EAJ-PNV demokraziaren blokean egongo da beti.
"Batzuen ustez, VOX geldiarazteko modurik onena da Madrilen ezkerreko bloke bat finkatzea. Guk uste dugu hori geldiarazteko modurik onena Euskadi eta gure autogobernua indartzea dela. Aldea erraz uler daiteke: batzuek Espainiako fronte zabala aldarrikatzen dute; beste batzuek Euskal Etxea defendatzen dugu; Euskadirentzat lan egiten dugu. Eta horrek, ultraeskuina geldiarazteaz gain, hemen bizi eta lan egiten dugun pertsonen interesak hobeto defendatzeko balio du", adierazi du, eta "sirena kantuekin, kanpoko errezetekin ez etortzea”, eskatu du. Ez dugu erosiko gure herriaren kezkei erantzuteko balio ez duten salgai matxuraturik".
Urtaranek berretsi duenez, azaroaren 29ko hauteskundeetan "gure herriarekin, gure familiekin, gure enpresekin eta gure hiri eta herriekin konprometitutako ordezkariak nahi baditugu, Euskadiren ahotsa Madrilera eraman eta egunero defendatzen duten pertsonak" aukeratuko ditugu, edo, bestela "Ebro zeharkatu bezain pronto, nork aukeratu dituen ahaztu eta ezkerreko edo eskuineko bloke espainiarrean, Euskaditik kanpoko proiektuetan, gure ahotsa desagertuko duten ordezkariak".
"Hauteskunde hauetan, euskal gizartearen bi lehentasunak bateratzen dituen alderdia gara: Euskadi Madrilen defendatzea eta ultraeskuinak ez gobernatzea. Euskal Etxea zaintzeko aukerarik onena, gure etxe hau eraiki duen tradizio politikoa garelako, edukiz hornitu duelako, kosta ahala kosta babestu eta toki onera eraman duelako", esan du hautagai jeltzaleak. Bere esanetan, hori da EAJ-PNVk euskal gizarteari eskaintzen dion poliza, aldatuko ez diren bere bi klausulekin eta bost estaldura argi bermatuz: "Zure bizimodua, lana, lasaitasuna, ongizatea eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea".
Ideia hori bera azpimarratu du Saray Zarate Senaturako Arabako hautagaiak, eta lehen estalduran sakondu du, Euskadin bizi proiektua egiteko aukerez hitz eginez eta bizi- etxebizitza eskuratzeko eta bizi proiektua garatzeko aukerak eskaintzeko proposamenak aurkeztuz. Etxebizitza gehiago eraiki ahal izateko oztopoak kendu behar direla nabarmendu du, eta erronka horretan jabeei eta maizterrei aurre ez egiteko beharra azpimarratu du. "Etxebizitza bat eskuratzea ez da pribilegio bat, eskubidea eta lehentasuna da EAJrentzat. Ez gara adreiluez ari, bizitza-proiektuez ari gara, emantzipatu nahi duten gazteez, egonkortasuna bilatzen duten familiez eta inguruan bizitzen jarraitu nahi duten adinekoez ", adierazi du.
Zaratek gaineratu duenez, herritarren arazoek erantzunak eta emaitzak eskatzen dituzte, eta bide horretatik jarraitzea EAJ-PNVren konpromisoa dela aldarrikatu du, "Euskal Etxea defendatzea bermatzen duen poliza, lasaitasuna, segurtasuna, konfiantza eta etorkizuna emango dizkizuna".