Vaquerok defendatu du EAJ-PNV dela Euskadirentzat azpiegituren arloan “boto seguru eta konstruktibo” bakarra, eta Espainiako gobernuei leporatu die trenbide-eredu zentralista lehenestea, Atlantikoko Korridoreak, Euskal Y-ak eta Gipuzkoako Aldiriko Tren Zerbitzuek atzerapenak eta gauzatu gabeko inbertsioak pilatzen dituzten bitartean
EAJ-PNVk salatu du Estatuak hamarkadetan abandonatuta utzi duela Euskadi trenbide azpiegiturei dagokienez. Maribel Vaquero Gipuzkoako Kongresurako hautagaiak inbertsio falta, bete gabeko konpromisoak eta urteetan pilatutako atzerapenak kritikatu ditu, eta Espainiako gobernuek bata bestearen atzetik izan duten jarrerari egotzi dio egoera horren erantzukizuna.
“Gobernuak aldatzen dira, ministroak aldatzen dira, baita promesak ere, baina Euskadik zain jarraitzen du. Berdin dio Madrilen nor dagoen gobernuan: gure herriko trenbide azpiegiturez ari garenean, konpromisoak amaigabe luzatzen dira, eta inbertsioak ez dira inoiz behar besteko irmotasunez iristen. Ez da kasualitatea. Euskadiren beharrak bigarren mailan utzi dituen hamarkadetako trenbide politika zentralistaren ondorioa da”, salatu du Vaquerok Tolosara egindako bisitan, Gipuzkoako gainerako hautagaiekin batera.
Gipuzkoako hautagaiek lagunduta, Vaquerok azpimarratu du EAJ-PNV hauteskunde hauetara aurkezten dela Euskadiren interesak defendatzeko aseguru poliza gisa, eta bermatu du azpiegituren arloan ere hala dela. Trenbidearen eta gainerako garraiobideen arloan euskal herritarren interesak Madrilen entzunarazteko boto "segurua eta konstruktiboa" EAJ-PNVri ematea dela defendatu du.
Ordezkari jeltzaleak kritikatu du Estatuak hamarkadak eman dituela abiadura handiko trenbide sare erradial bat garatzen, funtsean Madrildik eta Madrilentzat diseinatua, Atlantikoko korridorea oraindik amaitu gabe dagoen bitartean.
“Penintsulatik Europara sartzeko iparraldeko atea gara. Gure industriak, gure portuek eta gure ekonomiak trenbide lotura lehiakorrak behar dituzte. Europatik barne korridoreen aldeko apustua egiten den bitartean, Madrilek azpiegituren ikuspegi zentralistari eusten dio oraindik. Arazoa ez da Euskadi Madrildik urrun egotea; arazoa da Madrilek denbora gehiegi daramala bere buruari bakarrik begira”, adierazi du.
Vaquerok gogorarazi du euskal erakundeen esku utzitako Euskal Y-aren lanak aspaldi amaituta daudela; Estatuari dagozkionetan, aldiz, atzerapenak pilatzen ari direla. “Guk bete dugu gure zatia. Orain Estatuari dagokio berea betetzea”, aurpegiratu dio.
Etengabeko atzerapenak Irun-Brinkola linean
EAJ-PNVk ohartarazi du utzikeria horrek Irun-Brinkola Aldirietako tren lineari ere eragiten diola. Vaqueroren iritziz, horrek agerian uzten du aldirietako trenbide sareak urte luzez pairatu duen inbertsio falta.
“Urteetan jasan behar izan ditugu zaharkitutako geltokiak, irisgarritasun arazoak, tren zaharkituak eta mantentze lanen gabezia nabarmena. Eta hori gutxi balitz, hirugarren errailaren lan amaigabeek ohikoak bilakatu dituzte etengabeko atzerapen, zerbitzuen kantzelazio eta aldaketak tren zerbitzuan. Gipuzkoako mugikortasunaren bizkarrezurra izan beharko lukeena zerbitzu publikoa nola ez kudeatu erakusteko adibide bilakatu da», kritikatu du. “Gipuzkoako herritarrek ez dute pribilegiorik eskatzen. Trenak garaiz iristea, maiztasun nahikoak izatea, geltoki irisgarriak edukitzea eta XXI. mendeari dagokion zerbitzu duina jasotzea eskatzen dute”, azpimarratu du.
PPren eta PSOEren gobernuek Euskadiko ohiko trenbide-sarearekin erakutsi duten inbertsio eta konpromiso falta Zallako trenbide-pasaguneetan ere agerian geratzen da, Enkarterriko aspaldiko aldarrikapen bati erantzun gabe jarraitzen baitute. EAJ-PNVk 2017ko aurrekontuetan lortu zuen pasagune horiek kentzeko konpromisoa, baina, ordutik, Espainiako Gobernuek ez dute obra gauzatzeko eta trenbideko orbain horiek ezabatzeko inolako interesik erakutsi. "Segurtasunaz ari gara, bizitzez ari gara; honek ezin du horrela jarraitu. Ez dugu promesa gehiagorik nahi, ekintzak nahi ditugu", gaitzetsi du Vaquerok.
Autogobernu gehiago eta Madrilekiko mendekotasun gutxiago
Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk berretsi egin du trenbideen arloko autogobernuan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa, berriki eskualdatutako eskumenetatik harago. “Irun-Brinkola linearen puntualtasuna eta maiztasunak berreskuratu nahi ditugu, eta bertako erabiltzaileei Euskotrenek eta Topoak eskaintzen dituzten kalitate estandar berberak eskaini. Ez dugu ehunka kilometrora hartutako erabakien menpe jarraitu nahi, gure beharrak ezagutzen ez dituzten eta beren atzerapenen ondorioak pairatzen ez dituztenen esku. Erakutsi dugu Euskadik kudeatzen duenean, gauzek funtzionatzen dutela”, defendatu du Vaquerok.
Era berean, alderdi jeltzaleak oraindik gauzatu gabe dauden trenbide lotura estrategikoen aldeko apustu irmoa eskatu du: Baiona-Donostia arteko trena errealitate bihurtzea, Irungo trenbide muga historikoa gaindituz; Pasaiako porturako trenbide lotura bermatzea; Euskal Y-a Iruñearekin eta Nafarroarekin lotzea; eta Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea eraikitzea. Azken hori ezinbestekoa da Atlantikoko korridoreari jarraipena emateko eta merkantzien trenak Donostialdeako eremu urbanotik igarotzea saihesteko. “Inbertsioak, egutegiak eta erabakiak behar ditugu. Ez dugu nahi legegintzaldiz legegintzaldi errepikatzen diren iragarpen gehiagorik”, exijitu du.
Azkenik, Vaquerok ohartarazi du EAJ-PNVk eskakizun maila berari eutsiko diola Espainiako edozein gobernuren aurrean. “Berdin zaigu Moncloan nor dagoen. Axola zaiguna da Euskadirekin hartutako konpromisoak betetzea. Gauzatu gabeko inbertsio, eskumen eta konpromiso guztiak aldarrikatzen jarraituko dugu. Euskadik ezin duelako Madrilgo zentralismoaren ondorioak pairatzen jarraitu. Erabakitzeko aukera ematen digutenean, aurrera egiten badakigula erakutsi baitugu”.