Gipuzkoako zerrendaburu den Maribel Vaquerok Euzko Gaztediko kideen aurrean hitzeman du Kongresuan gehiegikeriak geldiarazteko eta eskaintza handitzeko ekimenak defendatzeko konpromisoa: "Etxebizitzarik gabe, ez dago baliozko etxebizitza politikarik"
Maribel Vaquero Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak hainbat proposamen aurkeztu ditu gaur arratsaldean Euzko Gaztedi-EGIko gazteekin talde jeltzaleak egin duen ekitaldian, etxebizitzen eskaintza handitu eta euskal gazteen emantzipazioa errazteko. Vaquerok eskaintza zabaldu eta "gehiago eta azkarrago eraiki" behar dela esan du, eta, horretarako, Lurzoruaren Legea aldatu behar dela, izapideak arintzeko eta burokrazia murrizteko: "Etxebizitza gehiago izan ezik, ez dago baliozko etxebizitza politikarik". Gainera, EAJ-PNVk neurriak eramango ditu Madrilera alokairuaren arauak argiagoak izan daitezen eta iruzurrezko gehiegikeriak eta erabilerak geldiarazteko, bai eta bizitzeko etxe bat behar dutenak babesteko ere, gazteak bereziki.
Vaquerok azaldu duenez, politikan “koherenteak” izan behar dugu, eta Bilduk Kongresuan egindakoa kritikatu du: Etxebizitza Legea onartu zuen, haren hutsuneak ezagutzen zituen arren, eta, orain, horren ondorioak ikusita, ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen du. Era berean, gaitzetsi egin du arau hori onartuta Bilduk “Estatuari ateak parez pare ireki izana” Euskadiko etxebizitza-politikaren inguruko erabakiak hartzeko. “Zer gertatuko da ate horren beste aldean PP-Vox daudenean? Zer esango du orduan Bilduk? Hauteskunde-argazki baten truke, lege honekin Eusko Legebiltzarrari eskumenak hustu dizkiote. Eta orain zer?”.
Gaurko topaketan, Kongresurako Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuek ere parte hartu dute, eta euskal gazteak kezkatzen dituzten beste gai batzuk jarri dira mahai gainean. Ildo horretan, Idoia Sagastizabalek ziurtatu du enpleguak "bizi-proiektu bat garatzeko aukera" eman behar duela, eta, horretarako, "soldata hobeak, lan-baldintza duinak eta Euskadiko bizitzaren kostuari egokitutako gutxieneko soldata propioa" eskatu ditu. Euskadin Espainiako Estatuarekin alderatuta egiten den lanari dagokionez, GazteAval izenekoa nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzak lehen etxebizitzaren finantzaketa eta ohiko etxebizitzagatiko kenkari fiskalak errazteko bultzatutako ekimena. "Erosi edo alokatu nahi duzun erabakitzeko askatasuna izatea nahi dugu, baita nahi duzuna egiteko aukera izatea ere. Erosi nahi duenak, eros dezala. Eta alokatu nahi duenak, alokatu dezala", ziurtatu du.
Gorka Urtaranek EAJ-PNVren etxebizitzaren "zentraltasuna" eta "familia kalteberak eta jabe txikiak babestearen arteko bateragarritasuna" aldarrikatu ditu. Etxebizitza gehiago eraikitzearen alde agertu da, hori ez baitago "zailtasun gehien dituztenei etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzearekin" kontra, eta gazteek "Euskadin beren bizi-proiektua ikasi, landu eta garatu" ahal izateko beharra azpimarratu du. Ildo horretan, etxebizitza eskuratzea gazteen sustraitzearekin eta Euskadiko aukera profesionalekin lotu du: "Ezer gutxirako balio du talentua erakartzeak edo enplegua sortzeak, gero lan egiten duzun lekutik gertu bizitzeko aukerarik ez baduzu".
Gaurko topaketa amaitzeko, Vaquerok Euzko Gaztediko gazteen lana goraipatu du, eta belaunaldi berriek EAJ-PNVren proiektu politikoaren eraikuntzan duten zeregina aldarrikatu du, baita euren ahotsa erakundeetara helarazteko beharra ere: "Proposatu, eskatu, eztabaidatu eta exijitu". "Askotan gazteriari buruz hitz egiten da, baina haiekin ere hitz egin behar da. Gazteria ez da etorkizuna bakarrik, oraina ere bada", amaitu du.