Omenaldia 12:00etan egingo da Getariako portuan, Amabirjiñaren mollan, eta 1936ko gerran itsas defentsan parte hartu zuten 55 getariar gogoratuko dituzte.
29Urriak Getariako EAJ-PNVk omenaldia antolatu du urriaren 31rako, larunbaterako, 1936ko gerran Euzkadiko Gudontzidian (Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi) aritutako getariar marinelak gogoratzeko. Ekitaldia 12:00etan izango da, Getariako portuan, Amabirjiñaren mollan.
1936ko gerraren testuinguruan, Getariako hainbat marinelek Euzkadiko Gudontzidian zerbitzatu zuten, arrantzan eta itsasoan eskuratutako esperientzia Euskadiko itsas defentsaren zerbitzura jarriz. Haien jarduna Getariako itsas historiaren parte da, baita herriaren memoria kolektiboarena ere.
Orain arte bildutako dokumentazioaren eta informazioaren arabera, 55 getariar identifikatu dituzte Euzkadiko Gudontzidian izandako parte-hartzeari lotuta. Marinel horiek hainbat ontzitan aritu ziren, besteak beste, Nabarra, Gipuzkoa, Bizkaia, Jaimin, Rafael Cantos, Goizeko-Izarra, Iparreko-Izarra, Araba eta Mourisca ontzietan.
Euzkadiko Gudontzidian aritutako getariarrak
Oroimena berreskuratu eta belaunaldi berriei transmititzeko omenaldia
Ekitaldiaren bidez, Getariako EAJ-PNVk marinel haien izenak eta oroimena berreskuratu, familiei aitortza egin eta historiaren pasarte hori belaunaldi berriei ezagutarazi nahi die.
Omenaldiaren barruan, oroigarri-plaka bat ezarriko da, «Itsasoan ere askatasunaren alde» lelopean, 1936tik 1937ra Euzkadiko Gudontzidian zerbitzatu zuten Getariako eta inguruko arrantzale eta itsasgizonen omenez.
Getariako EAJ-PNVk gonbidapen berezia luzatzen die marinelen senideei, haien arbasoen oroimena bizirik mantendu duten familiei aitortza egiteko asmoz. Era berean, herritar guztiei dei egiten die omenaldian parte hartzera, gure herriko historiaren parte diren itsasgizon haien konpromisoa eta ekarpena elkarrekin gogoratzeko.
Omenaldi honen helburua ez da soilik iragana gogoratzea, baizik eta itsasgizon haien izenak, ausardia eta askatasunaren alde egindako ekarpena herriaren memoria kolektiboan bizirik mantentzea, belaunaldi berriek ere haien historia ezagutu dezaten.
Ekitaldiaren xehetasunak: