Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidenteak gogora ekarri du I+G+B eskuduntzen transferentzia jasota zegoela EAJ-PNVren eta PSOEren arteko inbestidura akordioan. Bete gabe jarraitzen du beken transferentzia, akordio berean jasotzen zena
15Urriak Nafarroako EAJ-PNVk azpimarratu du Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Gobernuaren artean I+G+B eskuduntzen transferentziarako adostu duten akordioa aurrerapausoa dela autogobernuaren garapenerako, 2023ko azaroan PSOEren inbestidurarako EAJ-PNVrekin adostu zen akordioan jaso zen konpromisoetako bati erantzuten diolako. Konpromiso bera jasota dago, gainera, Nafarroako egungo Gobernuak oraingo legealdirako programaren inguruan adostu zen akordioan, zeina aurtengo udan izenpetu baita.
“Nafarroaren etorkizunerako guztiz estrategikoa izango den transferentzia baten aurrean gaude, berritzeko dugun gaitasuna indartzeko eta ezagutzan oinarrituta dugun garapen ekonomikoa finkatzeko”, adierazi du Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidenteak. Ildo beretik adierazi duenez “Nafarroan urteak daramatzagu bide honen oinarriak eraikitzen. Mugarri ditugu, gainera, 2018an onartu zen Zientzia eta Teknologia Legea eta Nafarroako Berrikuntza Sistemaren sorrera”.
“Ordutik aurrera, berrikuntzari eta enpresetako ikerkuntzari babesa emateko programekin batera, I+G+B eskuduntzetara dedikatu den aurrekontua %50 igo da, eta Nafarroa kokatu dugu Europako bataz bestekoaren gainetik sektore honetan egiten den inbertsioari dagokionez. Transferentzia honek balio behar du, beraz, aurrera egiten jarraitzeko, gure sistema ikertzaile osoaren eta gure enpresa sarearen potentziala aprobetxatuz, eta tresna gehiago eskuratuz etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko”, adierazi du Hualdek.
NBBren buruak ziurtatu duenez “hauxe da EAJ-PNVk Nafarroarekin eta bere hiritargoarekin hitzemanda daukan konpromisoaren adibidea, konpromisoa autogobernuarekin eta Nafarroan berrikuntza teknologikoa aurrera eramateko bultzadarekin; Euskal Taldeak eta Geroa Baik eskuduntzen alorrean eman duten bultzada erabakigarriaren adibide ere bada, aurrerapauso handiak lortu direlarik”.
Zentzu berean, Hualdek gogoratu du 2026ko apirilean, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok Espainiako gobernuari erreklamatu ziola inbestidura akordioan Nafarroarekin hitzemandako transferentziak burutzeko, horien artean I+G+B eskuduntzena eta bekena, azken honek transferitu gabe jarraitzen duelarik.
Napar Buru Batzarraren presidenteak ildo beretik adierazi duenez “Nafarroako Parlamentuan dugun taldeak egin duen jarraipen kementsua etengabea izan da eta, beraz, hasierabatean hitzemandako epeetan izan ez arren, legegintzaldi amaieran behintzat aurrerakada esanguratsu hau lortu da”. “Lanean jarraituko dugu presente gauden erakunde guztietatik LORAFNAn jasota eta bete gabe jarraitzen duten transferentzia guztiak geureganatzeko, Nafarroak ahalik eta erabaki-, autogobernu- eta burujabetza-gaitasunik handiena lor dezan”, amaitu du NBBren buruak.