Euskal Taldeak Kongresuan izan duen bozeramailea, Martiarena, Artolazabal eta Agirregoitiarekin batera izan da Renew Europe Europako Parlamentuko taldeak Bruselan egin duen goi-bileran . Bertan elkartu dira, bi estatuburu eta Europako lehen ministro, Europako Batzordeko hiru komisario eta 78 eurodiputatu
Miren Martiarena Euzkadi Buru Batzarreko kanpo harremanetarako burukidea, Maribel Vaquero Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailea, Beatriz Artolazabal Senatuko bozeramailea eta Oihane Agirregoitia eurodiputatua Bruselan izan dira gaur goizean, Renew Europe taldeko buruen goi-bileran. Hauteskunde Orokorren kanpainaurrean gaudela, goi-bilera horren goiburua gogora ekarriz, Vaquerok esan du "EAJ-PNV beti izan dela alderdi politiko europazalea": "Europaren aldeko alderdia gara, Europako proiektua sortu baino lehenagotik ere, Agirre lehendakariak defendatu zuen bezala. Balioen Europa defendatzen jarraitzen dugu. Proiektu komun hau. Eta Espainiako hurrengo hauteskunde hauetan Europako proiektua dugu jokoan. Europaren eta ultraeskuinaren aurkako gorakadaren aurka borrokatu behar dugulako. Eta, hortxe egongo da EAJ-PNV". Halaxe mintzatu da Euskal Taldearen bozeramaileak Belgikako Kanpo Arazoetako Ministerioa dagoen eraikinaren aurrean eman dituen adierazpenetan. "Europa, Europako balioak eta Euskadik Europan ahotsa izatea defendatzen dugu. Izan ere, Euskadiren erronka nagusiak Europan ere erabakitzen dira, eta ahots propioa izan nahi dugu bertan, Espainiako Estatuaren mende egon gabe". Ildo horretan, Makroeskualde Atlantikoa edo Europan euskararen ofizialtasuna aipatu ditu EAJ-PNVren erronka nagusi gisa.
Goi-bileran parte hartu dute hitza Micheál Martin Irlandako Taoiseachak eta Rob Jetten Herbehereetako lehen ministroak. Kaja Kallas EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi-ordezkaria, Marta Kos zabaltze-komisarioa eta Hadja Lahbib Berdintasun eta Krisi Kudeaketako komisarioa ere bertan izan dira. Renew Europe osatzen duten 78 eurodiputatuak ere ez dira falta izan. Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak bere aldetik defendatu du EAJ-PNV halako foroetan ordezkatuta egotearen garrantzia, "euskal ikuspegia plazaratzeko eta Euskadiren interesak defendatzeko".