Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak 62 zuzenketa aurkeztu dizkio Europako Parlamentuko industria, ikerkuntza eta energia batzordean eztabaidatzen ari den txosten- proiektuari
13Urriak EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak aste honetan bertan aurkeztu du Industria Azelerazioaren Lege proposamenari 62 zuzenketa planteatzen dizkion proposamena. Proiektua egunotan ari dira eztabaidatzen Europako Parlamentuko industria, ikerkuntza eta energia batzordean. Ordezkari jeltzalearen zuzenketak bideratuta daude Euskadiko energia industria osoaren lehiakortasuna bere balio-kate osoan indartzera, sektore hau kritikoa baita eta 28.000tik gora langile hartzen baititu euskal lurraldean.
“Arauketa berri honek aukera ematen digu joko arau berri batzuk ezartzeko gure enpresek baldintza hobeekin lehiatzeko eta aurrera egiteko aukera izan dezaten. Oso garrantzitsua da hori egungo testuinguru geopolitiko globalean. Baina legeak harago joan behar du. Gure produkzioa, gure teknologiak eta gure enpleguak indartu behar ditugula ulertu ezean, Txinako eta beste herrialdeetako enpresek gu garaitzen jarraituko dute. Euskadik eta Europak ezin dute gaitasun industriala galtzen jarraitu, bereziki energia-industrian, gure lehiakortasun eta autonomia estrategikorako horren garrantzitsu eta estrategikoak diren sektoreetan bereziki”, ezarri du Agirregoitiak.
Aurkeztu diren zuzenketekin, EAJ-PNVk bilatzen du energia sektoreko balio-kate estrategikoak indartzea, zeinetan EBk eta Euskadik oinarri industrial eta teknologiko nabarmena baitute. Horietako batzuk dira eolikoak, elektrikoak (garraiatzeko zein banaketarako), eguzki- fotoboltaikoa, hidrogenoarena, hidraulikoa, bateriena eta erregai berriztagarriena, industria bakoitzaren heldutasun mailak babes handiagoa edo txikiagoa baldintza ez dezan. “Industria bat heldua izateak ez du esan nahi babesik behar ez duenik. Daukaguna galtzeak ekar diezaguke bihar-etzi mendeko bihurtzea”, gogoratu du Agirregoitiak teknologia garbien eta deskarbonizazioaren sektoreen garrantzia nabarmenduz.
Eurodiputatu jeltzaleak defendatzen du Europak are irizpide anbiziotsuagoak eta argiagoak behar dituela eta elkarrekikotasuna erreklamatu die Europan saldu nahi dutenei, europar lurraldean beren produktuak merkaturatzeko aukera izan dezaten soilik Europako produktoreek bete behar dituzten baldintza berberetan produzitzen badute eta benetako elkarrekikotasuna bermatzen bada hirugarren herrialdeetako kontratazio publikoko merkatuetara sartzeko.Agirregoitiak funtsezko jotzen duen beste elementu bat da araudi berriak EBren deskarbonizazio eta subiranotasun energetikorako azpiegituretarako inbertsioek egun dituzten arriskuei ez ezik bihar-etzikoei erantzun diezaiela.
Industria energetikoa indartzera bideratutako zuzenketez gain, Euroganberan EAJ-PNV kide duen Renew Europe taldeko ordezkariek siderurgiaren eta aluminioaren esparruan hogeita hamar zuzenketa inguru aurkeztu dituzte, galdaketa-produktuen eta galdatutako osagaien babesa hobetzeko helburuarekin, besteak beste.
Europako Batzordeak Europako lehiakortasun industriala indartzeko helburuarekin iazko martxoan proposatu zuen Industria Azelerazioaren Legearen helburu nagusia da industriaren gainbehera etetea eta joera hori lehengoratzea sektorearen kuota 2035 urtera begira %20ra igoz 2024ko %14,3ko beherakadari aurre egiteko. Proposatutako plan honek aurreikusten du proiektu industrialetarako baimen arinagoak eta digitalak ahalbidetzea eta industria bizkortzeko guneak sortzea.
Ildo beretik, erraldoi ekonomikoetan diruz laguntzen den produkzioari aurre egitea bilatzen da, hala nola Txina eta AEBkoa, bereziki energia intentsiboan eta teknologia berdeetan. Horretarako, jatorriari eta iraunkortasunari buruz bete beharreko arauak jasotzen dira atalase zehatz batzuk gainditzen dituzten kontratu publikoentzat, eta are kontrol zorrotzagoa egitea sektore estrategikoetan atzerritik egiten diren inbertsioetan, hala nola baterien alorrean, ibilgailu elektrikoetan eta eguzki energia fotoboltaikoan.