GBBk Eider Mendoza Larrañaga aurkeztu die Gipuzkoako alderdikideei Diputatu Nagusirako hautagai aukeratua izan dadin

Ezaugarritzat dituelako gaitasun profesionala eta politikan nahiz erakundeetan eskarmentua bai legegile jardueran (Eusko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan) bai exekutiboan (Foru Aldundian); eta era berean, EAJ-PNVren taldearen sendotasuna dauka euskal lurralde gisa Gipuzkoako aurrerabidea bultzatzeko eta gipuzkoarren ongizatea eragiteko proiektu politikoa betetzen jarraitzeko, garapen ekonomikoan, justizia sozialean eta burujabetza politikoan oinarrituta

GBBk Eider Mendoza Larrañaga aurkeztu die Gipuzkoako alderdikideei Diputatu Nagusirako hautagai aukeratua izan dadin 13Urriak
UrriaK 13 |
GBB

PARTEKATU

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA

1974ean Azpeitian jaio eta lau urte zituela, Hondarribiara joan zen bizitzera. Hiru-eleduna (euskara, gaztelera eta frantsesa), eta ingeleraz trebatzen. 

Politika ohiko gaia zuen etxean, lagun-artean eta eskolan. Umetatik, abertzaletasun eta bakegintzarekin konpromiso eta aldarrikapen sendoak zituenez EGIn eta EAJn inplikatu zen bete-betean.

Enpresa ikasketak Bordelen (Frantzia) egin (Nazioarteko Merkataritzan espezializatua) eta Irungo garraio-logistika enpresa batean aritu zen lanean bizpahiru urtez 27 urterekin Eusko legebiltzarkide izendatua izan zen arte. 10 urtez aritu zen bertan lanean (2001-2011) eta esperientziak arrasto haundia utzi zuen beregan, politikoki garai gogorrak izan zirelako eta aldi berean emankorrak. Taldeko koordinatzaile eta gizarte politikako bozemaile izan zen.

2011tik 2015era Gipuzkoako Batzar Nagusietan oposizioan aritu zen Markel Olano oposizio-buruarekin elkarlanean, taldeko koordinatzaile gisa. 2015ean PNVk hauteskundeak irabazi eta erakundeko presidente izendatu zuten.

2019an ibilbide parlamentarioa alde batera utzi eta Markel Olano Diputatu nagusi zela, Gipuzkoako Foru Aldundira pasa zen, erakundeko bozemaile eta Gobernantza diputatu gisa.

2023an Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zuten eta hiru urte eta erdi hauetan lan izugarria egin du, gainerkao foru diputatuekin batera, lurraldearen lehiakortasun ekonomiko eta babes soziala sendotzeko. Akordioak lortzeko ahalmen handia erakutsi du denbora honetan Mendozak, aurrekontuak, erreforma fiskala eta gai sektorial garrantzitsuak onartzea ahalbidetu duelako bere lidergoak.

Aldi berean, denbora honetan, familia osatzen joan da: alaba bat eta hiru seme ditu, 25 eta 15 urte bitartekoak. Inguru oso sendoa, lagun eta familiartekoa.

Herria maite du, herritar ororen duintasunean sinisten du eta herrigintzak zentzua ematen dio bere bizitzari; argi dauka denok egin diezaiokegula ekarpena gure inguruari eta eragiteko gaitasuna daukagula gauden lekuan gaudela. 

Halaber, Joseba Andoni Agirretxea Urresti aurkezten du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakaritzarako hautagai izateko.

Joseba Andoni Agirretxea Urresti 1966an jaio zen Ondarroan eta gaztetatik Donostian bizi da. 1983az geroztik EAJ-PNVko afiliatua da, eta Donostiako Antiguako erakundekoan dago alderdikidetua. Euskal nazionalismoarekiko eta herri zerbitzuarekiko konpromiso sendoa erakutsi du gazte-gaztetatik, alderdiaren zein erakundeen jardunean ibilbide politiko luze eta oparoa garatuz.

Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Bere prestakuntza akademikoak eta euskararekiko nahiz euskal kulturarekiko lotura estuak bere jardun publiko eta politikoaren zati garrantzitsu bat markatu dute urte hauetan guztietan.

Ibilbide instituzional zabala egin du Diputatuen Kongresuan. 2008tik 2011ra diputatu izan zen, eta 2013tik gaur egunera arte ere Kongresuko kide da. Urte hauetan zehar erantzukizun garrantzitsu ugari izan ditu, besteak beste, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Batzordeko presidente izan da, eta Kultura, Hezkuntza eta Berdintasun arloetako bozeramaile lanak ere egin ditu.

Urte luzez metatutako esperientzia parlamentarioari esker, legebiltzarren eta ganbera legegileen barne funtzionamenduaren ezagutza sakona eskuratu du. Bere lanerako gaitasunagatik, prozedura parlamentarioen ezagutzagatik eta jardun legegilean zein kontrol politikoan izan duen parte-hartzeagatik nabarmendu da.

Bere ibilbide politiko osoan zehar Euskadiren interesen defentsarekiko konpromiso sendoari eutsi dio, Estatuko erakundeetatik euskal gizartearen eskariak eta beharrak helarazi eta defendatuz. Bere esperientziak, ezagutza instituzionalak eta ibilbide politikoak euskal nazionalismoaren ordezkari eskarmentudunenetako bat bihurtu dute legebiltzar eremuan.

Interesatu Zaitez