EBBren presidentea “harri eta lur” agertu da greba orokorrerako deialdiagatik eta, Mari Carmen Abascalen senide eta lagunei doluminak adierazi ondoren deitoratu duenez “grebak ez du etxebizitza gehiago eraikitzerik ekarriko, ezta eskaintza handitzerik ere”
08Urriak “Euskadin ez da erabakitzen Madrilen zer Gobernu osatuko den. PP-Vox gobernu bati buruz ari bagara, inkestek esaten dute PPk bi baino ez dituela izango Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion 18 eserlekuetatik. Madrilen behar dira ideiak argi eta garbi izango dituztenak gai sozial industrial, ekonomiko eta kulturalak defendatzeko eta gure hizkuntza defendatzeko. Hara bidali behar den ordezkaritza ez da bloke bat edo bestea defendatzeko, guk ez dugu inoren sekundarioarena egin behar, Euskadiko protagonista izan behar dugu, han defendatuko dutena agenda propioa izango dela argi izanik, euskal agenda eta Herri honetako hiritarren interesak, alegia”. Hala defendatu du ETB2ko `En Jake´ saioan Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Madrilen Euskal Talde indartsua izateak duen garrantzia. “Kolore guztietako gobernuak tokatu izan zaizkit niri, eta bertan behar dira ikuspegi argia, gaitasuna eta negoziatzeko ahalmena”, azpimarratu du.
Azaroaren 11rako deitu den greba orokorrari dagokionez, Esteban “harri eta lur” agertu da eta azaldu du greba deitzeko eman diren arrazoi ezberdinak ez direla bateragarriak: UGT eta CCOO sindikatuek diote “egoeragatik” dela. Otegik dio autoritarismoaren kontra dela, eta ELA eta LAB sindikatuek esan dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kontra deitzen dela. “Udalek ere hainbat eskuduntza dituzte etxebizitza gaietan eta Bilduk hainbat udal ditu bere esku. Uste dut hori ere kontuan izan beharko luketela”. EBBren buruak txarretsi dienez “grebak ez du ekarriko etxebizitza gehiago eraikitzerik, ezta eskaintza handitzerik ere”
Mari Carmen Abascalen lagun eta senideei EAJ-PNVren doluminak adierazi ondoren Estebanek gogora ekarri nahi izan du talde jeltzaleak pertsona zaurgarriak defendatu izan dituela beti, etxebizitza politiketan zein “bestelako politika sozial guztietan”. Hala, Estebanek azaldu du Espainiako gobernuak “erantzukizun politikoak” dituela egoera honetan eta “nahikoa urte izan ditu bultzatu dituen politikek etxebizitza alorrean emaitzarik ematen ez zutela ikusteko”. “Pertsona zaurgarriak babestu behar dira, baina baita jabe txikiak ere”, ezarri du Estebanek eta amaitzeko azaldu du alokairuko etxebizitza “gehienak” jabe txiki horienak direla: “Ezin ditugu ikaratu edo uxatu, berme juridiko nahikorik ez dutela uste dutelako” amaitu du.