Jeltzaleek Estaziño-Matsariako intermodalitate-geltoki berria etorkizuneko proiektu handietako bat dela diote, eta hirigintza-antolamendu berriak aukera hori hiri-proiektu bihurtu behar duela defendatzen dute
25Irailak Eibarko EAJ-PNVk uste du Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren idazketa lizitatzeak aukera estrategikoa zabaltzen duela datozen hamarkadetarako hiri-eredua definitzeko. Jeltzaleek hirigintza-antolamendu eraginkor baten alde egiten dute, Eibar berdeago bat egiteko, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko, hiri- eta industria-eremuak birsortzeko eta herritarrentzat eta jarduera ekonomikoarentzat aparkalekuak sortzeko aukera eman dezan, oinezkoentzako eta bizikidetza-eremuetarako apustuari eutsiz.
EAJ-PNVren ustez, HAPO berria ez da mugatu behar hiri-espazioa antolatzera; aitzitik, datozen urteetan Eibar eraldatuko duten proiektu handiak ahalbidetu behar ditu. Horien artean, Estaziño-Matsaria ardatzaren eraldaketa kokatzen dute apustu nagusietako baten gisa, Ego Gain-go egungo autobus-geltokia lekuz aldatuz parke handi bat sortzeko eta trenbidearekin eta saihesbidearekin lotutako intermodalitate-geltoki berria eraikitzeko.
“Ez da geltoki bat lekuz aldatzea bakarrik: hiri-proiektu bat da. Eibarrek autobus-geltoki intermodal moderno eta irisgarria behar du, egungo beharrei erantzuteko”, adierazi du Alberto de la Hoz EAJ-PNVko Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak.
HAPOren berrikuspenaren aurrerapen-dokumentuak berak Estaziño-Matsaria etorkizuneko autobus-geltokia hartzeko eta tren-geltokiaren ondoan gune intermodal bat sortzeko ahalmena duen eremu gisa jasotzen du. EAJ-PNVren ustez, aukera hori apustu politiko argi bihurtu behar da eta Plan Orokor berriaren proiektu estrategikoetako bat izan behar du, eta ez da paperean soilik geratu behar.
“Eibarrentzat galdu ezin dugun aukera baten aurrean gaude. HAPO berriak erabakiak hartzeko eta zer proiektu gauzatu nahi ditugun zehazteko balio behar du. Estaziño-Matsaria horietako bat izan behar da: intermodalitate-geltoki moderno eta ondo konektatua, mugikortasuna hobetzeko, erdiguneko trafikoa arintzeko, zarata eta kutsadura murrizteko, Matsariako sarbideak indartzeko eta Ego Gainentzat aukera berriak zabaltzeko, hala nola berdegune handi bat eta aisialdirako gune bat sortzeko”, azaldu du De la Hozek.
Jeltzaleek jarduketa hori modu integralean lantzea proposatzen dute, bide-, trenbide- eta oinezkoentzako konexioak, saihesbiderako sarbideak eta etorkizuneko geltokiaren eta hiri- eta industria-ingurunearen arteko integrazioa koordinatuz. Era berean, Matsariak enpresa-jardueragatik eta trenbide-sarearen eta saihesbidearen hurbiltasunagatik duen izaera estrategikoa azpimarratzen dute. Gainera, eremuak Eibarren hain beharrezkoa den aparkaleku-espazioa sortzeko aukera ematen du.
“Matsaria ez da hutsik dagoen eremu bat. Eibarko enpresak eta SPRILURen moduko industria-jarduera ditugu bertan, eta hori zaindu behar dugu. Hirigintzak ere ekonomia produktiboaren zerbitzura egon behar du, gure enpresek Eibarrera hobeto iritsi, hobeto lan egin eta herrian garatzen jarrai dezaten”, adierazi du De la Hozek.
Autobus-geltokia lekuz aldatzeak, trafiko gutxiagoko eremu batera eramateak herritarrentzat berreskuratuko luke gaur egun trafikoak, maniobra arriskutsuek eta autobusen etengabeko zirkulazioak baldintzatutako espazioa. Jarduketa horrek aukera emango luke pertsonentzat atseginagoa eta irisgarriagoa izango den hiri baten alde egiteko, oinezkoentzako eremuak handituz, berdegune berriak sortuz eta egoteko, paseatzeko eta aisialdirako guneak eskainiz; baita zuhaitz gehiago, parkeak eta topaguneak txertatuz ere. Trafiko astuna eta autobusak erdigunean murrizteak, gainera, espazio publikoaren kalitatea hobetzea, zarata gutxitzea eta oinezkoentzat zein txirrindularientzat mugikortasun erosoagoa eta seguruagoa ahalbidetzea ekarriko luke. Azken batean, espazio hori libre uzteak hirigunearen zati bat herritarren, bisitarien eta merkataritzaren gozamenerako berreskuratzea ahalbidetuko luke, ingurune irekiago, lasaiago eta bizikidetzara bideratuago bihurtuz.
Kaleen garbitasuna, segurtasuna eta argiztapenarekin batera, Eibar berdeago egitea da EAJ-PNVk HAPO berrian txertatu nahi duen beste lehentasun nagusietako bat. Jeltzaleek berdeguneak handitu eta konektatzearen, espazio publikoak hobetzearen, degradatutako eremuak ingurumenaren ikuspegitik leheneratzearen eta hiria tenperatura altuetara eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzearen alde egiten dute.
“Premiazkoa da Eibarren ditugun berdeguneak gehiago eta hobeto zaintzea, txikiak izan arren. Klima-aterpeak, berdeguneak, zuhaitz-plana eta gure landa-eremuak zaintzea lehentasunak dira”, adierazi du De la Hozek.
Ildo horretan, EAJ-PNVk jarduketa isolatuetatik berdeagotze-estrategia global batera igarotzea proposatzen du, berdeguneak konektatuz, plazak eta bizikidetza-guneak hobetuz eta degradatuen dauden eremuak ingurumenaren ikuspegitik leheneratuz. Ez dituzte ahazten landa-eremuak eta bertan bizi diren eibartarrak ere. Auzo horiek zaintzea jeltzaleen hiri-proiektuaren funtsezko zatia da.
Eibarren orografia konplexua dala eta, irisgarritasuna eta auzoen arteko konexioa ere funtsezko elementuak dira. Jeltzaleen arabera, hirigintza-antolamendu berriak garraio mekanikoen sarbideak, igogailuak lehenetsiz, oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak, auzoen eta hirigunearen arteko konexioak eta hiriaren inguruko aparkalekuen garapena jaso behar ditu.
“Eibar batean bizi, mugitu eta lan egitea errazagoa izatea nahi dugu. Hiri berdeagoa, irisgarriagoa eta hobeto konektatua. HAPO berriak eraginkorra izan behar du eta politika horiek guztiak hiri-proiektu bakar batean txertatzeko gai izan behar du. Azpimarratu nahi dugu amaitzear dagoen Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (HMIP) ere funtsezko tresna dala gure hirirako”, ondorioztatu du Alberto de la Hozek.