Alderdikide jeltzaleek eta Uri Erakundeek zerrenda horiek berretsi edo hautagai berriak proposatu ahal izango dituzte bihar bertan hasiko den lehen hautespen aldia egin bitartean eta urriaren 11ra arte. Prozesua amaituko da urriaren 17an egingo den Ezohiko Aberri Batzarrean
07Urriak EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak gaur bertan eta presako deialdi bidez hasi du azaroaren 29ko Hauteskunde Orokorretara eramango dituen zerrendak osatzeko hautagaiak aukeratzeko prozesua, Pedro Sánchez Espainiako gobernuko buruak hauteskundeak aste honetan deitu dituenez geroztik. Jeltzaleen prozesuak, EBBren borondatearekin bat ez datozen inguruabarrengatik, ohikoak baino epe laburragoak izango ditu eta urriaren 17an egingo den Ezohiko Aberri Batzarrean amaituko da.
EAJ-PNVren Aberri Burutzak gaur bertan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Herrialde Erakundeetara bidali du hauteskundeetara eramango dituen zerrendak osatzeko prozesura begira egiten duen proposamena. EAJ-PNVren estatutuetan jasotakoa betez, EBBk bidalitako zerrenda alfabetoaren arabera ordenatuta dago. Orain, alderdikide jeltzaleak eurak izango dira, Uri Batzarretan bilduta, hautagaitza horiek baliozkotu edo hautagai berriak proposatuko dituztenak, hemendik eta urriaren 11ko igandera arte egingo den lehen hautespen aldian. Uri Erakunde bakoitzak bere behin betiko proposamena bigarren itzulian bozkatuko du, urriaren 13tik (asteartea) urriaren 15era (osteguna) bitartean. Herrialde Batzarrek urriaren 16an, ostirala, baliozkotu beharko dituzte proposamen horiek, eta EBBk kontuan hartuko du haien erabakia hautagaien zerrenda hori antolatzeko eta behin betiko proposamena Ezohiko Aberri Batzarrari helarazteko orduan. Aberri Batzarrak izango du azken hitza eta urriaren 17an bilduko da, larunbatarekin.
Pedro Sánchezek egin duen deialdiak EAJ-PNV derrigortu du bere Estatutuetan aurreikusten diren epeak ahalik eta laburren egitea, baina horrek ez dio talde jeltzaleari eragotziko prozesua ohiko moduan egitea, hau da, bere betiko bi itzuliekin, hala gauzatzen baita alderdikide guztiek parte hartzeko eta erabakitzeko duten botere subiranoa.
Ondorengoa da, alfabetoaren arabera ordenatuta, EBBk Herrialde Erakundeei bidali dien proposamena:
ARABA
Kongresua: Txerra Molinuevo, Ibone Santos, Nagore Trepiana, Gorka Urtaran.
Senatua: Eneritz Alonso, José Ignacio Arrieta, Nerea Bengoa, Ángel Marcos Pérez de Arrilucea, Arantza Yarza, Saray Zárate.
BIZKAIA
Kongresua: Jon Andoni Atutxa, Amaia del Campo, Imanol Landa, Igotz López, Nerea Renteria, Idoia Sagastizabal, Aitor Sorriketa, Maitane Zearreta.
Senatua: Nerea Ahedo, Keltse Eiguren, María Dolores Etxano, Etor Gorroño, Kepa Lambarri, Martín Pérez.
GIPUZKOA
Kongresua: Joseba Andoni Agirretxea, Lide Amabilia, Olatz Arrese, Eneko Goia, Xabier Txurruka, Maribel Vaquero.
Senatua: Eli Huegun, Xabier Insausti, Iker Laka, Elena Lete, Luke Uribe-Etxebarria, Bittori Zabala.