"Erantzukizun eta koherentziaz" jarduteko asmoari eutsiz, Euskal Taldeak gizabanako zaurgarriak babesten eta jabe txikien egoera hobetzen dituen etxebizitza dekretua babestuko du eta bigarrenari ezetza ematen jarraituko du

Talde jeltzaleak zalantzak ditu arauak benetan izango duen inpaktuaz eta neurri gehiago proposatzen jarraituko du etxebizitza krisia konpontzera begira, baina uste du testua alderdi teknikotik hobetua izan dela eta maizter zaurgarriak eta jabe txikiak babestea ahalbidetzen duela

06Urriak
UrriaK 06 |
Kongresua

PARTEKATU

Euskal Taldeak “koherentziari” eutsiko dio orain arte defendatu izan duen jarrerari dagokionez eta “erantzukizunez” jardungo du eta baietza emango dio gaur bertan, asteartearekin, onartu den dekretuari, etxebizitzaren funtzio soziala babesteko eta etxebizitza eskuragarriaren eskaintza zabaltzeko premiazko neurriak hartzen dituenari, eta orain arteko ezetzari eutsiko dio kontratuak automatikoki berritzea planteatzen duen lege dekretuari dagokionez.

Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok Bilbon eman den prentsaurrean eman du ezagutzera EAJ-PNVk lege dekretu honen inguruan hartu duen erabakia, lehenengoaren testuak talde jeltzaleak Etxebizitza Ministerioari proposatu dizkion aldarazpen batzuk jasotzen dituela egiaztatu ondoren. Aurreko astean Euskal Taldeak adierazi zuen testuak “gabezia tekniko handiak” zituela eta ekinean aritu izan da Gobernuak arauaren idazkera hobetu dezan eta EAJ-PNVk defendatzen dituen kontu bi bermatuta gera daitezen: “Pertsona zaurgarriak babestea eta jabe txikia defendatzea, segurtasun juridikoaren printzipioa gordez”, Vaquerok berak esan bezala.

Vaquerok azaldu duenez talde jeltzaleak zalantzak ditu oraindik dekretu honek izango duen irismen errealaz, eta gaineratu du “adabaki” izaten jarraitzen duela, egungo etxebizitza arazoa konpontzera iristen ez dena; ondorioz, azaldu du EAJ-PNVk lanean jarraituko duela neurri berri batzuk bultzatzera begira: “Ikuspegi integral batetik egingo dugu, erabakiko dena eraginkorra izan dadin. Ez bakarrik gaur daudenak babesteko, baizik eta baita etorkizunean sartuko direnak ere. Ez daude etxebizitza nahikorik, gehiago eraiki behar da eta segurtasuna eman behar zaie jabeei, Euskadin gaur egun alokatzeko etxebizitza guztien %81 jartzen baitute. Erakunde publikoek %16 jartzen dute, hau da, Estatuko bataz bestekoaren bikoitza. Dena dela, eskas izaten jarraitzen du”.

Era berean, Vaquerok defendatu du dekretuak gehiago mugatuko duela putre-funts deiturikoen erosketa (merkatuaren prezioaren %70etik behera), "maizter kalteberen babesa indartuz".

Era berean, Euskal Taldeak egoki jotzen du sasoiko alokairuak arautzea “ohiko etxebizitza hortik galtzen da nagusiki”, Euskal Taldeak 2023ko Etxebizitza Legearen izapidetze prozesuan salatu zuen bezala. “2023an legea onartu zutenek atea irekita utzi zioten lege-iruzurrari. Euskadin ia % 28 jaitsi dira ohiko alokairu-fidantzak, eta % 52 baino gehiago igo dira aldi baterako alokairu-fidantzak ", azaldu du.

Ohiko etxebizitza alokatzeko kontratuen egonkortasuna indartzeko presazko neurriak hartzeko lege dekretuari dagokionez, horren ardatz nagusia kontratuen berritze automatikoa delarik, Vaquerok azaldu du Euskal Taldeak bere jarrerari eutsiko diola: “Jabe txikia erasotzea dakar” eta testuan adierazten den helburuaren “kalterako” izango litzateke. Areago, talde jeltzaleak ulertzen du Espainiako gobernuaren proposamen hau jabe txikiaren kontrako “erasoa” dela eta zuzenean ekarriko lukeela merkatuan alokatzeko etxebizitza gutxiago izatea eta, beraz, kaltegarria izango litzateke hiritarrentzat.

AK-k amnistiari buruz eman duen epaiaren balorazioa

Vaquerok ildo beretik baloratu du gaur bertan Auzitegi Konstituzionalak ezagutzera eman duen erabakia amnistiaren irismenaren inguruan: “EAJ-PNVren aldetik betidanik defendatu izan dugu amnistiaren legea osorik ulertu beharra zegoela eta ez zati batean soilik. Horixe izan zen, hain zuzen, Kongresuak demokratikoki eta gehiengo batez onetsi zuen legearen izpiritua. AKk hala ulertu du eta oso ona da gaur hartu duen erabakia”.

Epaiak, zeinak ezartzen baitu amnistia aplikatu behar zaiola procés izenekoan parte hartu zuten hainbat kataluniar buruzagi zigortu zituen bidegabeko eralgitzeari, Jordi Turullek eta Dolors Bassak aurkeztutako helegiteetan du jatorria, baina "dotrina argia da" eta ondorio modura ekarri du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia atxilotzeko agindua bertan behera uztea.

“Auzi politikoek ez dute epaitegietan amaitu behar. Gai hau ez zen sekula auzitegietara iritsi behar. Begi onez hartu dugu epaia, azkenean, politikaren alde jarri izana eta parlamentuko gehiengo batek esan eta onartu zuenaren koherentea izatea”.

Interesatu Zaitez