Euskal Taldearen bozeramaileak azaldu duenez, etxebizitza-dekretuen negoziazioan ondorengoak defendatu ditu: "kalteberak babestea, maizterrei eta errentatzaileei segurtasuna ematea, ohiko alokairua luzatzea, etxebizitza sozial eta tasatu gehiago eraikitzea, espekulazioa mugatzea, sasoiko alokairua arautzea, pisu turistikoak mugatzea eta neurri fiskalak hartzea"
30Irailak "Gehiegikeriekin amaitu eta pertsona kalteberak babestu behar dira, baina jabe txikia etsai bihurtu gabe. Maizterra defendatu daiteke eta defendatu behar da, baina etxebizitza bat alokairuan jartzen duena kriminalizatu gabe", adierazi du asteazken honetan Maribel Vaquero EAEko Taldearen bozeramaileak, etxebizitzari buruzko bi lege-dekretu onartu ondoren egin den Gobernuaren kontrol-saioan. Hemizikloan sartzean, Vaquerok jakinarazi du Gobernuak onartutako behin betiko testuak gaur goizaldean jaso dituela Euskal Taldeak, eta, beraz, irakurri egin behar direla, botoa aurreratu baino lehen.
"Euskadin, jabe txikiek alokairu-eskaintzaren % 90 jartzen dute, eta behar besteko parke publikorik ez dugun bitartean, behar ditugu", azaldu dio Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroari. Hori dela eta, jeltzaleen ustez, " inbertsio-funts handiak eta jabe txikiak ezin dira parekatu; etxebizitzaren funtzio soziala Administrazio publikoak bermatu behar duen erantzukizuna da, ez norbanakoena". Horixe da Euskal Taldeak Kongresura eraman duen eta defendatuko duen jarrera.
"Gure jarrera argia da: etxebizitza babestu gehiago eraikitzeaz gain, segurtasun juridikoa, pizgarriak eta neurri eraginkorrak behar ditugu. Azenario gehiago eta makila gutxiago", esan du Vaquerok, eta berehala adierazi duenez " guk ez dugu makila magikorik, baina aldarrikapen handiak egiten dituztenek ere ez dute, Podemosek bezala". Hala, aurreko egun hauetan Euskal Taldeak egindako lana defendatu du: "Gure taldeak elkarrizketarako borondatea erakutsi du, ikuspegi zabala eta negoziatzeko gaitasuna ditu. Eta azpimarratuko dut: negoziazioa eta ez inposaketa. Izan ere, ematen du talde batzuk tematuago daudela desadostasuna elikatzearekin konponbideak aurkitzearekin baino. Ez gaituzu lubakian aurkituko, ministro andrea.Akordioak lortzeko lanean aurkituko duzue EAJ. Eta zuk, baina batez ere euskal gizarteak, jakin daki horrela jokatu dugula ".
"Ondorengoak defendatzen ditugu guk: pertsona kalteberak babestea, maizterrei eta errentatzaileei segurtasuna ematea, ohiko alokairua handitzea, etxebizitza sozial eta tasatu gehiago eraikitzea, espekulazioa mugatzea, sasoiko alokairua arautzea —2023ko Etxebizitza Legean antzeman eta jakinarazi dugun hutsune bat —, pisu turistikoak mugatzea eta neurri fiskalak hartzea", zehaztu du, eta argitu du neurri horiek helburu bat izan behar dutela: "Etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzea,kontrako efekturik ez eragitea eta halakoak eragoztea ".
Vaquerok ministroari gogorarazi dionez, "onartutako lege-dekretuekin ez da etxebizitzen krisia konponduko", hori "badakigu eta badakizue". Kritikatu duenez, "8 urteko koalizio-gobernuaren ostean, lege-dekretu bidez arautu duzue etxebizitza bezalako gai serio ba", eta bere buruari galdetu dio ea onartutako testuek "etxebizitza duin bat izateko aukera bermatuko ote dioten bihar bizi-proiektu bat hasi nahi duen edonori". Horregatik, "elkarrizketa, erantzukizun eta akordiorako borondate gehiago" beharko direla ondorioztatu du, eta ministroari galdetu dio ea "oztopoak gainditzeko, talde parlamentarioei entzuteko eta akordioak lortzeko benetako borondatea duen, kalteberak babesteko eta bihar etxebizitza behar dutenei ere etxebizitza bermatzeko".