Unai Hualdek gaur nabarmendu nahi izan du “gizaseme garbi eta abertzale baten figura”, konpromiso irmoa erakutsi baitzuen “Herriarekin, justizia sozialarekin, demokraziarekin eta giza eskubideen defentsarekin”
29Irailak Nafarroako EAJ-PNVk gaur gogoratu eta omendu ditu Fortunato Agirre Lukinen figura, oroimena eta legatua. Lizarrako alkate jeltzalea zen Agirre 1936ko irailaren 29an frankistek Tajonarren fusilatu zutenean. 90 urte bete dira gaur. Omenaldia egin diote Lizarrako hilerrian, eta bertan izan dira Pablo Ezkurra Lizarrako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko presidentea, Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidente eta Nafarroako Parlamentuko presidentea; Ion Gambra, Euzkadi Buru Batzarrean Memoria gaietarako burukide arduraduna eta Agirreren beraren senide eta lagunak.
Berauekin batera izan dira Geroa Baiko zinegotzi, parlamentari eta burukide Blanca Regúlez, RTVEren kontseiluko kide María Solana eta Napar Buru Batzarreko ordezkariak, erakundeetako ordezkariak eta Lizarrako EAJ-PNVko kideak. Ekitaldi berean gogoratu eta omendu nahi izan dute Manuel Irujoren figura, berak ere frankismoaren basakeria eta zentzugabekeria pairatu baitzituen eta erbestera atera behar izan baitzuen Gerra Zibilean eta diktaduran demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak defendatzeagatik.
Pablo Ezkurra Lizarrako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez “Fortunato Agirrek ekartzen digu gogora elkarrizketan eta elkar ulertzean oinarritutako politikagintza”, eta gogora ekarri du aho batez aukeratu zutela alkatetzarako, sentsibilitate ezberdinetako zinegotzien babesarekin, eta alkatetzatik egin zuen lanak lagundu ziola Lizarrako aurrerabide ekonomiko, sozial eta kulturalari” . “Utzi digun ondarea aldarrikatu behar dugu, bai eta bere bizitza gidatu zuten printzipioak ere: lana, gizalegea, zintzotasuna eta, batez ere, elkarrizketa. Ezberdinen artean ulertzea delako elkarbizitza eta demokrazia finkatzeko modurik onena”, adierazi du.
NBBren eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek bere aldetik azpimarratu du 90. urteurren honen esanahi berezia “iritsi da, gainera, olatu atzerakoi, faszista eta populistak inguratzen gaituen une batean”. Horren aurrean, Hualdek aldarrikatu du “EAJ-PNV eredua, Fortunato Agirre eta Manuel Irujo bezalako gizon eta emakumeena”.“Gure historian zehar ordezkari izan ditugun emakume eta gizon askok faszismoaren aldetik espetxea eta errepresioa baino ez zuten sufritu,abertzaleak zirelako. Haiek ditugu eredu eguneroko lan politikoa egiterako orduan. Anti-faszismo eredugarria eskaintzen digute. Anti-faszistak dira faszismoaren antitesia zirelako, intolerantziaren antitesia, indarkeriaren antitesia. Balore abertzaleak ordezkatzen zituzten, bai, baina guztiz humanista eta demokratikoak ere, argi eta garbi izanik asmo zuzen batek ez dituela sekula bide okerrak justifikatzen”, esan du.
Ion Gambra Memoria gaietarako burukide arduradunak bere aldetik azpimarratu du Fortunatoren erailketaren 90. urteurren honek lagundu beharko lukeela orduko gertakariak gogoratzeko “baina ez alderdi historikotik soilik” baizik eta gure aurretik izan zirenek defendatu zituzten ideiak balioesteko ere: “Herri honen askatasuna, demokrazia eta giza eskubideekiko errespetu garbia”. EBBren barruan Memoria gaietarako burukide arduraduna denak ildo beretik nabarmendu du garrantzi bizikoa dela Fortunato Agirrek berak eta milaka pertsonek garai historiko hartan pairatu zuten sufrimendutik ikasgai batzuk ateratzea, eta defendatu duenez “bereziki belaunaldi gazteenekin lan egin behar dugu memoriaren transmisioa ondo egiten dela bermatzeko eta kultura demokratikoan sakontzeko”.
Fortunato Agirre izan zen Lizarrako lehen alkate abertzalea, Lizarrako estatutu-batzarreko presidente eta Napar Buru Batzarreko burukide. Bere hiriko bizitza sozial eta kulturaleko eragile nagusienetako bat ere izan zen: Osasuna futbol taldearen, Izarra Kirol Klubaren eta Lizarrako Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen eta euskararen, kulturaren eta kirolaren defentsa- eta sustapen- lan mardula egin zuen. Erail zutenetik 90 urte geroago, EAJ-PNVk pertsona gisa eta politikari gisa egin zuen ibilbide oparoa ekarri du gogora, utzi digun ondarea eta memoria gordetzeko eta transmititzeko beharra nabarmenduz.