Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok taldeei eskatu die “gutxieneko akordio on bat” adostea eta, horri lotuta, etxebizitzaren inguruan “jarrera maximalistetatik” aldentzea: “Kontua ez da bakoitzak bere kontakizuna egitea, jendearen beharretara moldatu beharra dugulako”
28Irailak Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak gaur, astelehenarekin, ETB1en egin dioten elkarrizketan jorratu ditu Espainiako gobernua lantzen ari den etxebizitza dekretuaren inguruan egiten ari diren negoziaketak. Vaquerok azpimarratu duenez “kontua ez da bakoitzak bere kontakizuna egitea, jendearen beharretara moldatu behar dugulako”. Azpimarratu duenez “gutxieneko akordioa izanda ere, akordioa behar dugu, baina ona izan beharko du”.
Puntu honetan adierazi du Euskal Taldeak ondo ikusten duela “putre-funtsei mugak jartzea” eta maizterrei “segurtasun juridikoa ematea”, baina baita, berretsi du, jabe txikiei bermeak emanez ere. Kongresuko beste taldeei dagokienez, beto gurutzatuak kritikatu ditu “askotan, eduki kontuak baino, ideologikoak” izan ohi direlako. Hori gainditu beharra dugu”. “Gu prest gaude, baina jarrera maximalistetatik eta jarrera ideologizatuegietatik aldendu beharra dugu. Hitz egin eta akordioetara iritsi behar dugu, guztiz beharrezkoa delako eta jendea horixe eskatzen ari delako”.
Azaldu duenez, akordioak gutxieneko kontu batzuk jaso beharko ditu lege dekretu bat izango delako, hau da, zuzenketak sartzeko aukera eman gabe berretsi behar den araua delako, eta “porrota izango litzatekeelako orain edozer gauza onartzea hilabete barru onartuko ez dela jakinik”.
Edukiari dagokionez, berriz esan du Euskal Taldeak planteatu egin duela guztiei segurtasun juridikoa ematea, alokatzen dutenei zein etxebizitza alokatzeko jartzen dutenei, bereziki jabe txikiei”, Euskadin horiek direlako euren Etxea alokairuen merkatura ateratzen dutenak eta merkatura atera dezaketena. Ildo beretik azaldu duenez “ezinbestekoa da putre-funtsen aurrean neurri batzuk hartzea, mugak jartzea. Bada, arautu dezagun hori”.
Talde jeltzaleak hainbatetan planteatu du denboraldiko alokairua aratu beharra dagoela: “Azken finean, Etxebizitza Legeak hutsune hori utzi zuen eta horra bideratu dira denboraldiko alokairuak eta etxebizitza turistikoak”. Era berean, epe ertainean etxebizitza gehiago eraikitzera begira, Vaquerok aldarrikatu du “hirigintza-antolamenduari segurtasun juridikoa” eman beharra, eta horretarako beharrezko jo du “lurzoruaren legeari heltzea”.
“Gugatik ez da izango, negoziatzeko prest gaude. Gobernuak denok onartzeko moduko akordioa lortzerik ez badu, are frustrazio eta haserre handiagoa eragingo da herritarren artean”, amaitu du, eta gainerako taldeei eskatu die marra gorririk ezar ez dezatela, eta ziurtatu du dekretuarena gainditutakoan behar-beharrezkoa izango dela etxebizitzaren inguruan hitz egiten jarraitzea, baldin eta dekretua onartzen bada.
Euskadin, azaldu du, EAJ eta PSEren arteko akordioa lortu zen “Madrilen ere egin liteke, PSOEk eta ezkerreko alderdiek euren jarrerak hurbildu nahi badituzte”.