EAJ-PNV Euskadiko hiritargoaren aurrean aurkezten da Euskal Etxea zaintzeko eta babesteko klausula argiak dituen aseguru gisa

Gasteizen, kanpaina abiarazteko egin den ekitaldian, inguruan alderdikide eta alderdizale ugari izan dituztela, hautagai jeltzaleek, Aitor Esteban presidentearekin eta Imanol Pradales Lehendakariarekin, Madrilen Euskal Talde sendoa izatearen garrantzia aldarrikatu dute, euskal herritarron interesak defendatzera begira. Hala ziurtatu dute ez dutela jarriko “ez alfonbra gorririk ezta urdinik ere”

EAJ-PNV Euskadiko hiritargoaren aurrean aurkezten da Euskal Etxea zaintzeko eta babesteko klausula argiak dituen aseguru gisa 12Azaroak
AzaroaK 12 |
Kongresua

PARTEKATU

A-29ko Hauteskunde Orokorretarako kanpaina abiarazi du gaur EAJ-PNVk, eta egin du euskal hiritargoaren aurrean Euskal Etxea zaintzeko eta babesteko klausula argiak eskaintzen dituen asegurua dela aldarrikatuz. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek planteatu duen “Euskal Etxea zaintzeko poliza honek”, klausula argiak ditu eta ez du letra txikirik: “Gure autogobernua ezin da ukitu; eta Vox-ekin, ezer ere ez”. “Beti egin dugun moduan, ez gara inoren besoetan eroriko eta ez dugu beldurretik hitz egingo. Ez alfonbra gorririk ezta urdinik ere”, esan du Estebanek.

Talde jeltzaleak kanpaina hasteko ekitaldia egin du Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan elkartu dira hautagaiak, Euzkadi Buru Batzarreko burukideak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako erakundeetako ordezkariak, ekitaldira hurreratu diren ehunka alderdikide eta alderdizalerekin batera.

Estebanek bertan azaldu duenez “Euskal Taldea gara, gure erreferentzia Euskadi delako”. EBBren buruaren esanetan, edozein eztabaidaren aurrean, EAJ-PNVren lehen galdera betikoa izan ohi da: Euskadik zer behar du? Euskadirentzat zer da ona? Zer lortu behar dugu Euskadiren alde egiteko?. “Hori da Madrilen egoteko dugun modua. Gure ahots propioarekin. Inongo blokeren parte izan gabe. Gure interesak defendatzeko orduan baimenik eskatu beharrik izan gabe”, esan du. Hauteskundeei dagokienez, Estebanek deitoratu duenez “Moncloa lortzeko borroka baino ez da: PSOEren borroka da Moncloan geratzea. PPrena, berriz, sartzea. Eta, Bildurena, Moncloako argazkian sartzeko ilaran sartzea”.

“Hilaren 29an ezagutuko ditugu emaitzak. Baina niri, asko interesatzen zait 30a. Erabaki konplikatu bat hartu behar denean han nor izango den”, esan du Estebanek Madrilen Euskal Talde sendo bat izatearen garrantziari buruzko hainbat galdera egin aurretik: “Nor egongo da han Euskadiko Ekonomia Itunaz eztabaidatzeko, adosteko eta defentsa egiteko orduan. Nor egongo da enpresa batek konponbideren bat behar duenean. Nor egongo da inbertsio bat lortu behar denean. Nor egongo da eskuduntza bat negoziatu behar denean. Nor egongo da han euskal herria badela, izaten jarraitzen duela eta bere kabuz erabaki nahi duela esan behar denean. Zein egongo da han Euskadik ezer jokoan duenean”.

Ildo beretik, Lehendakariak ohartarazi du ez duela bere burua engainatzen hauteskundeetan jokoan dagoenaren aurrean. Horrela, Imanol Pradalesek adierazi du euskal gizartearentzat lehia ez dela nor izango den Moncloaren etorkizuneko maizterra, baizik eta garrantzitsuena dela euskal interesak benetan nork defendatuko dituen Madrilen. Izan ere, gogorarazi duenez, Diputatuen Kongresuan erabakitzen dira "egunerokotasunean eragiten diguten gauza asko eta asko", eta horiek dira "gure herri-eredua, gure etorkizuna, eraiki dugun Euskadi". Eta, defentsa horretarako, Lehendakariak dei egin du Madrilen euskal talde indartsu bat izatera, euskal erakundeekin eskuz esku lan egiteko, herritarrei zuzenean eragiten dieten gaietan, hala nola inflazioari aurre egiteko eta jendearen poltsikoa babesteko; etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko; migrazio ordenatua bermatzeko; enplegua eta industria-jarduera defendatzeko; autonomoei edo ETEei laguntzeko; pentsioak KPIarekin bermatzeko eta igotzeko; edo kaleetan segurtasun handiagoa izateko.

"Euskadin, Jaurlaritza eta euskal erakundeak egon behar dugunera gaude. Jendearen beharrei eta lehentasunei erantzuteko eta erantzuteko eskubidea. Herri hau urrats sendoz eraikitzen. Inor atzean utzi gabe", adierazi du. Azken batean, bizitzeko eta aurrera egiteko Euskal Etxea, behar duena zaindu eta hartuko duena, eta "erasotzen badiote, edonor dela ere" defendatuko dutena. "Lehentasun nazionalekoak, lehentasun sozialistakoak edo Espainiako Berreraikuntza Nazionalekoak. Jakin dezatela Madrilen, aurrean eta aurrez aurre izango gaituztela. Eta jakin dezatela ez diogula uko egingo herri gisa dagokigunari. Beti egin dugun bezala. Aurpegia ematen. Funtzionatzen duen eta funtzionatzen jarraituko duen Euskadiren bermerik onena garelako", gaineratu du.

Maribel Vaquerok Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, EAJren aldeko botoa aldarrikatu du Euskadirentzako oraingo eta etorkizunerako berme gisa “egungo horrenbesteko ziurgabetasunari aurre eginez”. “EAJk Euskadiri eskaintzen dio gure Euskal Etxea babesteko aseguru poliza bat, atzean utziko ez ditugun klausula bi dituen poliza bat. Hala azpimarratu du EAJ-PNVk ez duela “inola ere” babestuko PP eta Vox-ek osatutako gobernurik. Zentzu beretik zehaztu du poliza guztiekin gertatu ohi den bezala, EAJk aurkezten duen honek estaldurak argi baino argiago jasota dituela eta den-denak egitasmoan txertatuta daudela. Lehena da Euskadin bizi proiektu bat egin ahal izatea defendatzea; bigarrena, enplegurako bermeak; hirugarrena, lasaitasunaren, segurtasunaren eta gizarte kohesionatuaren aldeko hautua; laugarrena, ongizatearen eta zainketen babesa, pentsio duinekin eta pertsona zaurgarrrienak babestuz; eta, azkenik,  Euskaditik bertatik gure etorkizunari buruzko erabakiak guk geuk erabakitzeko eskubidearen defentsa”. Madrilen gertatzen dena gertatzen dela, Euskadik ahots propioa izango du bere interesak defendatzeko”, ziurtatu du Vaquerok.

Gorka Urtaranek, Kongresurako Arabako hautagaiak fokua jarri du EAJren agendan industriak daukan garrantzian “enplegu guztien ia laurden bat hartzen duelako eta gure BPGren %30a jartzen duelako”, eta garapen ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta soldata duinak uzten dituelako. Hala gogoratu du aurreko legealdian, Araban, bera Vitoria-Gasteizko Udalean zegoela eta Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, hiru erakundeek Mercedes lantegiarekin elkarlanean aritu zirela beren proiektu industriala finkatzen laguntzeko. “Erakundeen arteko lan partekatu hari esker eta gure lurraldeko ekosistema industrialari esker, multinazional alemanak  bertan inbertitzea erabaki zuen”. “1.000 milioi euro Gasteizko lantegian, beren negozio eredu berria ezartzeko eta furgoneta elektriko berria bertan eraikitzeko”. Horri esker, proiektua finkatu ahal izan zen eta, horrekin batera, Euskadiko industriaren etorkizunaren zati handi bat ere. Urtaranek adibide hori eman du EAJ-PNVk esparru honetan egiten duen apustua argi uzteko: “Hauxe da egin behar dugun bidea, euskal industria, kalitatezko enplegua, soldata duinak eta familien ongizatea defendatzeko”.

Idoia Sagastizabalek, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, bere aldetik azaldu du Madrilen Euskal Talde indartsua behar dela kontu asko badirelako, hala nola soldatak eta pentsioak, “hemen bizi baina Madrilen erabakitzen direnak”. “Bermatu egin behar dugu pentsioek beren erosahalmenari eutsiko diotela, pentsio baxuenak hobetzea, genero arrakala murriztea eta berrogei urte baino gehiagotan kotizatu dutenei ezartzen zaizkien penalizazio bidegabeak zuzentzea”, horregatik da hain garrantzitsua Madrilen “zer adosten den, zer lortzen den eta, batez ere Euskadiren interesak ondoen nork defendatzen ditue”. Sagastizabalek gogoratu duenez une honetan, gainera, etxebizitzari buruzko gaiak Madrilen erabakitzen dira “batzuek atea zabaldu dutelako estatuak erabaki ditzan zer politika aplikatuko diren. Hain zuzen ere, ate horretatik sartu ahal dira orain ultraeskuinekoek atzera egiteko dakartzaten politikak”.

Interesatu Zaitez